Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraNafar ErriberaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Nafar Erribera Argetas-Bardeak-Tutera-Kaskante-Fitero

EUSKAL BASAMORTUA Ibilbide honetarako abiapunturik egokiena Yugoko Andre Mariaren baseliza iruditzen zaigu, Argetas udalerrian, ibiltzera goazen Bardea Zuriaren ikuspegi zabala (eta oso ederra) bistaratu dezakegulako talaia honetatik. Adreiluzko XVII. mendeko tenpluari berari dagokionez, barruko erretaula barrokoa eta Ama Birjinaren XV. mendeko irudia aipa ditzakegu.

Ermitaren eskaileraren aurretik irteten den erdiko harrizko bidetxoa hartu, eta bidegurutzeetan ditugun monolito txikietako seinaleek lagundurik (derrigorrezko norabidean), 5 km-ren buruan Argetasen sartuko gara; herriko sarreran eskuinerantz doan errepidea hartuko dugu, Hernani Jatetxearen ondotik. San Esteban elizaren dorrea, Gotiko-Berpizkunde garai bitarteko XVI.eko nabe bakarreko eraikina, dugu herriko eraikinik adierazgarriena. 1700eko Udaletxea ere aipagarria da.

Tuterarako bidean jada, gasolindegi baten ondotik igaroko gara, eta handik 700 metrora, ezker aldetik, Bardeetan barneratuko gaituen bide asfaltatua ikusiko dugu (Tuteratik etorriz gero bakarrik dago seinalatua, eta beraz erne ibili). Handik 1,5 km-ra eskuin aldera jo (ezkerrera kooperatiba batera goaz), eta hortik aurrera beti zuzen.

Paisaia jada erdi basamortu bihurtu dela, ibilbidearen 15. km-an ilargi-itxurako paraje aluzinagarria erakutsiko digun mendi-lepo batetik igaroko gara. 4 km geroago Bardeen erdian dagoen base militarrera iritsiko gara. Hemendik aurrera base osoa biribil baten barruan inguratzen duen harrizko bidea hartuko dugu, basamortu honetako alderik basatienean sartuz. Berdin baldin bada ere, eskuin aldetik hasiko gara.

Inguruko gauzei lasai begira goazela (bideak ez du azkar joaten uzten) gero eta aluzinatuagoak geratuko gara, ilargi itxurako paisaia hori gero eta sinestezinagoa bihurtzen delako. Baseko sarreratik 9 km-ra Prallon aldea ikusten hasiko gara, eta ikusi orduko, EEBBetako Arizonako irudia etorriko zaigu burura.

Horren atarian, base militarretik 11,5 km-ra, eskuineko aldean, Santxikorrota lapurraren mitoa gogorarazten digun izen bereko lekua dago, Bardeetako ingururik ikusgarriena den balkoi naturalaren azpian. Igo zaitezte mendixka horretara eta ez zarete damutuko.

Aurrean ditugun Prallon eta Piskerra goi-lautada itxurako gainak, eta euren artean haizeak eta higadurak moldeatutako ildaskadun edo marradun mendixkatxo eta bailaratxo labirintikoen paraje irreala, denbora luzean grabatua geratuko zaizkizuen irudi harrigarri horietakoak dira.

Egindako bidera itzuliz, hortik aurrera ere horrelako forma bitxiak agertzen joango zaizkigu, zein baino zein ikusgarriagoa. Naturak sortutako eskultura hauen aurrean behin eta berriz aho zabalik geratuko zarete. Eta zer esanik ez, militarren basearen sarrerara iritsi baino 4 km lehenago, zuen aurrean estalitako tximinia moduko bat agertuko zaizuenean... 20 metro inguru altxatzen den “lurrezko gaztelu” honen aurrean higadurak ze nolako monumentuak sor ditzakeen konprenituko duzue. Aurrean, Bardeetako Artzainaren omenez egindako estatua polita topatuko duzue.

TUTERA ALDEA

Base militarrari jira osoa egin ondoren (guztira 26 km), Arguedasetik ekarri dugun bidetik itzuliz, errepide nagusia ezkerralderantz hartuko dugu, eta handik 10 bat km-tara Erriberako hiriburua ikusten hasiko gara.

Ibilbidearen 69. km-an Tuteran sartuko gara, Ebroren gaineko zubi luzetik eta edozeren gainetik katedralaren silueta nabarmentzen dela. Hiria bera, “Nafarroako baratza” ere deitua, bertako baratze-produktu ospetsuengatik, hainbat kulturen arteko mestizaiaren emaitza denez, bere alde zahar labirintikoaren inguruan batik bat sekulako monumentu bilduma erakutsiko digu (agian Euskal Herri osoko plazarik ederrena ere bai).

Hirian bertan Zaragoza Etorbidea, eta hortik aurrera, Soria-Tarazona bidea hartuko dugu. Hiritik ateratzean berriz, lehendabizi Zaragozarantz, segituan Tarazonarantz, eta berehala, Ablitas-Aerodromo bidetik zuzenduko ditugu gure urratsak. Kilometro gutxitan bidegurutze askotxo dago eta Ablitaserako bide zuzena hartzeko oso erne egon behar da.

Herrira hurbilduz, paisaiak hain lehorra izateari utziko dio, eta Ablitas bera (XVI. mendeko Maria Magdalenaren Parrokia eta XIII. mendeko gazteluaren hondakinak) Kaskantera bidean zeharkatu ostean, 500 metrotara Lor izeneko aintzira inguratzen hasiko gara, pixka bat geroago bere aparkalekura iritsiz. Berau inguratzen duen bizpahiru kilometroko bidexka atseginetik paseatuz gero, lakutxoa populatzen duten ur-hegazti ugari eta uraren beraren gainetik “sortzen” diren arbola ikusgarriak ikusteko parada izango dugu.

Errepide lauan berehala ikusiko dugu Kaskanteko silueta, lehenbizi Tuterako bidea eta gero Zentroniko eta Fiterorako bidea hartuz zeharkatuko duguna. Erromatar garaiko herri honetan, Jasokunde (XVI. m.), Victoria (XVI-XVIII. m.) eta Romero (XVII. m.) elizak ikus ditzakegu. Azken honetara 39 arku dituen galeria barroko eta oso ikusgarri batetik igo behar da. Gainera, begiratoki ederra da.

Zuzenean Fiteroraino eramango gaituen errepide laua erdi desertikoa da, eta oso lehor eta bakarti (noizbehinkako bordaren bat kenduta) ageri zaigu berriz ere, hasieran beste lakutxo artifizial bat ikusten badugu ere. Azkenik, Nava Urtegia pasatu eta errepide nagusia eskuin-ezkerrera zeharkatu ostean, kilometro gutxitara (Kaskantetik 19 km) Fiteron sartuko gara.

Muga-hiri garrantzitsu izandako honetan, 1140ko Santa Maria la Real Monasterioa nabarmentzen da, zistertarren lehena penintsulan; bertan atalde erromanikoa, klaustro platereskoa, girolako burua, eta gurutzeria eta izarreko sabaiak azpimarra ditzakegu. Ibilbidea ezin hobeto bukatzeko, onena Fiteroko Bainuetxe ospetsuetara abiatzea izan daiteke, herritik ezkerretarantz (Errioxarantz) 4 km-tara.

Orrialde nagusiraNafar ErriberaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403