argia.eus
INPRIMATU
“Bi arnas” dokumentala emitituko du ETB1ek
  • Iratxe Sorzabalek sufritutako torturen gaineko testigantzak jasotzen ditu dokumentalak. Maiatzaren 20an emango dute dokumentala, 23:40an. Iaztik dago Primeran plataforman ikusgai, baina lehen aldiz emango dute telebistan.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2025eko maiatzaren 16a
Jon Mikel Fernandez eta Kima Arzuaga dokumentaleko zuzendari eta ekoizleak Iratxe Sorzabalen amari lore sorta bat ematen, 2024ko aurkezpen batean Mikel Garcia Idiakez - ARGIA Fototeka

2022an kaleratu zuten dokumentala, eta sona izan zuen Euskal Herrian zein nazioartean. Iratxe Sorzabalen eta haren ama Maria Nieves Diazen testigantzak jasotzen ditu dokumentalak, jasandako torturen inguruan. Estreinatu eta bi urtera, iazko ekainean, Primeran plataforman jarri zuten ikusgai, tortutaren biktimen babeserako egunaren harira. Aurten, aldiz, lehen aldiz emango dute telebista publikoan, Sorzabal absolbitu eta “tratu gizagabeak” jasan zituela onartu duen epaiaren ostean.

Dokumentaleko zuzendari Jon Mikel Fernandez Elorzek “oso positiboki” baloratu du ETBren erabakia: “ETBn edo telebista publikoan Bi arnas ematea, tortura ikusarazteari leku bat ematea, oso positiboa dela uste dugu”. Sorzabalen epaiak gaia berriro mahai gainean jarri duela dio Fernandezek, eta horren inguruan berba egin behar dela: “Zenbat eta oihartzun handiagoa izan, orduan eta hobeto”. Maiatzaren 20an izango da dokumentala ikusteko aukera telebista konbentzionalean, aurretik Primeran plataforman eskuragarri bazegoen ere.

ETBra heldu aurretik ere, ordea, dokumentalak bide luzea egin du Euskal Herrian zein bertatik kanpo: Katalunian, Frantzian, Alemanian, Suitzan eta Uruguain izan ditu proiekzioak. Kataluniako kasua izan zen entzutetsuena, Euskal Herrian bederen, bertako kate publiko TV3k eskubideak erosi baitzituen, eta 2023an emititu. “Bere garaian sekulako garaipena izan zen torturaren aurkako borrokan. Gure txikitasunetik, uste dut hondar aletxo bat jarri genuela Katalunian”, dio Fernandezek. Orduko hartan, 190.000 eta 200.000 ikus-entzule artean izan zituen emanaldiak, eta gerora ere ikusgai egon da TV3ko edukien plataforman. “Espainiako Estatuan, non tortura ukatu egiten den, Euskal Herritik kanpo horrelako dokumental emititzea eta horrenbeste pertsonak ikusteak badu bere eragina torturaren kontrako borrokan”, dio Fernandezek.

Etxeko lanak, etxetik kanpo

Balorazioa, oro har, positiboa egin du Fernandezek, baina kritikarako arrazoiak ere baditu, batez ere, erabakia heldu arteko epea, ETBk eskubideak "aspalditik" erosiak baitzituen: “Sorzabalen kasuan nazioarteko eragile askok baieztatuta zuten dagoeneko bere testigantza egiazkoa zela, epaitegi espainiarrak ziren hori ukatzen zutenak, baina beste mila ahotsek hori aitortua zuten”.

Bestalde, kritikatu du Euskal Herrian baino atzerrian egin diotela kasu handiagoa torturen gaiari: “Guk uste dugu etxean egin ez dena etxetik kanpo egin dutela beste batzuek. Katalunian askoz oihartzun handiagoa eman diote torturaren gaiari, ez bakarrik Bi arnasi. Kasu eta salaketekin Katalunian oihartzun handiagoa ikusi dugu askotan EITBn baino”. ETB atzetik joan dela dio Fernandezek, eta “alderantziz” izan beharko lukeela: “ETB TV3ren uberan joatea sintomatikoa da”.