Net Hubil
KANALAK
Gaurko hari@
Euskarri elektronikoak
Literatura
Administrazioa euskaraz

ZERBITZUAK
@kaixo doako posta
Postalak
Aurkibidea
Bilatzaileak

Kioskoa
Euskara
Atsotitzak

ARGIA astekaria
ELKARRIZKETAK 1963-98

GURE AZOKA

Net hurbil Net hurbil

KOSOVOKO BERRI TXARRAK GAUEZ BANATZEN ZIZKIGUN E-POSTARIA

Slobodan Milosevic Jugoslaviako lehendakari ohia Hagako epaiketan zigortzeko, frogen artean garrantzia berezi bat izango dute Kosovoko emakume honek urte betean munduko lau haizeetara barreiatutako posta elektronikoek. Serbiarrek Kosovon 1998 eta 1999an egindako demasien lekukotasun latzak izan dira eta liburu batean bildu berri dituzte.

Sevdije Ahmeti du izena, 57 urte ditu eta Europan oihartzuna izan duen liburua plazaratu du: "Journal d'une femme du Kosovo (février 1998-mars 1999)" (Kosovoko emakume baten egunkaria). Carlotte Valadek eman du liburuaren eta egilearen historia hunkigarriaren berri "Transfert" aldizkarian.
Ahmetik, izan ere, serbiarrek Kosovoko albaniarren kontrako garbiketa etnikoa hedatzen zuten egunetan, erresistentziako ekintza eraginkorra burutu zuen: egunean zehar lortzen zituen informazioak posta elektronikoz buletin batean bildu eta munduan zehar ezagutuak zituen pertsonei (1.300 helbidetara) banatzen zizkien gauero.

Buletin horiek osatzen dute NATOk serbiarrei erasotzeko erabakia hartu zuten eguna arteko gertakizun beldurgarrien kronika garratza. Kontakizun horiek aipatu titulua daraman liburuan argitaratu ditu berrikitan Parisen Gosearen kontrako eta Garapenaren aldeko Batzorde Katolikoak (CCFD).

Isolamendua hautsi nahi

1989a arte unibertsitateko biblioteka nazionalean ari zen lanean Sevdije Ahmeti, baina urte horretan kanporatu egin zuten, Milosevicek garbiketa etnikoa mamitzen joateko martxan jarri zituen neurrietako baten poderioz. Gizarte mugimenduetan hasi zen militatzen eta albaniarrez idatzitako aldizkari bakarretako batean, "Kosovaria"n, idazten ere bai.

Horrela harrapatu zuen gerraren hasierak 1998an. Ez zen armak hartzen hasiko... Baina berak aurrez pentsatu baino arrisku handiagoetan sartu bai. Lehen mezua 1998ko martxoaren 6an bidali zien bere 1.300 hartzaileei. "Gerra dago Kosovon. Baina dena 1989an hasi zen. Sinestezina da denbora honetan guztian guk inolako laguntzarik lortu ez izana (...) Ipuinean bezala 'otsoa dator' esaka ari ginela uste zuten. Pazientzia galdu dugu eta konfiantza ere bai. Esker anitz gerra ekiditeko ezer egin ez edo gerra lehertu dadin ahalegin guztia egin dutenei".

Azken mezua 1999ko martxoaren 25ean bidali zuen Ahmetik, NATOk Pristina hiriburua bonbakatu zuen biharamunean. Urte bete horretan, Kosovon jazotako erreketa, atxilotze eta hilketak kontatu zituen bere posta elektronikoetan, biktimen zerrenda eta guzti, gertatzen ari zen triskantzaren lekukotasun zehatzak.

Azken kronika igorri eta biharamunean telefono haria moztu zioten emakumeari, eta martxoaren 28ko gauean gizon ezezagunak azaldu ziren ate joka, jo eta bertan hilko zutela oihuka. Ihes egin behar izan zuen.

Ahizpa baten etxean ezkutaturik zegoela, maiatzaren 4an azaldu zitzaizkion lau gizon mozorrotu. Etxean ziren guztiak (ahizpa, senarra eta koinatua) bi orduz jipoitu eta torturatu ondoan, bederatziak arteko epea eman zieten alde egiteko. Eta garrantzizkoagoa zena: bere ordenagailua eraman zuten. "Ongi zekiten -dio Ahmetik- zeren bila zebiltzan. Biktimak arriskuan ez jartzeko ordura arte plazaratu gabe nituen agiriak, argazkirik onenak". Horietako asko betikotz galdurik dira.

Harreman ugariko emakumea

Informazioa eskuratzeko, iturri sare zabal baten jabe izan da urte horietan Sevdije Ahmeti. Milosevicen politikagatik 1989an unibertsitatetik kanporatu zutenean, Giza eskubideen eta Askatasunaren aldeko Pristinako Batzordean (KPMDN) hasi zen parte hartzen. Eta 1993an Vjosa Dobruna mediku lagunarekin beste elkarte bat sortu zuen, Emakume eta Haurren Babeserako Zentroa. Honek Italiako GKE baten laguntza handia zuen, baita Bruselan den Osasunerako Mundu Erakundearena ere.

Harreman horiei esker bidaia ugari egin ahal izan zuen Ahmetik, eta kontaktu berriak egin. "Joan-etorri horietan guztietan ezagutuz joan nintzen pertsonalitateen helbide elektronikoak bildu nituen pixkanaka, eta laster 1.300eko kopurua osatu nuen". Gerra lehertutakoan, guztiek jasoko zuten bere eguneroko kronika-buletina.

Kronikak bidaltzen hastearekin, Europako Segurtasun eta Elkarlan Erakundeak (OSCE) bi ordenadore eta argazki kamera digitala utzi zizkion. Eta tresna horiek lagun, Nazio Batuen Erakundeak eta batik bat Errefuxiatuen Aldeko komisarioak Kosovora egiten zituzten bidaietan laguntzaile gisa joaten zen. Mugarik Gabeko Medikuek eta Save The Children GKEak antolatzen zituzten konboiekin ere joaten ziren, Ahmeti eta bere laguna Vjosa medikua. Eta hala kurritu zuen Kosovo osoa, serbiarren desmasien lekukotasunak, elkarrizketak eta argazkiak bilduz.

Bidaietatik etxeratutakoan, Pristinan, gauean hasten zen bere egunkaria idazten, senarra eta haurrak ohera bidalita. 7 eta 15 orri arteko kontakizunak. "Nire helburua, informazio gordina idaztea zen, ez ikuspegi eta ez analisirik gabe. Horregatik, nire kronikak berez mintzo dira: egunak, bilakaera politikoak, sutu dituzten eskualdeak, biktimen kontakizunak, manifestaldi bakezaleak...".
Europan egindako kontaktu horiek izan ziren serbiarren mehatxuen kontrako garantia ere. "Kronika bat bidaltzen ez nuenean, nire lagunak (kazetariak, ikasleak, diplomatikoak, frantses, italiar edo belgiarrak) hasten ziren bazterrak astintzen".

Internet, "miraria"

Hala definitu dio sarearen garrantzia Ahmetik kazetariari. 1995ean izan zuen tresna honen lehen albistea, nazioarteko bilkura batean aurkeztu ziotenean NBEen babesean sortu berria zen Women Watch web gunea. Garai hartan Kosovo guztian ez zegoen web gunean nabigatzeko operatzaile komertzialik, soilik sare militante bat (Zana.pr) eskualdeko hogei ordenadore lotzen zituena.
1992an Association for Progressive Communication erakundek Jugoslaviarako antolatutako Zamir sarearen partaide zen: erakunde horrek kazetari independenteei eta bakearen aldeko erakundeei sare paraleloak antolatzen zizkien. Hori zen egoera 1995an. Baina 1998an gerra lehertu zenean, jadanik hemen ere Internet gorputz hartua zen, eta hari eskerrak hedatu zituen bere egunkariak Ahmetik.

Gerra bukatuta, 2000ko udan, Milosevic epaitu behar zuen nazioarteko epaitegiko jueza Sevdije Ahmetiren bila joan zen Pristinara: ordenagailuko informazio baliotsu asko ohostua izan arren, Internet bidez zabaldutako lekukotasunak baliagarri izan zitzaizkion bere lanerako Epaitegiari.
Baina bera ez da Hagan azaldu, epaiketan. "Orain biktimek behar dute mintzatu. Nik nire lana egin nuen". Hark Pristinan segitzen du, Emakume eta Haurren Babeserako Zentroan batetik, eta bestetik emakume eta neskentzako doako Internet gune bat mantentzen. "Zail egiten zaigu Kosovotik ateratzea. Eta enbaxadarik ez daukagu. Internetekin, emakume eta neskak ere klik batekin munduko edozein herrialde eta gunetan daude, bestela eskuratuko ezingo lituzketen dokumentuak ikusten".

PELLO ZUBIRIA


 

 



ZER BERRI
Azken ordukoak
Egunkariak
Irratiak
Telebistak
Aldizkariak
Buletinak
Irakaskuntza
Kultura
Agenda
Eguraldia
Zinema
Kirolak
Ekonomia
Internet
Eztabaidaguneak
Zerbitzuak

 

.
 
.
   

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: Sareko Argia
ARGIA. Industrialdea, 15. 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403