« itzuli ARGIA.eus-era
argia.eus

Bereziak

burua

Juanjo Olasagarre

Cape Town

2010-06-11 08:33:00 | Juanjo Olasagarre

Kaixo. Gaur blog honetako sarrera idatzi aurretik aitarekin Iruñean izan naiz. Haizea zebilen, haize freskoa eta halako argi metaliko bat erortzen zen hiriaren gainean. Blog hau gogoan berehala etorri zait gogora Lur Muturreko Hiria, Cape Town.

Udaberria hasi berria zen ni ailegatu nintzenean eta gaur Iruñean lako eguna egiten zuen: euri txikia, eguzkia kukuka, hodei lasterrak, baina batez ere haizea, haize bortitza. Non dagoen begiratzea besterik ez dago, lur muturrean, korronteen menpe.
 
Oscar Wilde parafraseatuz esan daiteke eguraldiaz aritzea dela bizimoduaz mintzatzeko biderik zuzenena, eta Cape Townen halaxe zen.
 
Ez naiz aspaldi bertan egon, sei-zazpi urte izanen dira, gainera nituen kontaktu gehienak Johannesburgera joan dira bizitzera ogia ateratzeko errazago delako, bertan baitago dirua, hori da behintzat capetarrek esaten dutena.
 
Ai baina bizi lasaia, arrisku gutxiagoko bizimodua, askotan zaila egiten den muga kulturalak gainditzeko lan gehiegi egin gabe eraman daitekeen bizitza mota hori, askoz errazagoa da Lur Muturreko Hirian, Western Cape eskualdea, Cape Town dagoena, hain zuzen, populazio zuri gehien duen eskualdea delakoz, beharbada.
 
Horrelako gauzei buruz ari naiz baina Hegoafrikan ikasi nuen bertako zurien larrutan egonen banintz nik ere beharbada Cape Townera joko nukeela bizitzera, etxekoagoa, ezagunagoa delakoz, alde batera utzirik paperean ongi gelditu bai baina gero eguneroko bizitzan aurrera eramatea lana eskatzen duten “gizaki guztiok berdinak gara” bezalako orokorkeriak.
 
Nahiago, beraz, haize bortitza belztasunaren itsaso zabala baino. Jakina baziren muga kulturalak gurutzatu eta arriskuak harturik belztasunaren itsasoan barneratzen ziren zuriak, baina gehiago ziren esploratzaile, berriz ere, Afrikaren aurkitzaile, asmo oneko kolonizatzaile ezen ez beltz horien aldamen. Baina gauza hauek guztiak Hego Afrika zaharraren kontuak beharko lukete. Mundiala jokatuko da Hegoafrika berrian. The Rainbow Nation.

 

  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

Ez dago erantzunik.

JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

BIDEOA
DIAPORAMA
Argia.com

© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403