« itzuli ARGIA.eus-era
argia.eus

Bereziak

burua

Juanjo Olasagarre

Karoo

2010-07-02 07:30:00 | Juanjo Olasagarre

Karoo Hegoafrika erdian dagoen eskualde erdidesertikoa da. Para dezagun westernetan ikusten dugun paisaia horren antzekoa, lehorra, landare iharrak, harriak, paisaia zabalak, eta beroa, bero handia.

Karook izugarrizko itzala du afrikanerren iruditeri mitikoan, ez dakit, zerekin konparatu, baina pentsatu dut beharbada Aralarrek gurean izan dezakeen antzekoa izan daitekeela, zerbaitekin konparatzeagatik.
 
Ingelesak ailegatu eta afrikanerrak “The great Treak” hasi zutenean Karootik hasi ziren, berriz ere Ameriketara joz, Caravana de Mujeres filmean bezala. Halaxe erakusten dute argazkiek: gurdiak, gizon bizardunak, andreak tapa-tapa eginda, umeak, mukiak zintzilik eta amets kalbinista, gidari, hainbeste Kalbinia deitu hiri bat sortu zuten, Karoon bertan.
 
Ametsa, Karoo bezain lehorra zen, zurruna, zorrotza, bekatuaren eta lanaren zentzu astunarekin, gizakion bizitza bekatua eta lanaren artean mugitzen baita. Lehendabizikoari ihes egiteko bigarrenean aritu behar baita, jo eta ke.
 
Moral hiper kalbinista horrek Apartheida ekarri zuen. Ezagutzen ditudan afrikaner guztiek dute lanaren zentzu ikaragarria, gurea baino dexente handiagoa. Karoo bezain lehorra eta astuna.
 
Baina honetara ailegaturik orain akordatzen naiz Desira Desordenatuak argitaratu berri den liburuan aipu hau ekarri duela Joseba Gabilondo irakasleak: “The Basques are the queerest and staunchest of the Spanish minorities… Their Catholicism is so dour and stolid as to be almost Calvinist in flavour”. (Jan Morris, Spain). (Euskaldunak Españako gutxiengoetatik arraro eta sutsuenak dira... Haien Katolizismoa horren da gogorra eta zurruna, ia Kalbinismo gustua du). Gehiagorik?

 

  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

Ez dago erantzunik.

JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

BIDEOA
DIAPORAMA
Argia.com

© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403