Santio eta San Inaziotan aurten ez da festa egitaraurik izango. Horrez gain, Azpeitiko Udalak eta tabernarien elkarteak adostu dute uztailaren 24, 25, 30, 31 eta abuztuaren 1ean taberna, jatetxe eta elkarte gastronomikoak 00:00etan ixtea. Ostalariek eta Udalak herritarrei eskatu diete irizpide hauek bete eta erantzukizunez jokatzeko.
Azpeitiko Udalaren webgunean irakur daitekeenez, "kezkaz ikusten dute Udaletik eskualdeko eta Gipuzkoako hainbat puntutan gertatzen ari den egoera, are gehiago, datozen datak direla eta". Horrexegatik, "arduraz jokatzen jarraitzeko deia" egin du.
Udalak tabernari eta ostalariei erabaki hau hartzean "azaldutako prestutasuna eta herritarron osasunarekin erakutsitako konpromisoa eskertu" die, "jakinda pandemiak beren negozioan eragin zuzena duela".
Azpeitiko Udalak dio jabetzen dela "herritarrek hainbat asmo eta plan dituztela. Ospakizunari tokia ukatu gabe, osasunagatik eta ardura kolektiboagatik beharrezkoa izango da plan eta topaketa horiek berriz pentsatzea eta bizitzen ari garen egoerara egokitzea". Jaurlaritzako Osasun sailak argitaratu duen dekretuko arauak oroitarazi ditu Udalak: "maskararen erabilera derrigorrezkoa da, eta 10 pertsona baino gehiagok ezin dute elkartu. Era berean, terrazan lekurik ez duten edo establezimenduaren edukiera gainditzen duten pertsonek ezin izango dute establezimenduaren sarreran zutik kontsumitu. Horretaz gain, gazte lokalak ixteko agindua ere eman zuen".
Osasun sailaren arauei, zera gehitu die Azpeitiko Udalak: "kalean ezin dela edan gogorarazi nahi du Udalak eta, beraz, kedadak eta botiloiak zorrotz kontrolatuko direla jakinarazi du".
Uztailaren 11 gauean Zarautzen egin zen festak 80 positibotik gora ekarri ditu, eta Zarauzko Udalak festa horren berri bazuela eta Jaurlaritzak tabernak 23:00etan ixteko agindu arte goizeko 6:30 arte irekita izaten utzi ziela jakitera eman du Berria egunkariak. Bero bero dago, beraz, festa giroko positiboen berragertzeen gaia, eta herriko jaiak bertan behera utzi dituzten Udalek, egunak inguratu ahala, egiten duten kudeaketa.