argia.eus
INPRIMATU
Pepe Rei hil da, ikerketa kazetaritzaren erreferentea Euskal Herrian
  • Pepe Rei kazetaria 73 urterekin hil da, astearte honetan, Donostian. Egin egunkariko ikerketa taldea martxan jarri eta Ardi Beltza aldizkaria sortu zuen, besteak beste. Euskal Herriko eta Espainiako estolderia politikoez, gerra zikinak ustelkeriarekin eta narkotrafikoarekin zuen loturaz argi mintzatzeagatik Madrilgo eta Gasteizko botere judizial eta politikoen jomuga izan zen, eta hirutan espetxeratu zuten.

ARGIA @argia 2021eko martxoaren 09a

Jaiotzez galiziarra, 1980ko hamarkadatik Euskal Herriko kazetaritzan hautsak harrotu zituen kazetaria izan zen Rei.

La Voz de Euskadi egunkariaren sorreran hartu zuen parte, eta Egin, Interviú eta Ardi Beltzan egindako ikerketa lanengatik da ezagun, besteak beste. Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelean gertatzen zena salatu zuen eta besteren artean Enrique Rodriguez Galindoz, Baltasar Garzónez eta Espainiako Juan Carlos erregeaz idatzi zuen, hainbaten jomuga bilakatuz.

Eginen zuen bulegoa, esaterako, bai Ertzaintzak, baita Guardia Zibilak miatu eta bertako dokumentuak konfiskatu zizkieten, Enrique Rodríguez Galdindo Intxaurrondoko buruaren kontrako irainengatik zigortu zuten eta Baltasar Garzón epaileak bai Egin bai Ardi Beltza itxi zituen.

Bere kazetaritza lanen artean dira Egin Investigación. Otra forma de periodismo (Edurne San Martinekin batera), Intxaurrondo. La trama verde, Garzón. La otra cara, El Jesuita eta El periodista canalla, batzuk aipatzearren. Nobelak ere baditu idatziak, hala nola La cloaca vasca eta La red Galindo, Txalaparta argitaletxearekin.

2002an auto-istripu larria izan zuen Donostian eta bizitza publikotik erretiratu zen.

ARGIAn kaleratutako elkarrizketa honetan, Eusko Jaurlaritzako Barne sailak, zehazki "Atutxak eta bere prentsa arduraduna den Jon Goikoleak" bere aurka sustaturiko kanpainak ditu hizpide, beste hainbat konturen artean.