Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraZuberoaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Zuberoa Maule-Ospitale-Pia-Eskiula-Atharratze
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Argazkiak Argazkiak

Nola iritsi DONAPALEU-MAULE

DONAPALEUKO (SAINT PALAIS) ERDIALDEAN hasiko gara. Hau Nafarroa Behereko herririk populatuena dugu eta Erdi Aroan gaur baino garrantzi handiagoa izan zuen, Nafar Gortearen egoitza izan baitzen. Nafarroako txanpon ofiziala ere bertan ekoizten zen 1351z geroztik. Herriko Etxearen barruko etxartean Nafarroa Beherea eta Santiago Bidearen Museoa dago (urte osoan zabalik -udan igande goizak ere bai-, 9:30-12:30 eta 14:30-18:30 ordutegiarekin); helduen sarrera 15 libera.

Rue du Palais de Justice-n Txanpon Fabrika zaharra eta Erdi Aroko St. Paul eliza ditugu. Honen aurrean XVI.-XVII.eko Erdoiren Etxea, Nafarroako Errege-erreginak karikaturarizatzen dituzten medailoiekin. Pixka bat aurrerago Errege-Etxea (Maison du Roi) eta espetxea ditugu. Edonondik St. Madalein eliza neogotikoaren kanpandorre lerdena ikusiko dugu.

Maulerako bidean Behazkane, jada Zuberoan Domintxine (frontoi, Herriko Etxe eta batik bat elizak sortutako osotasun ederra), Etxarri (XIX.eko Berpizkundeko Jauregia) eta Arče (XVIII.eko Joantho-ren Jauregia) herrixketatik pasako gara.

Azken bi hauen inguruan dagoeneko baserrien itxuraldaketa nabaria da, tonu gorriek urdinei utzi baitiete lekua. Paisajea ere ezberdina da; landaretza handia ikus dezakegu, baso txiki baina itxiak, fauna zabala duen uharkaren bat...

Sarrikota-Pian (Charritte-de-Bas) Sarrikotako jauregia nabarmenduko dugu, eta erdialdean Zuberoako beste ezaugarri bat, eliza trinitaria, alegia. Undčreinen eliza ederra bisitatuko dugu. Zintzilikako arbelezko kanpandorrea, ate gotikoa eta 1661eko hilarri diskoidala ditu. Bildoze-Omizepian (Viodos-Abense-de-Bas) berriz, beste eliza hirukoiztar bat eta Dalgalarrondo makila lantegia ditugu.

24. kilometroan Mauleko enparantzara helduko gara. Maule Zuberoako hiriburua da, baina Frantziako Iraultza izan arte foru propioa zuen. Protestantismoarekin eta Matalas iraultzaile-abertzalearekin ere lotua dago eta bizi izandako gorabeheren ondorioz ondare historiko-artistiko zabala du.

Zer ikusi

MAULE
Maule-Lextarre Zuberoa xarmangarriaren hiriburua da, Euskal Herriko ekialdeko hiriburutxo atsegina. Muinoz inguratua, Uhaitzandi ibaiak zeharkatua, bere gaztelu zaharrak dominatua, hiri txiki eta lasai honek zuberotarren pertsona, etxe eta inguruetako izaera berezia islatzen du.

HISTORIA

Berari buruzko lehenengo berriak XI. mende hasierakoak dira, Akitaniako Bizkonderriaren menpe bizi zenean, baina izena erromatarren garaitik datorrela diotenak ere badira. Gaurko izenarekin ofizialki XII. mendean fundatu ostean, Akitaniako Dukearen, ingelesen eta Gaston IV.aren menpe bizi izan zen, hiriak 1469an askatasuna lortu arte.

Une horretatik Frantziako Iraultzara arte foru propio batekin biziko zen, Zuberoako jurisdikzioan parte hartu gabe. Tartean Matalas iraultzaile eta abertzalearen matxinada Frantziako Monarkiaren aurka, hiriaren suntsipena eta Matalas beraren exekuzioa ezagutu zituen (1661). Historikoki Maule burges, kapitalista eta protestanteen gordeleku ere izanda da.

IKUSTEKOAK

Hiria bisitatzeko abiapunturik onena erdi-erdian dagoen itzelezko pilotaleku-enparantza da. Plaza honetan hiriko eraikinik garrantzitsuenak ditugu ikusgai.

Iparraldean, Xiberoko Botza irrati euskaldunaren lokala dugu, eta pixka bat honantzago Turismo Bulegoa. Laukizuzenaren hegoaldean XVIII. mendeko Herriko Etxe (antzinako Montreal Hotela) dotore eta bere gaineko (atzeko mendian) Gazteluaren ikuspegi ederra.

Azkenik, laukizuzenaren azken aldean Andurain-Mayte Jauregi galanta. Zuberoako jauretxerik ederrenetakoa den hau XVII. mendean eraiki zen, Olorongo Apezpiku eta Kontraerreformaren gidarietako bat izan zen Arnaud Maite zuberotarraren aginduz. Berpizkundeko aurrealdearen barruan Harrera gela, Apezpikuaren Gela, urte horietako liburuak dituen Liburutegia eta Teilatondoa. Bisitak: uztailak 1-irailak 20, 11:00-12:00 eta 15:00-18:00 artean, ostegun, igande eta jaiegun goizetan ezik. Sarrera helduentzat 25 libera, umeentzat 12 libera.

Plazaldea ikusi ostean, Pasteur Zubitik Uhaitzandi ibaia igaroko dugu. Ibai honen ikuspegi ederrago bat ikusi nahi baduzue hartu ezkerrera Victor Hugo merkatal karrika, hurrengo parke-zubiraino. Hemen Agustin Xaho karrikatik Azoka Plazaraino (Place du March-) igo gaitezke. Erdi Aroko Hiriaren erdian gaude, gorago dagoen Andra Mariren eliza trinitariak menperatuta.

Eliza hau Gaztelutik oso gertu dugu. Gotorleku hau Zuberoako Bizkondearena izan zen, baina bere kokapen estrategikoagatik ejertzito askok menpean eduki nahi izan dute. 1642an suntsitu eta geroago berreraikia, bere egitura XIV.-XV.ekoa da, eta bertatik Maule hiriko eta inguruko ikustaldi izugarriaz goza dezakegu. Zabalik: maiatzaren 1etik ekainaren 15a arte asteburuetan; hortik irailak 15a arte egunero, 11:00-12:30 eta 15:00-19:00 ordutegietan. Irailaren bigarren erdian asteburuetan ere bai. Sarrera helduentzat eta gaztetxoentzat 15 libera.

Azkenik, Mauleko bisitaldia bukatzeko, berriz ere ibairaino jaitsi eta oraingoan beste aldera eginez (ezkerrera), Berrauteko Kapera eta Hilerrira iritsi gaitezke. Eraikin erlijioso hau XI. mendean altxatutakoa da, Santiago Bideko erromesek hala eskaturik.

Herrialdea:
Altitudea:
Biztanleak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Zuberoa
141 m.
3.633
13 km2
284 bizt./km2
Herriko jaiak (Uztailak 14-18)

 

 

 

Argazkiak


Etxarri inguruan honako uharka hau


Mauleko enparantza zabala gordez gotorlekua ikus dezakegu.


Gotorlekutik Mauleko bista orokorraz goza dezakegu.

Orrialde nagusiraZuberoaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403