Net Hubil
KANALAK
Gaurko hari@
Euskarri elektronikoak
Literatura
Administrazioa euskaraz

ZERBITZUAK
@kaixo doako posta
Postalak
Aurkibidea
Bilatzaileak

Kioskoa
Euskara
Atsotitzak

ARGIA astekaria
ELKARRIZKETAK 1963-98

GURE AZOKA

Net hurbil Net hurbil

RAMADANEAN OTOITZ ETA BARAU DAGI MUNDUAREN LAURDENAK

Azaroaren 6an hasita, Ramadan hilabeteko giro berezian biziko da munduko lau biztanletatik bat. Fedeak musulmanen eguneroko bizimodu eta ohiturak asko kutsatzen baditu, are nabarmenago gertatzen da hori ilargialdi honetan. Abenduaren 6ko festekin burutuko den sasoi hau sakratua da gure artean ere ugaritu diren musulmanentzako.

Munduko milioika musulmanentzako, azaroaren 6an hasiko da urteko hilabeterik bereziena. Ramadan sasoia da. Egun horietan, barau egingo dute egunsentitik ilunabarrera. Hilabete horretan ospatzen baitute Jainkoak Koranaren lehen bertsoak Mahoma edo Mohammad profetari errebelatu zizkion garaia. Barne hausnarketa, otoitz eta autokontrol aroa da. Musulmanen egutegian bederatzigarren hilabetea da Ramadana. Hau hasi eta 26. egunaren ondorengo gauak Laylat-al-Qadr izeneko ospakizuna ekarriko du, aurten gure abenduaren 1ean. Eta Ramadanaren bukaeran hilberria hasten den uneak seinalatuko du Id-al-Fitr festa iritsi dela mundu osoan diren milioika sinestun horientzako. Egunez barau egin, sarritan otoitza praktikatu, meskitetara gehiago joan eta ahaideak eta betiko lagunak bisitatuz, hilabete horretan musulmanek beren familien eta komunitatearen barne loturak sendotuko dituzte.

Izarretik izarrera

Duela urte gutxi kristau komunitateetan Garizuman bizitzen zen giroarekin aldera daiteke Ramadana, urrundik bada ere. Elizkizun, isiltasun eta otoitzari ordu asko eskaintzen zaizkio eta berez arautegi zehatza duen musulmanaren bizimoduak are gehiago zorrozten ditu egunotan bere betekizunak.

Barauak irauten duen orduetan -egunez- ezin du sinestunak ez erre ez sexu harremanik eduki. Egunaren bukaeran baraualdia iftar izeneko errezoarekin batera etengo da, hurrengo egunsentia arte. Koran sakratuak dioenez, sinestunak jan eta edan dezake "egunaren argitan marra beltz bat marra zuri batetik berezi daitezkeen unea arte", eta ondoren hurrengo gaua bitartean hasten da baraua. Barauak musulmanari dakarkion on guztia bost gauzotako batek alferrik galdu dezake: gezur bat esateak, norbait kalumniatzeak, norbait salatzeak, gezurretan zin egiteak eta zekenkeriak. Edozein unetan ere bekatutzat jotzen diren jokabide hauek, are larriagoak omen dira Ramadaneko barau giroan.

Ohi baino sarriagotan doaz musulmanak meskitetara urte sasoi honetan, eta denbora gehiagoz egiten dute otoitz han. Eguneroko ohiko bost errezoaldiez gain, Ramadanean Taraweeh izeneko otoitz berezia (Gaueko Errezoa) egiten dute, eguneroko otoitzak baino bi edo hiru aldiz luzeagoa dena. Zenbait musulmanek gau osoa emanen du errezoan. Hogeita seigarren gauean Laylat-al-Qadr (Agintearen Gaua) ospatuko dute: gau horretan ospatzen da Mahomari Jainkoak Korana errebelatu zion eguna. Eta liburu santu horren arabera, gau horretan zehazten du Jainkoak hurrengo urtean gertatuko dena.

Baraualdia aurten abenduaren 6an bukatuko da. Ramadana bukatu eta Shawwal izeneko hurrengo hilabeteari bide ematen dion festak Id-al-Fitr du izena (Baraua Hausteko Jaia). Hiru egun iraunen du ospakizun berezi horrek. Musulmanek egun horietan elkarri opariak egingo dizkiote, eta familia eta lagunarte berezian bilduko dira otoitz egin eta otordu luzeak egiteko. Leku askotan gainera feria eta festa bereziak ere antolatuko dituzte ospakizun horien kariaz.

Hedatze geldiezinean

Islama da azken urteotan sinestun kopuruz gehien hazi den erlijioa. Eta munduko bigarrena da jarraitzaile kopuruan. 1996ko datutan, Asian 1.022 milioi biztanle sinesmen horren barruan zegoen katalogatua, biztanleriaren herena. Afrikan 426 milioi ziren urte horretan, populazioaren %60 inguru. Horiei guztiei Europa, Amerika eta Ozeaniako musulmanak gehituta, mundu osoan 1.482 milioiko kopurua ematen zuen duela sei urte, hau da Lurrak zeuzkan 5.772 milioi biztanleen %26.

Urteko hazkunde tasa islamarentzako %6,4koa zen urte horietan, eta beste batekin konparatzekotan, kristauen kopuruak garai berean %1,46ko hazkundea zeukan. CIAren dokumentaziotik ateratako datu horien gainean, islamaren gune bat baino gehiagotan gaur egun mundu osoan 1.900 milioitik gora izango direla kalkulatzen dute. Izenez musulman deituagatik Koranaren irakaspenak eguneroko bizimoduan jarraitzen dituztenen nombrea apalagoa izango dela bistakoa da, baina erlijio guztiekin gertatzen da desfase hori, eta ez da islama izanen kalkulu horretan ere galtzaile aterako litzatekeena.

Erlijioen arteko beste konparaketa interesgarri bat "Reader's Digest"ek egin zuen 1983an. Aurreko mende erdian erlijioek gora edo behera egin zituzten mugimenduak aztertu eta konparatu zituen aldizkari horrek. Bere datuen arabera, konfuzianismoa eta taoismoa berrogeita hamar urtetan %13 jaitsi ziren. Juduen kopuruak ere behera egin zuen, mende erdian %4 galduta. Kristautasunak %47ko kopuruan egin zuen gora; honen barruan behera egin zuten Ekialdeko kristau ortodoxoek %36, protestanteak %57 ugaldu ziren, eta eliza katolikoak egin zuen igoerarik handiena sail honetan, %70 hazita. Ikerketa beraren arabera, budistak %63 gehiago ziren mende erdi beranduago, hinduisten kopurua %117 hazi zen, shintoistak %152 gehiago ziren. Baina erlijio guztietan hazkunderik nabarmenena islamak ezagutu zuen mende erdian: %235 ugaritu zen munduan. Ikusi dugunez, Asian eta Afrikan da indartsuena islama, baina azken hamar urteotan hazkunde tasarik deigarrienak Australia (%257), Europa (%142) eta Ipar Amerikan (%25) ezagutu ditu.

Eta azkenean, Frantzia, Britainia Handia edo Amerikako Estatu Batuak bezalako herrialde aurreratuetan islama da jarraitzaile kopuruz bigarren erlijio nagusia. "Gaitzaren Ardatzaren" kontrako guduan buru-belarri murgilduta azaltzen den AEBen barruan, 140 milioi kristauen artean 10 milioi musulman bizi dira. Aginte guneetan indar handia duen komunitate judua baino ugariagoa osatzen dute musulmanek. Kristauak berak hainbat elizatan banatuta daudela kontutan hartuta, katolikoek eta Hegoaldeko baptistek bakarrik irabazten diete musulmanei kopuruan. Gainerakoak, izenez hain ezagunak egiten zaizkigun metodistak, ebanjelioak, mormoiak eta beste atzetik dauzkate.

Gure artean ere ibiliko dira baraua eta Allah jainkoari egindako otoitzak. Urte osoan bezala. Ohartu ez garen arren.

 

 



ZER BERRI
Azken ordukoak
Egunkariak
Irratiak
Telebistak
Aldizkariak
Buletinak
Irakaskuntza
Kultura
Agenda
Eguraldia
Zinema
Kirolak
Ekonomia
Internet
Eztabaidaguneak
Zerbitzuak

 

.
 
.
   

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: Sareko Argia
ARGIA. Industrialdea, 15. 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403