Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Donostiako 71. Musika Hamabostaldia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Kontzertuen kritikak

Dotoretasun hutsa

Montserrat Auzmendi

Ez da erraza gaur egungo publikoari ballet klasikoaren produkzio erakargarria eskaintzea. Oso muntaketa klasikoa bada, naftalina kutsua du, modaz pasatako zerbait iruditzen zaio jendeari; dantza garaikideak, aldiz, publiko zehatz bat du, askotan ez da sentsibilitate guztietara iristen. Les Ballets de Monte-Carlo konpainiak, Ballet Errusiarren oinordekoak, esaten den bezala, jakin du konbinaketa erakargarri eta dotorea egiten. XX. mendearen hasierako maisuen koreografietan oinarritzen da Jean-Christophe Maillot zuzendaria, baina nolabait garbitu egiten du koreografia horiek duten giro dekadentea, bultzada berria emateko espektakuluei. Eta, atzokoa ikusita, esan behar da emaitza benetan ona dela.

Erabat desberdinak diren bi ballet ekarri dituzte Donostiara monakoarrek. Lehenengo zatian, bere garaian polemikoa izan zen Stravinskyren “Udaberriaren sagaratzea” disfrutatu genuen. Giro bukolikoa duen istorioa (lehenengo ekitaldian lurraren adorazioa irudikatzen da eta bigarrenean dontzeila baten sakrifizioa naturari) koreografia errudimentarioaren bidez eramaten da, ikutu naïf batekin. Taldearen aktuazioa doia eta indartsua izan zen uneoro.

Bigarren zatian sentsualitatearen unea izan zen. Rimsky-Korsakoven “Scheherezade” ederra eta elegantea erakutsi zigun Jean-Christophe Maillotek. Fokineren lehenengo koreografian oinarrituta, pauso klasiko eta modernoak nahasten dira Monte-Carlokoen bertsioan. Bestalde, eszenografia sinple eta koloretsua, eta jantzi politak baina gehiegikeriarik gabeak (hori guztia Jérôme Kaplanen meritua) beharrezko osagaiak dira osotasunaren dotorezia biribiltzeko. Dantzarien kalitatea frogatuta gelditu zen. Bernice Coppietersek, Zobeidaren rolean, bete egin zuen eszenatokia bere dohain artistiko eta bere presentziari esker. Egia esan, talde osoa goi mailan aritu zen, eta publikoa txoratuta gelditu.

Fitxa: Les Ballets de Monte-Carlo. Zuzendari-koreografoa: Jean Christophe Maillot. Egitaraua: “Udaberriaren sagaratzea” eta “Scheherezade”. Lekua: Kursaal Auditorioa. Data: abuztuaren 30a.



Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2009 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan