Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

ARGIA.com
Itzuli ARGIA.comra
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

LiteraturaSailak



Haritik harira

Itxaro Borda

Arg.: Gaizka Iroz

Itxaro Borda

Idazlea

Liburuak datoz, argitaletxeak doaz, aitzineko urteetan baino nekeago izan arren. Krisi bat badela azpimarratzen da, bereziki irakurleena, haur eta gazteek ederki ilustraturiko obrak irensten darraitela. Eider Rodriguez, Leire Bilbao, Pako Aristi edo Iñaki Zubeldiak arkatzari tink egin zioten, erakunde ofizialekin batera Bularretik mintzora ekimenak herri zenbaitetan gazteen irakurzaletasuna bultzatzeko asmoa barreatzen zuela.

Mariasun Landak, saileko erregina, bizkitartean helduen plaza okupatu zuen bere erdarazko Fiesta en la habitación de al lado liburuan Parisko 68ko oroimenekin. Lanak ohikoa zaigun eztabaida piztu zuen, Xabier Silveirak aitzineko sasoian eskainiriko A las ocho en el Bule nobelaren ildotik: zergatik idatz euskaraz, zergatik ez gazteleraz? Oinarrizko galderak, adinekoen irakurzaletasunaren akuilatzeko baliabiderik ezean.

Sautrela emankizunak, mahai-inguruek, Lourdes Unzueta eta Miren Agur Meabek eramaniko BizkaIdatz I. lehiaketen parekoek, Sara zein Durangoko feriek, Eako eta Senpereko Hatsa elkartearen poesia egun arrakastatsuek ez dute, antza, euskaraduna liburuetara erakartzen. Zer da eskas? Literatura espektakulu bihurtzea? Hizkuntzaren prestigioa bermatzea? Idazleengan, ideologia ezberdinetarik askatuz intimoaz haragoko euskal errealitate anitzak idazteko libertate sentimendua?

Ematen du ardura, periferia biluziotarik ikusiz, euskal egilea kanpora begira ari dela hitz lerrokatzen. Eleberri parrasta bat itzuli da erdaretara, horrek dakarren onarpenarekin, eskuko bostean kontatzen direlarik aldiz erdaretarik euskaratuak: Koldo Izagirrek orraztu Ulenspiegelen elezaharra, Alberdaniako Darrieusecq-en Tom hil da edo Harkaitz Canok gureratu Hanif Kureishiren Intimitatea.
Euskal idazleak ehortzetan baizik ez dira gurutzatzen. Iratzeder eta Garate lurperatu ziren, Gabriel Aresti omendu zen eta gazte saldo bat sartu Euskaltzaindian. Baina, oroz gainetik, euskal idazleak herkideekin biltzea atsegin du atzerrietan, Renon, Galeuscan edo Bardozen, leku urrunetan baino ez baitu idazle gisa jarduteko irudipenik.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan