Vienako konferentziaren fruituak

argia
0
Ezkerrean, kongresuaren emaitza jasotzen duen liburua, eta eskuinean, Lander Arbelaitzek ARGIAz idatzitako orrialde bi ikusten dira.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] ARGIAren enpresa eredua mundura zabaltzeko beste pauso bat heldu da. Joan den urteko maiatzean Lasarte-Oriako bulegoetatik Vienarako (Austria) bidaia egin zuten hiru lagunek Jabetza, hedabideak, publikoa konferentzian parte hartzeko eta han esandakoak bildu dituzte orain liburu batean. Ehun urtetik gora dituen hedabide txiki honen enpresa ereduaz aritu zen Lander Arbelaitz lankidea Hedabideen jabetza kapitalismotik harago mahai-inguruan eta paperera ekarri dituzte han hitz egindakoak.

Alemanez irakur daiteke argitalpenaren parterik handiena, baina ARGIAren zatia, esaterako, ingelesez dago, beste zenbaiten kasuan bezala. 500 orriko liburu mardula argitaratu du Komunikazio Zientzia Kritikoen Sareak, Eigentum, Medien, Öffentlichkeit izenburupean (Jabetza, hedabideak, publikoa; duela urte eta erdi antolatutako konferentziaren izen bera du).

ARGIA-ren parte-hartzea
Alemaniako Jacobin aldizkariko erredakzio buruarekin, Vienako Orange irrati libreko zuzendariarekin eta Ekialdeko Europako Baricada hedabide digitaleko kidearekin batera gonbidatu zuten ARGIA hedabideen jabetzaren inguruko mahai-inguru hartara eta bertan mintzatu zen Lander Arbelaitz komunikabide honen sorreraz, ibilbideaz, bilakaeraz, enpresa ereduaz (langileena dela azpimarratuz), soldaten formulaz, etab. Gerora eskatu diote artikulu batean biltzeko han esanak. ARGIA: Worker-owned basque centenary media (ARGIA: langileen jabetzan den ehun urtetik gorako euskal hedabidea). ARGIAren webgunean ere, topa dezakezu osorik testua lotura honetan.

Austriatik bueltan Peru Iparragirrek egindako kronika mamitsua leitu nahi duena sar dadila lotura honetan. Hor aipatzen da ia %100 alemanez izan zen konferentzia jarraitzeko ondoan izan zituzten xuxurlarien egitekoa, eta une batean egin dut amets, irudikatuz Lander Arbelaitz mahai-inguru horretan euskaraz, entzuleek alboan ulermen-laguntzaileak dituztela. Baina urrutiegi joan zait gogoa, asteburu honetan bertan tokatu baitzait lagunartera iritsi eta konturatzea euskaldun guztiak gazteleraz dantzan ari direla, euskaraz hitz egiten ez duen bat dagoelako tartean.

Ametsak oraingoz amets, errealitatea dugu ARGIAk langileena duela enpresa, Europan batzuei interesa piztu diela euskaraz egiten duen komunikabide independente honen ereduak eta nahi duenak eskuragarri duela argitaratu berri den liburua krikowi.net webgunean. Eta, noski, lizentzia libreetan oinarrituta osatu dutenez, baduzu erosteko aukera, baita dohainik deskargatzekoa ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA