argia.eus
INPRIMATU
Hamasei pertsona deklaratzera Iruñean, hispanitate egunean Felipe VI.ri eta Colóni sinbolikoki burua mozteagatik
  • Asteazken goizean deklaratu dute Espainiako Poliziaren aurrean. Migratzaileen hainbat kolektibok eta Sortuk urriaren 12an antolatu zuten ekitaldian erregearen eta kolonizatzailearen irudi bana bota zuten lurrera. Demokrazia falta salatzen eta Euskal Errepublika aldarrikatzen jarraituko duela iragarri du Sortuk.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 28a
Urriaren 12ko Iruñeko ekitaldia. Argazkia: @sortuEH.

Zitazioa jaso ostean Espainiako Poliziak Iruñeko Chinchilla jeneralaren kalean duen polizia etxean deklaratu dute hamasei lagunek, Sortuk jakinarazi duenez. Deklaratu ostean libre geratu dira. Sortuk gogoratu nahi izan du Iruñean hispanitate egunean antolatutako ekimena “Mujeres del Maíz nikaraguarren elkartearen, Africa United elkartearen, Compartiendo Raíces Ekuadorreko jatorrizko dantza taldearen, Munata Boliviako komunitateko kultur elkartearen eta Sortu elkartearen arteko lankidetzari esker” burutu zela. Salatu duenez, Espainiako Polizia eta Guardia Zibila elkarlanean aritu dira “ekintzan parte hartu zuten pertsonak beldurtu eta kriminalizatzeko” helburuarekin.

Adierazpen eta mobilizazio eskubideen aurkakotzat jo du Sortuk “operazioa”, eta bideari eutsiko diola adierazi du: “Jai dute kriminalizazio saiakera horiekin gu kikilduko gaituztela uste badute. Guk, orain arteko bide beretik jarraituko dugu, demokrazia eza eta erregimenaren autoritarismoa salatuz eta euskal errepublika eskatuz”.

Hispanitate egunaren aurkako ekimenak

Urriaren 12an eta aurreko asteburuan Sortuk Espainiako Erreinuaren, Cristobal Colón kolonizatzailearen eta eta Espainiako errege Felipe VI.aren aurkako ekimenak egin zituen. Hainbat herritan azken bien irudiak erre zituzten, eta Iruñean ekitaldirako prestatutako bi irudiri soka lepoan lotu eta lurrera bota zituzten.