Ondorio oker batetik abiatuz

Jainkoa hil egin da

Nola adiskidetu gaitezke, hiltzaile guztien artean hiltzaileenak? Munduan izan den santuena eta boteretsuena gure ganibeten azpian geratu da: nork garbituko du odol hori? Zer urak garbituko gaitu? Zer erritu sakratu asmatu beharko genuke? Ez al da gertaera horren handitasuna guretzat handiegia?

Nietzsche

Ez nuen SARS-CoV-2 birusaz edo Covid-19 gaixotasunaz idazteko asmorik eta azkenean, zeharka bada ere… Egin dut.

Asko dira gaiari buruz hitz egin duten komunikabideak edo gai horri (baita teknologikoari ere), akaso, nik baino askoz ekarpen handiagoa egin diezaioketen adituak. Hala ere, esaldi sinple honek, “Oraingoz, kontsentsu bat baino ez dago: kontaktuen arakatze-aplikazioak dira irtenbidea”, hain da bortitza, hain da arrunta eta hain da gezurra, ezen idatziz aurka egitea erabaki dudala. Eta saiatuko naiz pandemiari buruz gehiegi ez hitz egiten.

Berrogeialdia bukatu ostean, Covid-19 gaixotasun-gorakadaren irtenbidea, besteak beste, kontaktuen arakatze-aplikazio baten eskutik datorrela pentsatzen dute askok. Eta onartuko diet ondorio bera lor daitekeela, ikuspuntu desberdin eta erabat distanteetatik abiatuta ere. Adibidez, badago uste duenik kontaktuen arakatze-aplikazio horrek EZ duela erabiltzaileen pribatutasuna errespetatu behar. Beste zenbaiten usteak, ordea, BAIETZ, aplikazioak erabiltzaileen pribatutasuna errespetatu behar duela. Batzuek, zein besteek, ondorio beharko lukeen zera horretatik abiatzen dira: kontaktuen arakatze-aplikazio bat behar dugula.

Eta ondorioa borobiltzeko, ondorio kontzeptua zer den ulertu zuen batek -gurean ezagunegia den epaile ohiak-, uste du, gainera, datu horiek, hala badagokio, helburu polizialekin ustiatu beharko liratekeela. Baina ez naiz horretan sartuko. Fernandoren kontra argumentatzeak, dakizuen bezala, ezer gutxirako balio ei du.

Ondorioa, hiru kasuetan, okerra dela uste dut.

Argi dago azken aste hauetan protagonismo handiagoa eman diogula teknologiari. Eta logikoa da. Baina teknologiari botere gehiago emanez gero, teknologia dena ahal duen eta dena salbatzen duen Jainko moduko bat dela -edo teknokrazia madarikatu batean bizi garela- pentsatzen buka genezake. Kontzeptu bien artean, alde izugarria dago.

Eta helburua zehazki, zein da, gaixotasunaren gorakada etetea ala aplikazioa sortzea? Galdetu diet.

Baliteke gure itzala monitorizatuko duen aplikazio bat behar izatea. Berau ikusezina izan ala ez -ikusezina aplikazioa, ez itzala-. Hala ere, oraindik ez dut inor aurkitu, aplikazioa ezinbestekoa dela pentsatuz, aplikazioa gaixoen (edo hildakoen, agian garrantzitsuena dena) kopurua arintzeko baliozkoa dela konbentzitu nauenik. Eta konbentzitu ez nauten horiek, gehienetan -eta ez beti modu atseginenetan-, esan didate ni naizela haiek konbentzitu behar dituena. Bistan denez. En fin.

Komunitate bat osatzen duten norbanakoen % 60k, gutxienez, aplikazio hori erabili beharko luke eraginkorra izan dadin. Behintzat hori irakurri nuen herenegun. Nire ustez, aplikazioa erabiltzen ez duen norbanako bakarrak, zulo nabarmena sortzen du kontaktuen arakatze-aplikazioen aldeko argudiaketan. Baina tira, jarrai dezagun. Komunitate baten % 60ko erabilera bermatzea lan zaila da. 2015ean gutxienez munduko biztanleriaren % 36 muturreko pobrezian bizi zela onartzen badugu behintzat (dolar bat baino gutxiago egunero). Kasurik onenean, artikulu hau irekitzen duen esaldia alda nezake: “Oraingoz, kontsentsu bat baino ez dago: kontaktuen arakatze-aplikazioak dira gizon zuria ez desagertarazteko irtenbidea”.

Eta jasota gera dadila: zalantzan jartzen dut kontaktuen arakatze-aplikazio bat ezinbestekoa denik gizon zuria desager ez dadin. Besteak beste, muturreko pobrezia neurtzeko eskalak zalantzan jarri daitezkeelako (hau da, onartzea, muturreko pobrezia onartutakoa baino handiagoa dela, baita geurean ere) eta aplikazioak gezurrezko lasaitasun oso kaltegarria sor dezakeelako. Era berean, eta alde moralari jarraiki, aplikazio hauek gaixoaren estigmatizazioa eta gaixo ez dagoenaren kriminalizazioa suposatzen dutelakoan nago. Agian azken ideia honek, bizi gaituen gizarte ekonomizatu honetan, maila praktikoan, ez du berebiziko arazoa plantatzen. Honen inguruan hausnartu beharko genukeela esango nuke.

Esateak libre diren egunotan: “Kontsentsu bakarra dago: Jainkoa ez da hil egin … Ez al da gertaera horren handitasuna guretzat handiegia?”.

3 erantzun “Ondorio oker batetik abiatuz” bidalketan

  1. […] Aurreko astean esan nizuen bezala, Covid-19aren inguruan zero baino hitz-kopuru txikiagoa idaztea zen nire helburua. Errespetu gutxi izan behar dut nire buruarekiko, hemen baitoa zomorroa kontrolatzeko aplikazioei buruzko bigarren iritzi artikulua. Bi. Bi astetan. […]

  2. […] teknologien inguruan nire iritzia ematen saiatu naiz. Izan ere, pentsaera orokortuaren kontra, uste dut teknologia ez dela jainko boteretsua, guztia ahal duena. Herri honek osatzen duen eskumatik eta ezkerretik, kasu honetan, horrela saldu nahi diguten arren. […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.