Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraEnkartazioakNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Enkartazioak Gueñes-Zalla-Balmaseda-Karrantza-Pozalagua
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak

Nola iritsi GUEÑES-BALMASEDA

ENKARTERRIKO SARRERA Bizkaia ukitzen duen lehenbiziko ibilbide hau hasteko Gueñes aukeratu dugu, bisitatu behar dugun eskualdeko ekialdeko muturrean. Zehatz-mehatz esatearren, herriko udaletxea eta eliza kokatzen diren gunean hasiko gara, Bilbotik dakarkigun errepidea utzi eta Galdameserako norabidea hartzen dugun bidegurutzean bertan. Erromatarren garaian merkatal gune garrantzitsua, gaur egun ondare interesgarria zaintzen duen erdi nekazari erdi hiri kutsuko udalerria da. Erdigunean, lehenbizi udaletxeak berak gure arreta piztuko du, Urrutiatarren jauregi burges ikusgarria, eta metro batzuk atzerago, Andra Mari Parrokiaren aurrealde bikaina, “Eguzkia” izenaz ezaguna eta gotiko loretsu eta isabeldarraren arteko trantsizioaren adibide ederra. Eliza bera XVI.ekoa da, XI-XII. mendeko beste baten gainean berreraikia. Honez gain, Gueñesen jauretxe bat baino gehiago ikusteko parada duzue, Arangoiti, Estrada edo Zeribai kasu.

Eliza eskuman utziz, Zallarantz abiatuko gara, horrela kilometro batera Aranguren auzotik pasatuz. Zallako erdigunea bera, pare bat gehiagotara harrapatuko dugu. Altzarigintzan ospe handia duen herri honetan monumenturik aipagarrienak barneluzego bakarreko San Migel Parrokia (XII. mendekoa eta XVIII. mendean berreraikia) apaindua, eta Terreros Erdi Aroko Dorretxea direla esan dezakegu.

Erdigunean bertan, Balmasedarako norabidea geroagorako utziz, une honetan eskumarantz joko dugu, Otxaran-Sopuerta bidean. Horrela, hiruzpalau kilometroren bueltan Otxaran auzo menditsura iritsi eta berriz ere eskuinera joko dugu, bide politean zehar laister gure hurrengo helmuga ikusgarria ikusiko dugularik: Urreztieta (Avellaneda) eta bertako Juntetxea.

Jauretxe eta dorretxez jositako Garape-Sopuertako auzo hau Bizkaiko nobleziako zati garrantzitsu baten jatorria izan da, Enkartazioetako Juntetxearen bilgune izateaz gain. Juntetxea bera edo Urreztieta dorretxea, paraje ederrean kokatutako gaztelu itxurako eraikin ikusgarria da. Gaur egun, bertan Enkarterriko Museoa dugu, eskualde honetako historia eta bizimodura hurbilduko gaituena. Zabalik: asteartetik larunbatera 10-14 eta 16-18 artean (udaldean 10-14 eta 17-19); jaiegunetan goizez. Sarrera dohainik.

Berriz ere Otxaranen, oraingoan Balmasedarantz joko dugu, lehenbizi eskuinerantz eta laister alderantziz. Azkenik, 14,5. km.an Balmasedan sartuko gara, kilometro erdi geroago elizaren ondoan aparkatzeko leku egokia dugula. Historian garrantzi handikoa izan den hiri honek Erdi Aroko kale-trazadura gordetzen du, Bizkaiko ikurrik ospetsuenetakoa den Muza Zubi Zahar eta hainbat monumentu erlijioso eta zibilekin batera. Orokorrean, Bizkaiko alde honetako hiririk interesgarrienetakoa da.

Hiriko sarreran dagoen bidegurutzean berriz, oraingoan Turtziozerantz abiatuko gara. Puntu horretatik hiru bat kilometrora dagoen bidegurutzean ere ezkerrera jo behar dugu, beti ere mende-balderantz.

ARTZENTALES ETA TURTZIOZ Ibilbidearen 21,5. kilometroan Artzentalesen sartzen gara, auzo guztiak erabat sakabanaturik dituen udalerrian alegia. Horietako bat, Traslaviña berdetsua, pare bat kilometro aurrerago pasatuko dugu. Udalerriaren zentrua honen ondoko San Migel kontsideratu dezakegu, bertan aurkituko baititugu San Migel Linares eliza eta udaletxea. Bien arteko plazaren erdian, oraindik aintzinako Kontzejua biltzen zuen haritzak dirau.

29,5. km.an Cantabriaren menpe segitzen duen Turtzioz-Billaberde (Villaverde de Trucios) zeharkatuko dugu, Aguera ibaiaren ertzean kokatutako abeltzain-nekazal herritxoa. Bizkaiko mendebaldean dagoen Cantabriar uharte honetan, herri honez gain, segituan bere ondotik pasako garen Villanueva ere kokatzen da, beste populagune batzuen artean.
Berehala errepide makalak gorako joera hartuko du, eta 33. kilometrorako lehenbiziko panoramika politak behatzen hasiko gara, hiru kilometro beranduago Escrita Mendatea harrapatzen dugun arte.

Zer ikusi

BALMASEDA

Balmaseda Bizkaiko Jaurerriko hiririk zaharrenetariko bat da, eta Enkartazioetako gunerik garrantzitsuena. 1199an sortu zen hiria, bere foru propioaz. Denboraz, merkataritzarako ezinbesteko pasabide izanez, aduana eta merkatal gune garrantzitsu bihurtu zen. XVIII. mendetik aurrera Urduñako bidea irekitzean bere garrantzia beherantz joan zen.

IKUSTEKOAK

Hiriko erdigunea Erdi Aroko itxurakoa da, eta arkitektonikoki aberatsa. Ibaiarekiko lau kale paralelotan banatzen da: Martin Mendia, Pio Bermejillo, Korreria eta Aldapa.

Herriaren sarreran San Seberino Parrokia dugu, izen bereko plazan eta udaletxe neogotikoaren alboan. Gotiko berantiarreko eliza (XIV-XV), XVIII. mendean berriztatu eta pinakulu, txapitel eta gailurreria barrokoa erantsi zizkioten. Hiru barneluzegoko barrualdean gurutzeria-sabaia eta hilobi gotikoak azpimarratuko ditugu.

Elizaren alboko Korreria kalea segituz, Urrutia jauregira iritsiko gara, XIX.eko neoklasikoa. Kantoietan Urrutiarren armarriak ikusiko ditugu. Ibairantz joaz, Pio Bermejillo kalean sartuko gara eta bertan Buñuel Markesen jauregia dugu, XVII. mendekoa, barroko eta neoklasikoa nahastuz egina. Pixka bat aurrerago, eta San Juan plaza zeharkatuz, XV. mendeko Berpizkundeko San Juan eliza parez-pare geratzen zaigu.

Hau ere atzean utziz, Kadagua ibairaino iristen gara, gure eskuinera Balmasedako ikurra, Zubi Zaharra dugula. Merkatarien pasabide zen zubi hau, Bizkaia eta Gaztelaren arteko aduana funtzioarekin, Balmasedako sarreretako bat zen. XIII. mendean eraikia, erdiko arku oso garaia du, eta alboetan beste txikiago bi. Atxekiriko dorrona berriagoa da, eta harresien ateetako bat zen. Azkenik, Martin Mendia kalea jarraituz, Santa Klara komentu-eliza-museoa dugu.

Herrialdea
Bilbora
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak

Bizkaia
29 km.
149 m.
7.144
%10
22 km2
325 bizt./km2
Ostiral Santua
San Roque (abuztuak 16)
San Seberino (urriak 23)

 

 

 


Argazkiak

Gueñeseko eliza

Balmasedako ibaia, eta atzean Zubi Zahar ospetsua


Urreztietako Juntetxea historian Enkarterrikoen bilgune izan da.

Orrialde nagusiraEnkartazioakNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403