Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Donostiako 71. Musika Hamabostaldia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Kontzertuen kritikak

Hori boterea, hori...

Montserrat Auzmendi

Dudarik gabe, Mariinsky Antzokiko Orkestrak aho zabalik utzi nahi gaitu Musika Hamabostaldian ematen ari den hiru kontzertuekin. Larunbatean jasotako inpresioa, ezin hobea, areagotu egin zen igandean. Stravinskyren hiru balletak jotzea saio berean bada akrobazioa moduko ausardia, baina Mariinskykoek eta Gergievek (munduan gutxik bezala), badute horretarako eta gehiagorako gaitasuna. Baina aldi honetan, bigarren saioan, ausardia atrebentzia bihurtu zen. Egitarau luzea eskaini zuten, luzeegia agian, bariatua, non orkestraren soinuaren boterea protagonista izan zen, non bakarlariek beren instrumentuekin nahi zutena egiten zuten… gehiegi.

Richard Wagner-en “Parsifal” operaren bi pasarte aitzakia ederra izan zen orkestraren soka zoragarriaren erakustaldia egiteko. Soinuaren enpastea eta garbitasuna nagusi izan ziren, Gergievek duen fraseo dotorearekin batera.

Jarraian, Sergei Katchatrian biolinjole armeniarrak bete zuen eszenatokia, bere teknika perfektu eta izugarrizko sentsibilitateari esker. Sibeliusen re minorreko biolinerako kontzertuaren bertsio bikaina eman zuen. Ezin hobeki urtu zen orkestraren soinuarekin, eta kontraste ederrak egin zituen: pasarte sutsuak behar den intentsitatearekin iritsi zitzaizkigun eta, bestalde, pianissimi ahaztezinak oparitu zizkigun musikariak. Horrez gain, Katchatrianek emandako bisa (abesti armeniar bat) benetako harribitxia suertatu zen, distiratsua.

Baina atzoko kontzertua elurrezko bola handi bat bezala izan zen, gero eta handiagoa, gero eta indartsuagoa. Bigarren zatian, publikoa erotu egin zen Denis Matsuev piano jolearekin. Matsuevek, musikari ona izateaz gain, badu “mazinger” moduko indar zapalgarria, publikoari asko gustatzen zaiona. Shchedrinen pianorako 5. kontzertuak ez zuen sekreturik izan bakarlariarentzat. Doitasun erritmiko eta teknika perfektua izan ziren bere ezaugarri nagusiak. Gainera, ez zen moztu propinak emateko momentuan: Shostakovich-en piano eta tronpetarako 1. kontzertuaren mugimendu bat, ziztada bat bezala izan zena, eta pianorako egindako Rossiniren “El barbero de Sevilla”-ren moldaketa birtuosistiko bat, deabrukeriaz josia. Espasmodikoa izan zen jendearentzat, bene-benetan.

Shchedrinen beste bi obrarekin amaitu zen emanaldia. “Zalditxo konkorduna” balletaren pasarte zirraragarriak entzun genituen, eta jazz ikuturen bat duen “Naughty limericks” izeneko orkestrarako 1. kontzertuaren Allegro assai puntu-puntuan interpretatu zuten. Benetako maratoi musikala!

Fitxa: Mariinsky Antzokiko Orkestra Sinfonikoa: Zuzendaria: Valery Gergiev. Bakarlariak Sergei Katchatrian (biolina), eta Denis Matsuev (pianoa). Egitaraua: Wagner, Sibelius eta Shchedrinen obrak. Lekua: Kursaal Auditorioa. Data: Abuztuaren 8a.



Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2009 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan