Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraZuberoako haizpitarteakNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Zuberoako haizpitarteak Aharratze-Kakueta-Santa Grazi-Holtzarte-Larrañe-Irati
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak

Nola iritsi ATHARRATZE-SANTA GRAZI

ATHARRATZEKO ENPARANTZATIK hegoalderantz abiatuko gara, eta 6. eta 7. kilometro inguruan Atherei eta Ligi auzoak pasatuko ditugu, bata bestearen atzetik. Biek batera, Ligi-Atherei udalerria osatzen dute. Herria kokatuta dagoen harana ur azkarrek zeharkatzen dute, eta ezaugarri horrek egokia bihurtzen du kanoan ibili edo amuarrainak harrapatzeko.

Hiru km geroago errotonda bat aurkituko dugu. Oraingoan ezkerrerantz joko dugu, Santa Grazirako bidean, nahiz eta gero itzultzean hemendik bertatik Larrañera hartuko dugun.

PIRINIOETAKO ZINTZURRAK Hemendik aurrera, Pirinioetara gerturatu ahala, paisaia gero eta ederragoa bihurtuko zaigu, eta zenbait lekutan mendi eta errekatxoek “postalak” sortuko dituzte.

Lauzpabost km-tara Santa Graziko Ezpondaburu auzoa zeharkatuko dugu, lehenbizikoa, herri hau zenbait gunetan sakabanaturik baitago. Handik gutxira, Herriko Etxea eta eskola ikusiko ditugu, dagoeneko Caserne auzunean.

Beste 4 km egin eta Kakuetako aparkalekuetara ailegatuko gara. Sarrera eta ibilbide osoa edonork egiteko moduan prestatuak daude (nahi bada segurtasunezko kaskoa ere har daiteke), eta beraz ez dago bertara ez sartzeko aitzakiarik. Gure herria ezagutzeko ezinbesteko geldialdia dugu.

Geroxeago, Santa Graziko erdigunea edo, behintzat, etxe-multzorik handiena topatuko dugu, baina gure helmuga elizaldea denez, beste kilometro batez aurrera jarraituko dugu. Azkenik, tenplua bera eta bere inguruko etxeek osatzen duten Santa Graziko elizaldetxo pintoreskoan aurkituko gara.

Hemendik, nahi izanez gero, Gite d´etape edo aterpetxean bideari buruzko informazioa jaso ondoren Ehujarreko arroilera abiatu gaitezke oinez. Haizpitarte harrigarri honetako hormak alde batzuetan 400 metroko altuerara iristen direla esan behar dugu.

Zer ikusi

KAKUETAKO ARROILAK

Naturak Zuberoari eman dizkion altxorren artean, ezinbestean azpimarratu behar ditugu bertako mendi-zintzurrak, eta hauen artean ezagunenak, Kakuetakoak.

Uhaitza ibaiak zeharkatzen duen haizpitarte hau sinestezinezko parajea dugu: pare bat kilometrotan zehar, altueran 350 metroraino iristen diren eta leku batzuetan elkarrengandik 3 metrora besterik ez dauden bi horma natural.

Gainera, Pirinioetako lekurik basatien eta zoragarrienetako den arroila hau turismorako prestaturik dago, eta horrela bidezidor, helduleku, zubitxo eta abar luze batez lagundurik, edozeinek du paseo zoragarri hau egiteko aukera. Halere, eguzkiaren izpiak kostata sartzen diren pareta hauen arteko lehen espedizio zientifikoek mende honen hasiera arte itxoin behar izan zuten.

IBILBIDEA

Santa Grazi herrira iritsi aurretik dugu arroilerako sarrera. Bertan sarrerak saltzen dituzten kafetegia dugu (helduek 25 libera eta umeek 22). Sarreran bertan, segurtasun-neurriak zorroztu nahi izanez gero (ez da derrigorrezkoa) kasko urdin ugarietako batzuk ere har ditzakezue. Gero, ibilbidean zehar, larrialdi-deiak egiteko aparailuak ere badaude, badaezpada. Bideak ez du inongo zailtasunik, baina horrelako neurriak ondo daude badaezpada.

Haizpitartean sartu aurretik, lakutxo bat utziko dugu eskuinaldean, eta berehala, haizpitartean barrena sartuko gara (ibilbide osoa ondo seinalatuta dago). Sartzen garen unetik bertatik, gero eta txundituago geratuko gara, errekaren albotik doan bide lauaren bi aldeetan horma miresgarriek ikuskizun apartak erakutsiko dizkigutelako, bata bestearen atzetik. Leku batzuetan zerua doi-doi ikusten den horma erraldoi eta orlegi hauen artean, ur-jauzitxo ederrak behatzeko aukera izango dugu tarteka, zein baino zein zoragarriagoa.

Argazkiak egiteko aukera baduzue, hobe duzue lehenago ibilbide osoa egin eta itzuleran egitea, bestela konturatu aurretik karretea amaituko zaizuelako. Halaber, kontuan hartu leku heze honetan argi gutxi sartzen dela eta agian hiruoineko bat ere beharko duzuela.

Azkenik, ibilbidea bukatzeko oraindik nondik sortzen den ez dakiten eta zuzenean hormatik irteten den ur-jauzi handi eta ikusgarri batera iritsiko zarete. Metro batzuk aurrerago amaitzen da bidea, estalagmita eta estalaktita harrigarriak dauden Aintzirako Harpean hain zuzen. Hortik aurrera bidea zeharo zailtzen da eta espezialistentzat bakarrik gomendatzen da. Beste guztiontzat onena bide beretik itzultzea da.

Arroilen egutegia eta ordutegia: Egunero martxoaren 15a eta azaroaren 15a bitartean, goizeko 8etatik iluntzeraino. Azkenik, hiru bat orduko joan-etorrirako kontuan hartu oinetako erosoak eramatea.

SANTA GRAZI

Euskal Herriko ekialdeko azken ertzean galdurik, artzain-herrixka sakabanatu hau xiberotarren xarma ongien gordetzen duten horietakoa da. Mendiartean 630 metrotan kokatua, bere izena III. mendean Iruñean sekulako martirioak jasan zituen Santa Graziana hispaniar noblearengandik datorkio.

Bestalde, Santa Grazi, historikoki, Zuberoa eta Nafarroako Erronkariren arteko pasabiderik zaharrenetakoa izan da, Santiagoko Bidearen zati izateaz gain. Horren froga, eta baita herrixkaren arima ere, 1085eko eliza erromanikoa da. Leireko Monasterioaren aginduz erromesentzako ospitale gisa eraikia, atzeko mendixken aurrean solemnitate handiko itxura islatzen du, hainbeste mendetan zehar inguru bakarti hauetako errege izan denaren solemnitatea alegia.

Itxura bitxia duen eliza honen arkitektura (alde batean bi teilatuko kanpandorre garaia eta alboan teilatu maldatsu eta bakarra duela) inguruko etxeetakoekin bat eginik dago, osotasun ederra eratuz. Barrualdea hiru barneluzegotan banatua dago, eta aldarearen inguruko kapitel polikromatuak nabarmentzen dira bereziki, Bibliako pasarteak irudikatzen dituztenak.

Elizaren alboan hilerri interesgarria daukagu. Bertan, elizaren ataldearen alboan, hilarri diskoidal zaharren artean landutako gurutze eder bat aurkituko dugu. Azkenik, elizaldearen ondo-ondotik Ehujarreko Arroilara eramango gaituen bidezidorra abiatzen da.

Argazkiak


Kakueta


Santa Grazira bidean

Orrialde nagusiraZuberoako haizpitarteakNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403