argia.eus
INPRIMATU
Angela Davis Euskal Herrian da
  • Borroka sozialetan erreferentzia nagusietakoa den emakumea Loiura iritsi da ostegun eguerdian. Hiru egunez hitzaldiak eta mintegiak eskainiko ditu, eta igandean jaialdia egingo dute Bilbon bere omenez.

ARGIA @argia 2016ko otsailaren 04a

Loiuko aireportuan ongi etorria egin diote hainbat lagunek  Angela Davisi, tartean Gite-Ipes elkarteko eta Ipar Hegoa Fundazioko kideak eta Femin Muguruza kantaria izan dira. Feminismoan eta klase borroketan zaildutako ekintzailea Euskal Herrian den bitartean egitarau zabala antolatu dute.

Ostiralean Gite-Ipesen eskutik egun osoz Bilboko Bidebarrieta liburutegian egingo den kartzelak eta emakumeen inguruko jardunaldian parte hartuko du Davisek.

Larunbatean, Ipar Hegoa Fundazioak antolatuta mintegia eskainiko du Donostiako Iratzar aretoan, Herri, klase eta feminista izaeradun borrokaren ikuspegia egun izenburupean.

Igandean elkarrizketa publikoa izango da Bilboko Kafe Antzokian eta ondoren Angela Davis gure laguna da! jaialdian Euskal Herriko hainbat musikari eta kantari ariko dira Free Otegi Them All kanpainaren barruan.

Angela Davisek Arnaldo Otegi askatu eta dispertsiorekin amaitzeko eskatzen zuen manifestua sinatu zuen 2015eko martxoan, munduko beste 23 pertsona ezagunekin batera.