Junts pel Sík eta CUPek Artur Mas gabe prozesu independentistarekin aurrera jarraitzea erabaki ostean, hautagaitza antikapitalistaren kontrako txioak masiboki ezabatzeari ekin diote beren burua masista-leninista gisa definitzen duten euskaldunek. “Inoiz ezagutu dugun txio ezabaketa handiena izaten ari da”, azaldu du sare sozialaren nagusi Jack Dorseyk Facebook bidez -Twitterretik ezin izan baitu, ageriko arrazoiengatik-. “CUPena patetikoa iruditu zait”, “Artur Mas politikari superdotatua da” edo “Ultrakoherentziaren zaindariek frustrazioa eragin dute” bezalako txioak dira joan den asteburutik ezabatu diren mezuak. “Gurean ezabaketa egunek tradizio handia dute, zergatik ez ditugu egingo ezabaketa-egun digitalak?”, azaldu du masista-leninista euskaldun batek gaiaz galdetuta.