Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraArabako ErrioxaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Arabako Errioxa Urizaharra-Biasteri-Asa-La Puebla de Labarka-Eltziego-Samaniego-Bastida

BIASTERI

Biasteri, Arabako Errioxako mahasti-eremuaren hiriburua da. Gotorlekuaren itxura du, ondo kontserbatutako harresi, dorre eta sarrera-arkuak dituela. Musulmanei aurre egiteko X. mendeko gaztelu bat izan zuen sorburu, eta Nafarroako Erresumaren defentsa-toki eta Errege-erreginen egoitza izan zen.

IKUSTEKOAK

Erdi Aroko hirigune osoa Monumentu Nazionala da, eta monumentuak eta bitxikeriak han eta hemen ageri dira.

Ibilbidea XV. mendeko Harategi edo Sarrera Berritik hasiko dugu. Bertan Turismo Bulegoa dugu. Aurrean XVI. mendeko Antzinako Udaletxea dugu, Karlos V.aren armarri inperiala duela. Arkuaren ondoan makila, makila erdia, teila eta adreiluaren neurriak markaturik daude, merkatarien gehiegikeriak kontrolatzearren.

Eskuinetara joz, Santa Engracia kalean zehar jadanik lehenbiziko monumentu eta jauretxeak ikusten hasiko gara. Amaieran, ezkerretara, Biasteriko perla dugu: Errege-erreginen Santa Maria Eliza. Hondakin erromanikoen gainean eraikia, Berpizkundeko elementuak dituen tenplu gotikoa dugu berau. Batez ere, Birjinaren irudia duen XIV. mendeko atalde polikromatu gotikoa da nabarmentzekoa, estatu espainiarrean geratzen den bakarra baita (horretarako kanpoaldean XVI. mendean egindako beste atalde batek lagundu dio). Barruan Berpizkunde-barroko garai bitarteko erretaula nagusia eta gurutzeriako beste bi erretaula barroko aurkituko ditugu.

Tenplu aurreko Kale Nagusia hiria bisitatzeko bigarren arrazoi nagusia izan daiteke, jauregi eta monumentuz josia dagoelako. Kale honetan edozein etxek dauka ikustea merezi duen bitxikeriaren bat. Ohar zaitezte 28. zenbakian bereziki, bertan Samaniego fabula-kontatzailea jaio baitzen, baina esan bezala denek daukate zer erakutsia.

Eskuineko Paganoen Kaletik itzuliko gara. 36. zenbakian XIV.eko “Casa de la Primicia” aurkituko duzue, hiriko eraikinik zaharrena. Bertan zergak biltzen ziren. Eliza inguratuz Santa Engraziko Sarreratik irten eta harresiak kanpoaldetik ikusteko aukera izango dugu, “Paseo del Collado” delakotik. Honen amaieran Samaniegori eskainitako monumentua dago.

Azkenik, jarduera nagusia ardogintza duen inguru honetan hainbat upelategi bisita daitezke. Turismo Bulegoan galdetu.

Herrialdea
Gazteizera
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
Araba
64
635 m.
1.421
%6
81 km2
18 bizt./km2
San Blas (otsailak 3)
San Juan eta San Pedro (ekainak 23-29)

 

 

 

 

 

LA HOYA HERRIXKA

Historiaurreko aztarnategi hau (bertara iristeko ikus ibilbidea) 1935ean aurkitu zuten, eta gaur egun oraindik aztertzen ari dira, garrantzi handiko herrixka baten aztarnak agerian utziz, 40.000 m2 eta K.a. 1.500 urte ingurukoa. Bertan herrixkaren maketa eta museoa ditugu. Ordutegiak: Maiatzetik urrira arte, asteartetik ostiralera, 11-14 eta 16-20, gehi larunbatean, 11-15 (igande eta jaietan, 10-14). Bestela, 11-15 (10-14).

SORGINAREN TXABOLA TRIKUHARRIA

Bilar inguruan (ikus ibilbidea) Euskal Herriko trikuharririk garrantzitsuenetako hau dugu. Gela zortzi harlauza handik osatzen dute (batek altueran hiru metro, zabaleran bi eta lodieran 40 zm. neurtzen du), eta hauei estalkiarenak eta iraganbidea markatzen dutenak gehitu behar dizkiegu.

Orrialde nagusiraArabako ErrioxaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403