Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

DantzaSailak



Dantzan bizi, bizi dantzan

Badira egunak argitzen duenetik damutzen zaizkizunak. Gosaria kontrako eztarritik sartzen zaizu eta amorrazioak ez du deskantsurik hartzen: lantokian muturtu, bikotekideari ordainarazi, kaka zapaldu eta segi aurrera... Horrelakoetan, besteak ez dakit nola konpontzen zareten, baina nik dantzan bilatzen dut arnasa. Dantzan egin eta kitto.

Kultura aurrekontuen murrizketa espiralean gaude. Askoren iraunbizipenerako muga kritikoa hautsita, jarduerak bertan behera geratzen hasi dira. Luzaz emandako urrats txikien bidez osatu den kultur sarea desegiten hasi da orain. Dantzan ez da hain larria kontua, ezer gutxi egituratuta zegoelako, ez garelako sare trinkoa josteko gai izan, eta orain arte tamalez, orain zorionez, administrazioarekiko menpekotasuna txikia zelako. Baina joskura soil horiek ere desegiten ari dira.

Eta zer egiten dugu panorama beltz eta latz horren aurrean? Dantza. Ostrukarena egitea izan daiteke inorentzat, erantzun politiko indartsua beste norbaitentzat, barruko beharrari bidea ematea askorentzat. Ostruka, indioilar edo zapelatz, ez diogu dantzatzeari utziko gehien behar dugun unean.

Badira estu eta larri dabiltzanak, proiektuak aurrera atera ezinik daudenak, osatutako lantaldeari eusteko komeriak dituztenak, sei hilabeteko epean leihoak itxi eta berriz ireki dituztenak... Baina oro har, krisi aroan, dantzaren alorrak, krisi aurretik zeukan osasun bera dauka. Antolaketa, egituraketa eta proiektuak adosteko gaitasunari dagokionez: mengela. Dantza bizi eta dantzan bizi nahi dutela erabaki duten milaka lagunen adoreari dagokionez: noranahikoa.

Tren guztiak galduta, garaiz kanpoko jokabidean tematu den sektorea dirudi dantzarenak. Horren erakusgarri apirilean alorreko ordezkaritza zabal batek sinatu duen manifestua: Euskal Dantzaren Adierazpena. Erreibindikatiboa izateko beranduegi eta aintzat hartua izateko bigunegi. Barrura begirako keinua egin du euskal dantzaren alorrak, kanpora begira egiten direnak baino aintzat hartzen ez diren momentuan. Elkarrekin dantzatuta, nekez azal daiteke hitz lauz, dantzaz bizitakoa.

Mundua zenbat eta okerrago, orduan eta premiazkoagoa da dantza. Ihesetik ere badu dantzak, egunerokotik ihes egiteko gogoa, krisi ekonomikoa ahaztekoa, ankerkeriak lurperatzekoa, asperdura haustekoa.... Baina bizitzari aurre egitea ere da dantza, bizitzarekin dantzatzen ikastea, lagunekin zein arrotzekin dantzatzen erakusten digu dantzak. Mundua ulertzeko modu bat, bizitzeko modu bat. Dantzan bizi, bizi dantzan.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan