argia.eus
INPRIMATU
Auzitegi Nagusiak berretsi du: geldirik jarraituko du Basurtuko bihotz kirurgiaren lekualdatzeak
  • Osakidetzak jarritako helegitea ez du onartu Euskadiko Auzitegi Nagusiak. Azaroan gelditu egin zuen Gurutzetara lekualdatze prozesua Arabako epaitegi batek.

Gorka Pe├▒agarikano Goikoetxea 2023ko maiatzaren 10a
Iazko udako manifestazio bat, Bilbo erdigunean. Argazkia: Ecuador Etxea.

Basurtuko bihotz kirurgia zerbitzua Gurutzetara erabat eraman baino egun gutxi lehenago geldiarazi zuen Arabako epaitegi batek, azaroa erdialdean. Osakidetzak eta Osasun Sailak laster batean iragarri zuten helegitea jarriko zutela Euskadiko Auzitegi Nagusien, Administrazio Auziei dagokien salan, eta maiatzaren 10ean heldu da haren erabakia: berriz dio, kautelaz bada ere, prozesuak geldirik egon behar duela, berretsi egiten duelako Arabako auzitegiak zioena.

Arabako epai hark zera zioen, Basurtuko zerbitzua "itxi eta desegin" egingo litzatekeela, "izateari utziko" ziola, eta nolabait ere presazko mugimendua zela, "bi zerbitzuen bateratze akordiorik, arrazoizkorik eta motibaturik" gabekoa. Horrez gain, Basurtutik Gurutzetara guztia mugitu eta atzera Basurtura eramatea erabakiko balitz, "guztia zerotik hasteak" arazoak ekarriko zituzkeela zioen.

Kautelaz hartutako erabakiak dira guztiak ere; azterketa sakonagoa falta dela adierazten du epaiak.

Osasun Saila: "Ez dakar ezer berririk; Auzitegiak ez du gaiaren funtsari buruzko erabakirik eman"

Ohar bidez erantzun du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak helegitea ezetsi izanaren berria.

"Bateratzeari buruzko bista ez da egin oraindik. Auzitegiak berretsi egin du, besterik ez, joan den azaroan jarritako kautela-neurriei eutsiko zaiela". Osasun Sailak "funtsera" jo du: "Egungo egoerari eusten zaiola ulertzen da; izan ere, oraindik, gaiaren funtsari buruzko erabakia, alegia, Osakidetzak bere zerbitzuak antolatzeko duen gaitasunari buruzkoa eman behar duen bista egin behar da".