Brebeta eta baxoa euskaraz egitearen alde egin dute mobilizazioa, besteak beste.
Seaskako irakasle talde batek bigarren urtez brebeta zuzentzeari uko egin ondoren, ekainaren 15eko arratsaldean Seaskako guraso, ikasle eta irakasle batzuek Pirinio Atlantikoetako Akademia Ikuskaritzak Baionan duen egoitza okupatu zuten. Azterketak euskaraz egin ahal izatea aldarrikatzen dute. Frantziako Polizia bortizkeriaz oldartu zen, ordea. Berria-ko kazetari Ekhi Erremundegi-k Twitterren txiokatu zituen gertakizunak hari batean:
Ikasleak, gurasoak... Poliziaz inguratuak. Indarrez mugituko dituztela erran die Frantziako Poliziak @berria pic.twitter.com/Y1ajIsa2iO
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) June 15, 2022
Ekainaren 16an, giro lasaiagoarekin, Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak jakinarazi zuen Pap Ndiaye Frantziako Hezkuntza ministroarekin elkartu arte okupazioak jarraituko duela.
Azterketak euskaraz
Jean-Michel Blanquer izan zen Frantziako aurreko Hezkuntza ministroa, eta Gorostiagaren hitzetan “hark utzitako egoera bat da, eta beraz, ministro berriari galdetzen diogu, bera gutxiengoen espezialista baita, zer dioen frantziar estatuan diren hizkuntza minorizatuei buruz”. Orain gutxira arte ikasleek baxoaren zati bat euskaraz egiten zutela ziurtatu du, eta brebeta osorik. Horregatik frantziar ministro berriari konponbide bat eskatu nahi diote.
Ordezkari politikoen bisitak
Ekainaren 17an, Baionako Idazkaritzan bigarren gaua pasa ostean, Naiz-ek azaldu duenez, bigarren itzulian seigarren barrutian lehiatuko diren bi hautagaiak gerturatu dira bertara. Vincent Bru diputatu eskuindarra (Ensemble) bertaratu da haiekin eta Hezkuntza Ministaritzarekin bitartekaritza egiteko prest agertu da. Ondoren Tom Dubois, NUPES alderdi ezkertiarreko kidea ere gerturatu da.
Bi politikariak aurrez aurre egongo dira bigarren itzulian, izan ere iragan igandeko bozketan lehen atera Bru botoen %28,5 bildurik, eta bigarren, aldiz, Dubois-Robin NUPESekoa, %19,5 eginik. Ekainaren 19an egingo diote aurre elkarri.