Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Donostiako 71. Musika Hamabostaldia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Kontzertuen kritikak

Beteranotasuna

Montserrat Auzmendi

Ganbera musika gutxi izan dugu Musika Hamabostaldiko aurtengo edizioan. Esan genezake atzo Victoria Eugenian izandako kontzertua bakarra izan dela genero honetan. Bakarra eta oso erakusgarria. Tokyo laukotea orain dela 40 urte sortu zen, eta une horretatik bere kideak bakarlariaren karreratik urrundu egin ziren taldeko proiektua lantzeko. Horrexegatik ganbera musikako benetako profesionalak direla aitortu behar da. Eta profesionaltasun hori izan zen atzo entzuleengana iritsi zena.

Musikari finak dira Beaver, Ikeda, Isomura eta Greensmith, dudarik gabe, eta beraien arteko elkar ulertzea, koordinazio erritmiko eta sonoroa begi bistan daude. Baina, agian, hainbat urte perfekzioa landuz “mekanizismo” puntutxo bat hartu dute, ez adierazkortasuna falta zaielako, ezta pentsatu ere, baizik eta koskarik ez zegoelako interpretazioetan, nolabait plano samarrak zirelako, inongo sorpresarik gabeak.

Franz Schuberten “Sokarentzako laukotea mi bemol maiorrean D 87” soil-soila atera zen, nahita, seguru, baina tonu diskretu hori obra osoan zehar aspergarria suertatu zen. Tentsio gehiago lortu zuten Mozarten “Re maiorreko KV 575 laukotea”-rekin. Obra honetako Menuetto-an adierazkortasuna oparitu zuten, eta bukaerako Allegretto-a adoretsu eta ñabarduraz josia atera zen.

Oraindik inspirazio gehiagorekin aritu ziren Schumannen “Sokarentzako laukotea la maiorrean op. 41, 3.” jotzerakoan. Assai agitato mugimendua benetan odolberoa atera zen, Adagio molto-a delikatua egin zuten eta Finale-an adorea nagusi izan zen. Propina bezala, beste Schubert bat jo zuten, aurrenekoa baino matizatuagoa.

Fitxa: Tokyo Laukotea. Egitaraua: Schubert, Mozart eta Schumannen obrak. Lekua: Victoria Eugenia Antzokia. Data: abuztuaren 29a.



Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2009 ARGIA.eus

Helbidea:
Industrialdea, 15 � 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan