2012ko greba batean izandako istiluetan begia galdu zuen Ester Quintana bartzelonarrak. Orain “poliziak jaurtitako objektu batek” zauritu zuela esan du Esquadra Mossoen buruzagi baten abokatuak, La Directak publikatu duenez
Momentu honetan lehentasuna tiro egin zuen poliziaren identitatea ezagutzea dela gehitu du abokatuak. Honez gain, jaurtitako objektua gomazko pilotak jaurtitzen dituen eskopeta edota foam proiektil jaurtigailua izan ote zen ere frogatu behar da.
Poliziaren abokatuaren testigantza oinarritu da duela hiru urtetik Felig Puig eta Ramon Espadaler –Kataluniako Generalitateko kontseilariak– defendatzen duten tesiaren kontraesan batean. Kontseilarien ustez, Quintanaren lesioa ez zuen poliziak eragin.
Gertakaria 2012. urteko azaroaren 14ko greba orokorrean jazo zen. Kataluniako polizia autonomikoak manifestazio batean kargatu zuen eta horren ondorioz Quintanak ezkerreko begia galdu zuen.
Laster jakingo da epaiketaren ahozko saioa noiz izango den. Aurreikuspenen arabera udazkena eta 2016ko hasiera bitarte izan daiteke.
Eduardo Casas ikuskariordea eta Lorenzo Benjumea agentea epaituko dituzte. Zauri delitu bat egozten zaie biei. Fiskaltzak delituak nahi gabe izan zirela dio, akusazio partikularrak ez bezala. Azken hauek diotenez, Quintanak arrapatu zuen pilotakada nahita bota zuen poliziak.
Bi suposizio hauen artean desberdintasun handiak daude: intentzio gabe jardun zutela baieztatzen bada, poliziak gehienez hiru urte egon daitezke kartzelan. Aitzitik, gertaera asmo txarrez egindakoa dela frogatzen bada, Mosoek hamabi urte pasa ditzakete kartzeleratuak.