Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraNafar ErriberaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Nafar Erribera Argetas-Bardeak-Tutera-Kaskante-Fitero
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak

Nola iritsi ARGETAS

EUSKAL BASAMORTUA Ibilbide honetarako abiapunturik egokiena Yugoko Andre Mariaren baseliza iruditzen zaigu, Argetas udalerrian, ibiltzera goazen Bardea Zuriaren ikuspegi zabala (eta oso ederra) bistaratu dezakegulako talaia honetatik. Adreiluzko XVII. mendeko tenpluari berari dagokionez, barruko erretaula barrokoa eta Ama Birjinaren XV. mendeko irudia aipa ditzakegu.

Ermitaren eskaileraren aurretik irteten den erdiko harrizko bidetxoa hartu, eta bidegurutzeetan ditugun monolito txikietako seinaleek lagundurik (derrigorrezko norabidean), 5 km-ren buruan Argetasen sartuko gara; herriko sarreran eskuinerantz doan errepidea hartuko dugu, Hernani Jatetxearen ondotik. San Esteban elizaren dorrea, Gotiko-Berpizkunde garai bitarteko XVI.eko nabe bakarreko eraikina, dugu herriko eraikinik adierazgarriena. 1700eko Udaletxea ere aipagarria da.

Tuterarako bidean jada, gasolindegi baten ondotik igaroko gara, eta handik 700 metrora, ezker aldetik, Bardeetan barneratuko gaituen bide asfaltatua ikusiko dugu (Tuteratik etorriz gero bakarrik dago seinalatua, eta beraz erne ibili). Handik 1,5 km-ra eskuin aldera jo (ezkerrera kooperatiba batera goaz), eta hortik aurrera beti zuzen.

Paisaia jada erdi basamortu bihurtu dela, ibilbidearen 15. km-an ilargi-itxurako paraje aluzinagarria erakutsiko digun mendi-lepo batetik igaroko gara. 4 km geroago Bardeen erdian dagoen base militarrera iritsiko gara. Hemendik aurrera base osoa biribil baten barruan inguratzen duen harrizko bidea hartuko dugu, basamortu honetako alderik basatienean sartuz. Berdin baldin bada ere, eskuin aldetik hasiko gara.

Inguruko gauzei lasai begira goazela (bideak ez du azkar joaten uzten) gero eta aluzinatuagoak geratuko gara, ilargi itxurako paisaia hori gero eta sinestezinagoa bihurtzen delako. Baseko sarreratik 9 km-ra Prallon aldea ikusten hasiko gara, eta ikusi orduko, EEBBetako Arizonako irudia etorriko zaigu burura.

Horren atarian, base militarretik 11,5 km-ra, eskuineko aldean, Santxikorrota lapurraren mitoa gogorarazten digun izen bereko lekua dago, Bardeetako ingururik ikusgarriena den balkoi naturalaren azpian. Igo zaitezte mendixka horretara eta ez zarete damutuko.

Aurrean ditugun Prallon eta Piskerra goi-lautada itxurako gainak, eta euren artean haizeak eta higadurak moldeatutako ildaskadun edo marradun mendixkatxo eta bailaratxo labirintikoen paraje irreala, denbora luzean grabatua geratuko zaizkizuen irudi harrigarri horietakoak dira.

Egindako bidera itzuliz, hortik aurrera ere horrelako forma bitxiak agertzen joango zaizkigu, zein baino zein ikusgarriagoa. Naturak sortutako eskultura hauen aurrean behin eta berriz aho zabalik geratuko zarete. Eta zer esanik ez, militarren basearen sarrerara iritsi baino 4 km lehenago, zuen aurrean estalitako tximinia moduko bat agertuko zaizuenean... 20 metro inguru altxatzen den “lurrezko gaztelu” honen aurrean higadurak ze nolako monumentuak sor ditzakeen konprenituko duzue. Aurrean, Bardeetako Artzainaren omenez egindako estatua polita topatuko duzue.

Zer ikusi

BARDEAK BASAMORTUA

BARDEAK ZURIA

Basamortu edo ilargi itxurako paisaia; Bardeetako desolazio horrek Euskal Herriko ingururik exotiko eta magikoenetako bat osatzen du. Izan ere, ez dugu beste inon aurkituko “Far West” filmetako paisaiak hain gordin gogoraraziko dizkigun parajerik. Ebroko lautada, Tutera aldean, penintsulako lehorrenetakoa da, eta Nafarroa eta Gaztela-Aragoiren arteko gerren hondamendia eta XVIIIa arteko baso-ebaketa masiboa gehitzen baldin badizkiogu horri, gaur ikus dezakegun paisaia ilargitarra geratuko zaigu.

Bardeek (izena euskarazko “abardena”tik omen dator) Nafarroako hego-ekialdeko 415 km2 inguruko errektangelua osatzen dute, hiruzpalau zonaldetan banaturik. Garrantzitsuenak honakoak dira: Bardea Beltza (landaretza gehiago du, batik-bat zumel-pinua, eta horregatik zerutik begiratuta beltza dirudi) eta Bardea Zuria (higatuena, mortuena, eta beraz ikusgarriena; gu honetan zentratuko gara).

“ZURIA” ETA BERTAKO BIDELAPURRAK

Bardea Zuria depresio zabala da, mendi-tarteek zeharkatua, erliebe lau eta lehorraren gainean hegi soil (buru) bitxiak nabarmentzen direlarik. Bertako zonalderik sinestezin eta ikusgarriena Prallon-Piskerra ingurua da (ikus ibilbidea), eta inguru horretatik, Erronkariarren Abelbidea igarotzen da.

Hortik hurbil, Santxikorrota bidelapur mitikoaren gazteluaren hondakinak ditugu. XV.ean benetan bizi izan zen pertsonaia hau, geografia zail honetako erregetxoa izatera iritsi zen. Garai zailetan bertan ezkutatu (kondairaren arabera bere altxorrarekin batera), eta Joan II. erregeak, 200 zaldunek osatutako gudarostea antolatu behar izan zuen hura eta haren jarraitzaileak harrapatzeko (suizidatu egin zen lehenago, ordea).

ERREGE-ABELBIDEAK

Itzelezko basamortu hau ez da udalerri zehatz batena. Bertako lur eta larreen erabilera, herri “kongozatu”en artean onetsitako Fernando V.aren garaiko legeek arautzen dute. Herri hauek ingurukoak dira, baina baita Erronkari eta Zaraitzu bailarakoak ere, zeren nahiz eta Pirinioetan egon, ganadua larrez aldatu beharrak lur hauetara lotu baititu.

Ekainean ganadua Bardeetatik Pirinioetara eramaten da, eta hotza egiten hasi aurretik, irailean-edo, atzera itzultzen dira, negu osoa lur epel hauetan igarotzeko asmoz. Ibilbideak 5-7 egun iraun ditzake. Unerik garrantzitsuena irailaren 29an da, “Sanmigelada” delakoa. Egun horretan, 500 urte baino gehiagoko ohiturari jarraikiz, milaka ardi Bardeetan sartuko dira, lurrak dardararaziz.

OHARRAK

Bardeetako Basamortua bisitatzeko garairik onena udaberri edo udazken aldera da, udaran bero gehiegi egiten duelako, eta udaberrian esaterako, zelai berrien berdetasunaren eta lurrezko mendi horixken arteko kontrastea zeharo ikusgarria delako; beraz, ahal baduzue, aprobetxatu garai hori.

Beste alde batetik, barruan izan orduko, kontuan izan poligono militarra (bertan ezin da sartu, noski) inguratzen duen bidetxotik urrunduz gero ez dela zaila galtzea; beraz, txangoak egiteko komenigarria da oso mapa zehatz bat aldean eramatea. Azkenik, oinez joaterakoan, ura eramatea ezinbestekoa da, eta, horrez gain, janari dezente eta –galduz gero eta gaua kanpoan pasatu behar izanez gero– arropa ere oso lagungarriak izango dira.

Argazkiak


Bardeetan kontrasteak ikusgarriak dira


Bardea zuria


Haizeak sortutako tximinia


Bardeetako artzaina
Orrialde nagusiraNafar ErriberaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403