argia.eus
INPRIMATU
Zarauzko Udaltzaingoak hizkuntza-eskubideak urratu dituela salatu du Euskal Herrian Euskarazek
  • Udan gutxienez bi urraketa egon direla jakinarazi dute. Herria euskararen arnasgunea izanik eta udaltzainak langile publikoak izanik, ohartarazi dute "ezinbestean" errespetatu behar dituztela herritarren hizkuntza-eskubideak.

Leire Artola Arin 2021eko urriaren 15
Euskaraz egitea "errespetu falta" zela esan zion Zarauzko udaltzain batek herritar bati. / Argazkia: Zarauzko Hitza.

Zarauzko Udaltzaingoak hizkuntza-eskubideak urratu dituela salatu du Zarauzko Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeak. Ohar batean kaleratu dutenez, udan gutxienez bi zarauztarren hizkuntza-eskubideak urratu ditu Udaltzaingoak, eta esan dute "ziur" daudela ez direla bakarrak. Bi kasuak antzekoak izan direla jakinarazi dute: herritar bat lagunaren zain zegoela kargu hartu zioten bi udaltzainek, eta haietako bat gaztelaniaz mintzatu zitzaionean herritarrak euskaraz erantzun zion. Udaltzainak "tonu oldarrean" esan zion "errespetu falta" iruditzen zitzaiola euskaraz egitea eta hari gazteleraz zuzentzeko. Beste udaltzainak bazekien euskaraz, baina ez zion itzulpenik egin eta hark ere eskatu zion gazteleraz hitz egiteko. Herritarrak euskaraz "tinko" jarraitzen zuenez, udaltzainak isuna jartzearekin mehatxatu zuela adierazi dute EHEetik. Udaleko langileak euskararekiko "mespretxuz" eta "jarrera autoritarioz" jardun zuela salatu dute.

Oharrean azpimarratu dute udaltzainak langile publikoak direla eta, beraz, "ezinbestean" herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatu behar dituztela. Udalari eskatu diote hautaketa-prozesuan baldintza batzuk ezartzeko eta horiek betetzea bermatzeko. Gainera, gogorarazi dute Zarautz, hain justu, euskararen arnasgunea dela, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide. Udaltzainaren euskararekiko atxikimendu ezagatik "kezka" adierazi dute, izatez herria euskalduna baita: biztanleen %85ak euskaraz daki eta %50,5ak erabiltzen du. Horrelako hizkuntza-eskubide urraketak jasan dituzten herritarrei dei egin diete EHEekin harremanetan jartzera.

Ez da izan hizkuntza-eskubideen urraketei buruzko aste honetako salaketa bakarra; asteazkenean Ernaik sare sozialetan zabaldu du Ertzaintzak egindako urraketa. Ertzain batek zera esan zion identifikatzen ari zen gazte bati: "Gazteleraz egiteko betebeharra duzu zure nortasun agirian Espainia jartzen duelako".