Emakume tortxen hiria
Ia sei aste igaro dira Afganistanera iritsi nintzenetik baina gaur ikusi ditut semarofoak lehendabiziko aldiz, Herat hirian. Edonola, ez dira trafiko bideratzaileok bertako gauzarik deigarriena.
Irango mugatik kilometro eskasera dago Herat eta, diotenez, herrialdeko hiririk “moderno”ena da. Mendebaldeko hiri honetan aspaldi ez da erasorik izan, ezta bahiketarik ere. Eguzkia eta trafiko eroa baretu ostean, lasai paseiatu daiteke bertako kaleetatik. Nik halaxe egin nuen atzo gauean.
Egunez, ordea, atentzioa deitu didate biziki hiribide nagusiko zuhaitzen ilarek eta, batez ere, Ostiraleko meskitak. Duela 800 urte eraikitako tenplua Afganistango islamiar eraikuntzarik ikusgarriena dela diote.
Toki benetan bikaina eta atsegina da Herat, areago herrialdean zehar lanean hainbat aste eman ostean.
Tamalez, meskitaren axuleia urdin eta berdeek ezin ezkutatu, inondik ere, Herateko alderik ilunena. Antza, bertako emakume askok su ematen diote euren buruari hemen, hain da jasanezina eurei inposatutako bizimodua. Arrazoi nagusietako bat behartutako ezkontzak ei dira. Honela, emakumea familien arteko liskarrak konpontzeko truke-txanpona bilakatzen da.
Ospitalean erredura larriak jasandako emakume asko omen daude. Hara joan nahi nuen beraiekin hitz egitera baina ezin, gizonezkorik ez baitute onartzen emakumeen sailean. Ahmed nire bertako lagunak, ordea, honelako testigantza ugari jaso ditu azken urteotan.
“Masuda dut izena, hamabost urte ditut. Edozein aitzakia zela eta, nire lehengusua ere den senarrak etengabe jotzen ninduen. Etxetik alde egin nahi nuen baina burka ezkutatu zidan. Hamaikagarren jipoia jaso ostean, nire buruari su ematea erabaki nuen, heriotza irtenbide bakarra zelakoan. Orain gorputz osoa minberatuta daukat eta ez dut nire burua ezagutzen ispiluan. Damu naiz nire buruari su eman izanaz”.
Tamalez, Masuda ez da bere burua kerosenoz busti duen bakarra Heraten. Izan ere, “emakume tortxen hiria” deitu ohi diote, ederra eta itxuraz lasaia askoa den toki eder honi.
Nola posible?
Hemen hainbat arrazoi:
- 30 minuturo emakume bat hiltzen da erditzean.
- Afganistango emakumeen %87a analfabetoa da.
- %30a baino ez da eskolara joaten
- Hirutik batek indarkeri fisiko, psikologiko edota sexuala jasaten du
- Emakumeen bizi itxaropena 44 urtekoa da
- %70-80ak behartutako ezkontza jasaten du
4 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Besteaz etxetik, amaiera - [...] Emakume tortxen hiria [...]
ufa… enun ezagutzen… eskerrik asko artikuluagatik.
Zergatik sua? Ikaragarria benetan.Itsusitu nahi badute edo hil nahi badute era asko daude. Zernolako sufrimendu, bakardade, isiltasun jasan behar da horretara iristeko!!! Edertasunaren atzean gauza hauek egoten dira, toki guztietan. Artikulo ezin hobea.Zoritxarrez.
Nor arduratzen da?
Zer etorkizun dute?
Zer egiten dute senideek?
Zaindu
Egoera hau Pakistan eta Indian ere ematen da sarritan. Emazte gazteak, sukaldeko gasolina bere buruari bota eta sua ematen dio. Senar eta suhiaren presio jasangaitzak eramaten du erabaki hau hartzera. Zergatik? Por la dote, emaztearen familiak dirua ematen dio senarrarenari, eta hauek askotan esaten dute, “zuen alaba inutil hutsa da, diru gehiago eman beharko diguzue”. 15 urteko neskatilak honbesteko presioa jasan ta gero erabakitzen du bere buruaz beste egitea. Zergatik gasolinarekin? Ba modu honetan istripu bezela justifikatu daitekeelako, eta horrela senarraren familiak ez du ondorio judizialik pairatuko. Eta gainera, senar eta ama (suhia) horiek aukera daukate beste neska gazte baten familiari dirua ateratzeko beste ezkontza batekin. Sinesgaitza, baina horrelakoa da. Hau guztia frantses telebistako “envoyé spécial” saioan ikusi nuen. Hango Iman bati galdetu zioten “zergatik horrenbeste neska ezkonberri daude erreta hospitalean?” Erantzuna: dakizunez hemengo emakumeak oso dira ignorante, eta esnea berotzean istripuak gertatzen dira….” No comment.
“Suhia” ez barkatu, amaginarreba esan nahi nuen. Izan ere, ahaidetasun terminoak ez dira nire fuertea, ez gazteleraz, ezta euskeraz ere (oraindik ez dakit zer den “yerno” bat, eta zergatik ez dagoen “yernarik”)