Goizetik hasita giro paregabea izan da Ziburun larunbatean, Baltsan elkarteak eta ARGIAk antolatutako Liburu eta Disko Azokan. Inoiz baino argitaletxe gehiago, inoiz baino ekitaldi gehiago, eta orain arteko jende kopuru handienarekin itxi ditu ateak hirugarren edizioak.
Mugak bereizten duena euskarak batu du, eta Euskal Herriko txoko askotako lagunak bildu dira herriko pilota plazan nobedadeez, hitzaldiez zein bertso edo ipuin emanaldiez gozatzera.
Janbattit Dirassar idazleak omenaldia jaso du antolatzaileen eskutik, bere ibilbidean Herria aldizkariko kazetari gisa, baita literaturaren arloan eta euskararen alde ere egindako lanagatik. Hain justu, txikitatik euskaraz aritzeagatik jasandako gorrotoa gogorarazi du Dirassarrek bere hitzartzean, eta eskerrak eman dizkie denei "bihotzaren zolatik".
Egun betea, arrakastatsua eta euskaltzaleen gustukoa, urteroko zitak gero eta jarraitzaile gehiago dituela ikusita, ahozapore onarekin amaitu dute aurtengo azoka. Segidako argazkiak karpa barruan eta ekitaldi zein aurkezpenetan izandako giroaren erakusgarri txiki bat baino ez dira. Astelehenean kronika osoa argitaratuko du ARGIAk.