Auto bat, Mini modelokoa, Bartzelonako Calders liburu dendako kristalaren kontra abiada bizian. Krax. Aurpegia estalita daukaten pertsonak ateratzen dira, lapurtzeko asmoz. Liburuak lapurtzeko asmoz.
Segurtasun kamerek grabatu dute The Italian Job filma gogora ekartzen duen eszena, baita dendako jabeek Youtuben jarri ere. Hurrengo egunean albiste bihurtu da hiriko periodiko nagusietan.
“Auto batekin liburu dendaren kontra jo dute, liburuak lapurtzeko” kontatu zuen Kataluniako El Periodicok, ondoren, irakurleek agertutako zalantzen aurrean, titular zalantzatiagoa jarri aurretik.
Bitxia baita, ez esan. Liburuak lapurtzeko? Beste zerbait baliotsuagoa balitz, nik zer dakit, kolonia garestiren bat edo telefono mugikorrak. Txokolatea sikiera.
Liburuak?
Bitxia ez ezik, faltsua ere bada: hurrengo egunerako nahiko argi geratu da bideoa fake bat dela.
Ordurako milaka bisita ditu Youtuben. Publizitatea egiteko modu berritzaileez badakite zerbait Bartzelonan.
Arrisku handi samarrean sartu ez ote diren, ordea: fikzioa eta errealitatea nahastera jostatze hau aho biko labana izan liteke. Izan ere, propaganda operazioa ikusi ondoren zer egiteko gogoa izango duzu, literaturzale kleptomano horrek, Bartzelonara joan eta denda horren paretik pasatzen zaren hurrengo aldian?
PS: Esker mila Gorka Arreseri bideoaren berri emateagatik.
3 Iruzkin
Aspaldiko literatura-irakasle batek negar egin zuen gu ikasleon aurrean, institutuan ikasleren batek liburu batzuk lapurtu zituztela jakin zuenean. Ez liburu horiek bereak zirelako edo aparteko maitasuna zielako, ezpada ikasleren batek literaturan interesa bide zuelako.
[…] http://www.argia.eus/blogak/boligrafo-gorria/2014/12/12/liburuak-lapurtzeko-gogoa-daukat/#more-4153 […]
[…] http://www.argia.eus/blogak/boligrafo-gorria/2014/12/12/liburuak-lapurtzeko-gogoa-daukat/#more-4153 […]