Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

PrentsaSailak



Ai, kalitatea!

Irakurle askok galdetzen dit ea ARGIAk nola jartzen dituen hainbeste eduki Interneten doan. Ez dugula beste alternatibarik erantzuten dut, mundu zabalean gu baino askoz handiagoek Interneteko edukiak kobratzen hasi eta atzera egin behar izan dutela. Gainera, gurea moduko hizkuntza txiki batentzat, onuragarriagoa dela eduki asko sortu eta Interneten jarri, doan, edonork erabiltzeko; azken finean, euskararentzat arazo handiena erabilera eta kontsumoa  dela, eta zenbat eta hesi gutxiago jarri, hobe.

Eta bai, hala da, ez dut zalantzarik, baina kontraesanak ere bata bestearen atzean pilatzen dira: orduan, doan egin behar ote dugu lan? Garagardo eta kubatetarako bai, baina janzten gaituen informaziorako ez? Ez al du nahiko tiradizorik sortzen dugunak? Zer nahi du benetan irakurleak? Nola erakarri gure testuetara? Eta nola erakarri ordainduz?

Bai, ditxosozko negozio eredua da, baina horrek gure astekarian eragin handia du, harpidetza itogina etengabekoa da. Gurean eta gainerako prentsa idatzi guztian, are gehiago egunkarietan. Oro har, aldizkariak hobeto ari dira eusten, eta hauen artean, espezializatuak hobeto. Baina ondorengo orrietako kronologia irakurtzen baduzu, irakurle, egoera oso estua dela ohartuko zara berehala. Inguruko hizkuntzetan hedabideak barra-barra ixten ari direnean, gurean zergatik ez da tamaina bereko odol jariorik?

Diru-laguntzak ditugulako. Hain sinple eta hain gordin. Ez da arrazoi bakarra, jakina, estuan ohituak gaude eta hori funtsezkoa da garaiotan, baina eustearen arrazoi nagusia da. Hala izan da azken 25 urteetan eta hala izango da etorkizunean ere. Bestela ez delako izango. Edo  bai, izango da euskal prentsarik, baino ahulagoa. Kalitatean ere bai.

Azken bi urteetan, gure sektorean asko hitz egin da etorkizuneko hedabideen mapaz, eta eztabaidatu dugu guk geuk finkatu behar dugun mapa hori edo ez. Zer da mapa? Zein aldizkarik bizi behar duen eta zeinek ez? Nola erabakitzen da? Agintarien ahotan entzun da bereziki eskaera hori. Kalitatea ei da arazo, batez ere tokiko hainbat hedabidetan. Baina eztabaida eta hausnarketa horietan guztietan ez dut entzun zein medioren kalitatea den arazo, zer den kalitatea, nola neurtzen den… Argi hitz egin beharko dugu, ahoan bilorik gabe, baina egiazko parametroen gainean.

Zorionez, izango dugu aukerarik gure arazoez jarduteko. Batetik, tokiko hedabideak aspaldi ari dira Topagunean, eta orain Tokikomen hobeto bideratu ahalko dituzte hausnarketa horiek guztiak. Bestetik, Hekimen sortu da, herri ekimeneko euskal komunikabide gehienak biltzen dituen elkartea.

Helburu eta zeregin ugari izango du Hekimenek. Lehena, bere burua antolatzea. Bigarrena, eta aldi berekoa, erakunde publikoekin finantzazio eredu berri bat finkatzea. Eta hirugarrena, komunikabideen Behatokia abian jartzea: hausnarketa, berrikuntza eta ikerketarako foro; hedabideak, unibertsitateak eta herri-aginteak bilduko dituena. Audientziak kontrolatzeko, kalitateaz jarduteko, laugarren boterearen osasunaz, teknologia berriez, menpekotasunez, beste ereduez… Baliatzen badugu aukera polita dugu begien aurrean. Gure ohiko moldean, desberdintasunetik, xumetasunetik, pazientziaz. Sasoiak, gainera, estilo hori behartzen du.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan