Klubeko Zuzendaritza Bartzordeak adierazi du "oso larria" izan zela gertatutakoa. Urtarrilean ikurrina, Nafarroako bandera eta pankarta bat kendu zituen Espainiako Poliziak Sadar futbol zelaian.
Osasunako segurtasun zuzendaria lanik eta soldatarik gabe utzi dute, harmailetatik zenbait ikur eta pankarta kentzeagatik. Klubeko Zuzendaritza Batzordeak adierazi du "oso larria" izan zela gertatutakoa.
Urtarrilaren 14an GKSko pankarta bat, ikurrinak eta Nafarroako bandera kendu zituen Espainiako Poliziak Sadarren. Osasunak gertatutakoa gaitzetsi zuen ohar bidez, eta jakinarazi zuen barne ikerketa bat abiatuko zuela "balizko erantzukizunak argitzeko eta horren arabera jarduteko". Otsailaren 21ean ikerketa amaitutzat eman du klubak, eta erabakiak plazaratu ditu ohar bidez.
Besteak beste, erabaki dute estadioko ekitaldietarako segurtasun-enpresari klubeko barne arauak jakinaraztea, eta "komunikazio-teknika berriak" ezartzea Osasunaren instalazioetan egiten diren ikuskizunetarako.