Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Donostiako 71. Musika Hamabostaldia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Kontzertuen kritikak

Momentu onean

Montserrat Auzmendi

Halaxe dirudi dagoela Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, kontuan harturik joan den ostegunean emandako kontzertua. Aurtengo Hamabostaldiko edizioan orkestra onak izan ditugu: Mariinsky antzokikoa, Errusiako Nazionala, Liverpoolekoa… Formazio sendoak eta izen ona dutenak Europan. Konplikatua da horrelako kalitatezko taldeen ondoan, printzipioz xumeagoa den orkestra bat nabarmentzea, baina gure orkestrak, baldintza guzti hauekin, paper ona egin zuen, eta une azpimarragarriak izan ziren emanaldian zehar.

Esku-programan orkestraren zuzendari titularra zegoen aurreikusia, Andrés Orozco-Estrada, baina, osasun arazoak direla eta, Ari Rasilainen finlandiarra izan zen taldearen gidatzailea, eta taxuz egin zuen bere lana, dudarik gabe.

Egitaraua Sergei Rachmaninovi dedikatuta egon zen. Konpositore honen erromantizismo berezia primeran irudikatu zuten musikariek. “Spring op. 20” kantatan, baritono, koru eta orkestrarentzat, irmotasunez aritu zen Andra Mari Abesbatza, gure inguruan dabilen koru onenetakoa dela frogatuz. Bestalde, Károly Szemerédy baritono hungariarrak, ahots komentzigarria izateaz gain, interpretazio zentzuduna eta adierazkorra egin zuen. Orkestrak soka gozoa eta koordinazio ona eratutsi zuen. Baina aukera gehiago izan zuen luzimendurako saioaren bigarren zatian, Rachmaninoven “2. Sinfonia mi minorrean op. 27”. Fraseaketa zabala eta oreka instrumentu-familien artean izan ziren uneoro ezaugarri nagusiak. Bereziki ederra eta emozionantea atera zen hirugarren mugimendua, Adagio-a, ez baitzen inoiz tentsioa galdu. Aktuazio ona, laburbilduz.

Fitxa: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Ari Rasilainen. Andra Mari Abesbatza. Zuzendaria: José Manuel Tife. Bakarlaria: Károly Szemerédy (baritonoa). Egitaraua: Rachmaninoven obrak. Lekua: Kursaal Auditorioa. Data: irailaren 2a.



Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2009 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan