“Izorratuekin izorratu: deskargatu Prekarinder”. Eslogan horrekin iragarri du Lanbidek 2019-2020 kurtsoan abian jarriko duen ekimen nagusia: langabetuak elkarrekin oheratzea erraztuko duen aplikazio bat da, mota horretako aplikazioen eremuan zerbait berria eskaini nahi duena, Tinder, Grindr edo Meetic-ek arreta gutxi eskaintzen dioten nitxo batean fokua jarriz. Beatriz Artolazabal Enplegu sailburuak esplikatu duenez, “herritarren %10aren bueltan dago langabezian eta berdin da zer egiten dugun, gauza ez da asko hobetuko beraientzat datozen urteetan; horregatik, pobre horiei bizitza sexual pixka bat eman nahi diegu, ikerketek diotenez Lanbideko bulegoetan arazoak %22 gutxitzen direlako etxetik izorratuta etortzen direnean”. Kazetariek sailburuari galdetu diote ea berak aplikazioa erabiliko lukeen. Limoi bati hozka egitean bezalako aurpegia jarriz erantzun du Artolazabalek.