argia.eus
INPRIMATU
Iratxe Sorzabal absolbitu du Espainiako Auzitegi Nazionalak, “tratu gizagabeak” pairatu izana aitortuta
  • Epaiak dio 2001ean Sorzabalek egindako autoinkulpazioa "tratu txarren ondorioa" izan zela, eta beraz, "baliogabea" dela. 1995ean Irunen lehergailu bat jarri izanagatik atxilotu zuten 2001ean, eta bost egunez inkomunikatuta atxiki zuten, gogorki torturatuz.

ARGIA @argia 2025eko maiatzaren 08a
Iratxe Sorzabali elkartasuna adierazteko elkarretaratze bat. Angula Berria

Iratxe Sorzabal Irungo preso politikoa absolbitu du Espainiako Auzitegi Nazionalak, egindako autoinkulpazioa "tratu txarren ondorioa" izan zelako. 1995ean Irunen lehergailu bat jarri izanagatik atxilotu zuten 2001ean, bost egunez inkomunikatuta atxikiz. Urte hastapenean epaitu zuten Espainiako Auzitegi nazionalean, eta beste behin salatu zituen atxiloaldian pairaturiko torturak.

Absoluzioa bakarrik ez, Espainiako justiziak aitortu du bere epaian, akusatuak "tratu gizagabeak" jaso izana. Sorzabalek Irungo ekintzan parte hartu izana aitortzen duen dokumentua "zuzenbideari begira baliogabea" dela dio epaiak, hain justu ere, torturengatik: "Akusatuaren oinarrizko eskubideak urratuta lortu zelako (elektrodoak aplikatuta)".

Errugabea, bi aldiz

Fiskaltzak hamabi urteko espetxe zigorra ezarri nahi zion Sorzabali, 1995ean Irunen lehergailu bat jarri izana egotzita. Epaituak atxilotu orduko inkomunikatu eta bortizki torturatu zutela adierazi zuen, beste behin, epaiketan. Epaileek aitortu dute "bat datozela proba fisikoak eta psikologikoak tortura alegazioekin".

Epaiketa otsailaren 27an egin zen, Madrilen. Defentsak zera alegatu zuen frogen inguruan: "Torturapean egindako deklarazio bat eta gaizki itzulitako gutun bat" zirela. Orain ezagutarazi da epaia defentsaren aldekoa izan dela.

Apirilaren 4an ere errugabea zela onartu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, Alacanteko (Herrialde Katalanak) aireportuan jarritako lehergailu bati lotutako auzian. Haren aurkako "froga sendo" bakarra ustez Sorzabalek ETAren zuzendaritzari bidalitako gutun bat zuten, baina, epaimahaiak argitu du Sorzabalek idatzi izana ezin baieztatua daukala.

Sorzabal 2015ean atxilotu zuten Frantziako Estatuan eta han izan zuten preso 2022an Espainiaratu zuten arte.