MAULETIK OLORUERAKO BIDEA HARTUZ,
segituan Sohüta dugu. Bere gazteluaren inguruan Frantziako
erregearen gudarosteek Matalas eta zuberotar eskubideen aldeko 400dik
gora (Matalas bera barne) gudari erail zituzten.
4 kilometrotara Uhalten ezkerrera eginez, "postaleko" paisaje zoragarriak
zeharkatzen hasiko gara, zuhaitz pila eta landaretza zabalaren artean.
Tarteka-marteka ohiko xiberotar teilatu urdindun baserri eta bordak
ikusiko ditugu.
Bidegurutzetik 8 kilometrotara Ospitale-Pia (L-H-pital-St. Blaise)
dugu. Eliza erromaniko-bizantiar harrigarria Santiago Bidearen etapa
garrantzitsua zen. XII.ean eraikia, gurutze grekoan, eragin hispaniar-arabiarrak
ditu, kanpandorre oktogonalari eusten dion izar itxurako kupulan,
mudejar estiloko leihoetan, arku polilobulatuetan, sarrerako kapiteletan...
perla artistiko bakarra bihurtuz.
Berriz ere bidegurutzean, orain ezkerrera Barkoxerantz joko dugu.
Gero eta paisaje ikusgarriagoak begiratzen joango gara, eta 7-8
kilometrotara bailaretako eta Pirinioetako ikuspegi ederra izango
dugu. Kilometro bat gehiago eginda ikusiko duguna Barkoxe kokatzen
den bailara polita izango da. Herri lasai honetan Pierre Topet "Etxahun"
(1786-1862) bertsolari-idazle handia jaio zen. Bere olerkiak herriaren
ahozko tradizioari esker gorde dira, bere sendiak hiltzean idatzitako
koaderno guztiak erre zituelako.
Oloruerako errepidea segitzen badugu, 7 kilometrotara Euskal Herritik
kanpo, Frantziako Biarnon dagoen herrira helduko gara, Eskiulara.
ZUBEROAN ELIZAK ERE BEREZIAK Berriz
ere Maulera itzulirik, orain Atharratzerantz joko dugu. Lehenbizi
Irabarne-Libarrenxetik (eliza hirukoiztarra eta jauregi bat) igaroz.
Gotañek eliza hirukoiztar oso ospetsua du. Berau marko zuridun
leihoak eta paretetan landareak dituen etxe baten aurreko bidegurutzean
ezkerrera egina dago. Zuberoako eliza berezi hauen harrizko aurrealdea
kalbario-kanpandorre hirukoitz batek errematatu ohi du. Erdiko tontorra
beste biak baino altuagoa denez, Kalbarioa adierazten duela uste
da: Jesus eta bi lapurrak gurutzeetan.
Mendikota (Menditte) herrixka politera iristeko errepidea pixka
batean utziko dugu, eta berriz itzultzean Zalgizetik (Sauguis) pasako
gara. Iruri (Trois-Villes), berriz, bi pertsonaia historikoren jatorria
da. Pierre Bordazaharre "Etxahun" (1908-1979) konposagile, olerkari
eta idazlea pastoral mordoaren egilea izan zen, eta "Agur Zuberoa"
kanta ere berea da. Jean de Pyrer Tr-ville-ko Kondeak berriz, Matalas
zuberotarraren altxamendua eragin zuen, eta Alejandro Dumas-en "Hiru
Mosketeroak" liburuan aipatzen da.
Laster Atharratzen gaude, Zuberoako bigarren gunean. Etorri garen
moduan Atharratzeko plazako ezkerreko ertzetik sartu, eta 20 metrora
berriz ezkerrera eta gorantz hasiko gara. Hemendik aurrera, seinale
ugariak jarraituz, bide estu batek Sustaineko lepotik pasatu eta
Madalengo bista zoragarrietara garamatza.

|