Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraArabako ErrioxaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Arabako Errioxa Urizaharra-Biasteri-Asa-La Puebla de Labarka-Eltziego-Samaniego-Bastida
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak

Nola iritsi

Urizaharra (Peñacerrada) ibilbide honetarako abiapunturik egokiena izan daiteke, oraindik Errioxaren eraginpean ez badago ere (Arabako mendialdean kokatzen da), horixe delako bertaratzeko “ate” nagusia. Ateez ari garenez, Gaztela eta Nafarroako erresumen artean egoteagatik harresiz inguratu zuten herri honetan, gauzarik erakargarriena gotorlekuaren sarrera nagusia da: bi dorre handiren arteko harresi-zati estua, goian balkoi moduko bat eta behealdean arku bakarra duela. Horrez gain, Jasokundeko Ama Birjinaren Eliza gotiko berantiarra (erretaula platereskoduna) ere aipa dezakegu.

ERRIOXAKO BALKOI NATURALA

Biasterirako (Laguardia) bidean, Toloño Mendilerroa zeharkatzen dugun bitartean, panoramika politak ikusten hasiko gara berehala, 8. km-an Herrera Mendatera iritsi arte. Mendate honexek hain zuzen banatzen (edo lotzen) ditu Arabako Mendialdea eta Errioxa, eta beste kilometro bat besterik ez dugu egin beharko paisaiaren aldaketa bortitz horretaz konturatzeko.

Puntu horretan (eskuinean) hain zuzen gure geografiak eskaini dezakeen begiratokirik bikain eta harrigarrienetako bat aurkituko dugu: Errioxako Balkoia. Gure aurrean, behean, marroi koloreko Gaztelako lautada amaiezina ageri da, tarteka ikusten diren mendixkako herriek soilik zipriztindua. Bista benetan harrigarria da. Biasterirako jaitsieran, atzean uzten ari garen Toloño Mendizerra arrokatsuak ikusgarriki agurtzen gaitu; are ikusgarriago laster ezkerrerantz hartu eta bere ondotik goazen tarte horretan.

BIASTERI INGURUKO TRIKUHARRIAK

16,5. km-an El Sotillo Trikuharri neolitikora hurbiltzeko bidegurutzea ageri zaigu eskuinetara. Beste bi aldiz eskuinetara egin ondoren, laster ikusiko dugu berau. Errepidera berriro itzulita, 20. km-rako Biasteri (Laguardia)ko sarreraren aurrean aurkituko gara. Bertan, ezker aldetik, geroago hartuko dugun La Hoya-Elvillar errepidea abiatzen da. Gu momentuz Errioxa eskualdearen hiriburuko erdigune harresitsuan sartuko gara, ondare historiko-artistikoa bikaina bisitatzeko asmoz.

Aipatu berri dugun bidegurutzera itzuli eta eskuineko errepidea hartu ostean, ondo seinalatutako bidetxoari jarraikiz, La Hoya Hiri historiaurrekora iritsiko gara, gure arbasoen bizimodua ikusteko gune interesgarria izanik.

Berriz ere hasierako bidegurutzera itzuliz, ezkerreko aldetik Bilarrera joko dugu, baina 500 metro lehenago ezkerrera desbideratuko gara, seinaleei jarraikiz Sorginaren Txabola Trikuharri ikusgarrira heltzeko asmoz. Bilar herrian bertan Jasokundeko eliza ikusgarria (XVI.ekoa, elementu erromanikoz osatua) eta Indianoaren Etxe barrokoa bisitatu ostean, hegoalderantz Asa-Logroñora abiatuko gara, eremu hauen irudi adierazgarriak diren mahastien artera.

EBRO IBAIAREN EZKERREKO URBAZTERREAN ZEHAR

38. kilometroan errepide nagusiago batera iritsi eta ezkerretara eginez gero, laster Asa zeharkatuko dugu, antza denez jatorri erromatarra duen herria. Pixka bat aurrerago errepidea utzi eta mahastien artean gidatuz Ebro ibaiaren gainean ikusiko dugun Mantible Zubiak frogatuko luke, nolabait ere, historiak erakusten duena baino garrantzi handiagoa izan zuela herri honek antzina.

Hobe esanda haren hondarrak, jatorrian zituen zazpi begietatik bi besterik geratzen ez direlako onik, bakoitza alde banatara. Erromatarrek (II. m.) kalitate oneko harrian eginikoa da. Gaur, erdiko begia gabe, bi zubi ikusgarri direla dirudi.

Atzera eginez, Asa zeharkatuko dugu, eta oraingoan, pare bat bidegurutze zuzen pasatu ondoren, hirugarrenean ezkerretara joko dugu, 5. km. aurrerago La Puebla de Labarka gure bistapean geratu arte. 50. km-an, Ebro ibaiaren gaineko balkoi-herri polit honetan sartuko gara, errepidetik zuzen-zuzen erdiguneraino.

La Puebla Biasteriko auzunea izan zen lehenbizi, bertako merkataritzarentzat Ebroren gaineko pasabidea (txalupaz, izenak dioen moduan). Gaur egun, herri polit honek ardogintzan dihardu, nola ez, eta bertako monumentu nagusia Jasokundeko Eliza da.

Erdigunetik gora eta ezkerretarantz eginez, herriaren goiko partetik irtengo gara, mahastiak nagusitzen diren paisaia lehor samarraren artean bide batek El-tziegorantz hurbiltzen gaituela. Bertako sarreran lehenbizi eskuinetara eta gero ezkerretara egin beharko dugu, Mainueta (Baños de Ebro) norabidean erdigunetik pasatuko baikara. Gero, herritik irteteko, Samaniegora zuzen doan bidea hartuko dugu.

Oro har, Eltziegoko alde zahar osoa ederra dela esan genezake, baina zerbait nabarmentzekotan, arrosez (garaia denean) ederki apaindutako Plaza dugu: bertan, Plazako Andre Mariaren Baseliza eta Udaletxe armarriduna aurkitzen ditugu, eta bertatik, Ipar eta Itsasontzi kaleak irteten dira, hots, herriko eraikinik ederrenak erakusten dituzten karrikak. San Andres Parrokia Berpizkundeko tenplu ederra da (XVI. m.), eta bi dorre ezberdin, ataurre gaineko arku beheratuak, erliebedun gailurreria eta XVIII. mendeko erretaula barrokoa ditu.

Esandako moduan, Samaniegora doan bidean, lehendabizi Uriona (Villabuena de Alava) ondotik pasatuko gara, eta bizpahiru kilometro egin ostean, jada Samaniego bera ikusten hasiko gara, Toloño mendilerroaren azpian indar handiz nabarmentzen den eliz dorre handia ikusgai dugula. XVII. mendeko Jasokundeko Eliza lehenago gotorleku izandakoa dugu (ezagun du). Oro har, erdigune osoak bere horretan eutsi dio gotorleku-kutsu horri.

Errepidera itzuliz, Gasteizerako bidean jada, laster Errioxan sartuko gara lehenbiziko aldiz (ez da azkena izango, ibilbidea muga ondotik doalako), eta horrela Abalos zeharkatu eta aurrerago San Vicente de la Sonsierra herri ikusgarriaren ondotik pasatuko gara (muino baten gainean gotorleku gisa kokatua), beti ere Briñaserako bidean.

Errioxan zehar dozena bat kilometro egin ostean, berriz ere Araban sartu eta Bastida herri monumentalean barneratuko gara. 1200. urte arte Nafarroako Erresumakoa izana, gotorleku garrantzitsua izan genuen antzina. Horren lekuko dira Larrazuria Arkua, gazteluaren hondakinak eta jauretxe guztiak. Halaber, gotorleku itxurako Santo Cristo baseliza erromaniko-gotikoa, Jasokundeko eliza (XVI.-XVIII. m.), eta XVIII. mendeko greko-erromatar estiloko Udaletxe ederra.

Gasteizerako norabidean aurrera eginez, Toloñoko haitz-katea inoiz baino gehiago gure gainean dugula, berriz ere Errioxan sartuko gara, Briñasen hain zuzen ere. Zeharkatu eta berehala, eskuinetara Gasteizera doan errepide nagusia hartuko dugu. Laster, Conchas de Haro izeneko haizpitarte ikusgarritik (Nafarroako Irurtzun aldeko Biaizperen antzeko bi haitz izugarrien artetik) igaroko gara. Handik kilometro eta erdira berriz eskuinetara egiten badugu, Buradon-Gatzagaraino (Salinillas de Buradón) eramango gaituen bidea hartuko dugu.

200. metro aurrerago ezkerretara jo beharko dugu (bestela Logroñora goaz-eta), eta erdigunean bertan sartzeko (duen kokapenagatik), herriaren bestalderaino joan beharko dugu, azkenik erdi aroko sarrerara iritsiz.

Herritxo maitagarri hau, bere kokapen estrategikoaren ondorioz, harresiz inguratua dago, eta erdi aroan zeukan egitura berbera gordetzen du gaur egun ere. Izena ematen dioten gatzagak XIX. mendean bertan behera geratu ziren, mendetan zehar herriko ogibidea izan eta gero. Gomendagarriena kale estuen artean norabiderik gabe ibiltzea izan arren (ez zarete galduko, herria oso txikia delako), bisitatzea merezi duten monumentuen artean Oñatiko Kondeen Jauregiko hondakinak, Sorkundeko Parrokia eta plaza inguruko etxeak aipa ditzakegu.

Ibilaldia hementxe buka dezakegun arren, nahi baduzue, Bastidara itzuli eta ezkerretarantz Urizaharreraino, hau da, abiapunturaino, itzul zaitezkete, Toloñopeko errepidea ere (batez ere Araba aldean) oso atsegina baita.

Zer ikusi

BIASTERI

Biasteri, Arabako Errioxako mahasti-eremuaren hiriburua da. Gotorlekuaren itxura du, ondo kontserbatutako harresi, dorre eta sarrera-arkuak dituela. Musulmanei aurre egiteko X. mendeko gaztelu bat izan zuen sorburu, eta Nafarroako Erresumaren defentsa-toki eta Errege-erreginen egoitza izan zen.

IKUSTEKOAK

Erdi Aroko hirigune osoa Monumentu Nazionala da, eta monumentuak eta bitxikeriak han eta hemen ageri dira.

Ibilbidea XV. mendeko Harategi edo Sarrera Berritik hasiko dugu. Bertan Turismo Bulegoa dugu. Aurrean XVI. mendeko Antzinako Udaletxea dugu, Karlos V.aren armarri inperiala duela. Arkuaren ondoan makila, makila erdia, teila eta adreiluaren neurriak markaturik daude, merkatarien gehiegikeriak kontrolatzearren.

Eskuinetara joz, Santa Engracia kalean zehar jadanik lehenbiziko monumentu eta jauretxeak ikusten hasiko gara. Amaieran, ezkerretara, Biasteriko perla dugu: Errege-erreginen Santa Maria Eliza. Hondakin erromanikoen gainean eraikia, Berpizkundeko elementuak dituen tenplu gotikoa dugu berau. Batez ere, Birjinaren irudia duen XIV. mendeko atalde polikromatu gotikoa da nabarmentzekoa, estatu espainiarrean geratzen den bakarra baita (horretarako kanpoaldean XVI. mendean egindako beste atalde batek lagundu dio). Barruan Berpizkunde-barroko garai bitarteko erretaula nagusia eta gurutzeriako beste bi erretaula barroko aurkituko ditugu.

Tenplu aurreko Kale Nagusia hiria bisitatzeko bigarren arrazoi nagusia izan daiteke, jauregi eta monumentuz josia dagoelako. Kale honetan edozein etxek dauka ikustea merezi duen bitxikeriaren bat. Ohar zaitezte 28. zenbakian bereziki, bertan Samaniego fabula-kontatzailea jaio baitzen, baina esan bezala denek daukate zer erakutsia.

Eskuineko Paganoen Kaletik itzuliko gara. 36. zenbakian XIV.eko “Casa de la Primicia” aurkituko duzue, hiriko eraikinik zaharrena. Bertan zergak biltzen ziren. Eliza inguratuz Santa Engraziko Sarreratik irten eta harresiak kanpoaldetik ikusteko aukera izango dugu, “Paseo del Collado” delakotik. Honen amaieran Samaniegori eskainitako monumentua dago.

Azkenik, jarduera nagusia ardogintza duen inguru honetan hainbat upelategi bisita daitezke. Turismo Bulegoan galdetu.

Herrialdea
Gazteizera
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
Araba
64
635 m.
1.421
%6
81 km2
18 bizt./km2
San Blas (otsailak 3)
San Juan eta San Pedro (ekainak 23-29)

 

 

 

 

 

LA HOYA HERRIXKA

Historiaurreko aztarnategi hau (bertara iristeko ikus ibilbidea) 1935ean aurkitu zuten, eta gaur egun oraindik aztertzen ari dira, garrantzi handiko herrixka baten aztarnak agerian utziz, 40.000 m2 eta K.a. 1.500 urte ingurukoa. Bertan herrixkaren maketa eta museoa ditugu. Ordutegiak: Maiatzetik urrira arte, asteartetik ostiralera, 11-14 eta 16-20, gehi larunbatean, 11-15 (igande eta jaietan, 10-14). Bestela, 11-15 (10-14).

SORGINAREN TXABOLA TRIKUHARRIA

Bilar inguruan (ikus ibilbidea) Euskal Herriko trikuharririk garrantzitsuenetako hau dugu. Gela zortzi harlauza handik osatzen dute (batek altueran hiru metro, zabaleran bi eta lodieran 40 zm. neurtzen du), eta hauei estalkiarenak eta iraganbidea markatzen dutenak gehitu behar dizkiegu.

Argazkiak


Urizaharreko sarbidea


Biasteri inguruko trikuharriak


Buradon-Gatzagako ate baten ongi etorria

Errioxako balkoia

Sorginaren txabola trikuharria


Asako zubi erromatarra

Orrialde nagusiraArabako ErrioxaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403