« itzuli ARGIA.eus-era
argia.eus

Bereziak

burua

Joxemari Ostolaza

Teknika aplikatua

2010-07-02 08:10:00 | Joxemari Ostolaza

deitzen genion kokapen batean jokatu beharrak eskatzen zituen egokiera zehatzen multzoari. Eta nire eskarmentuz eskubaloian nahiz futbolean zen baliagarria. Garai batean bai batean bai bestean ezkertiak ezkerretik, eskumatiak eskumatik. Lege orokorra. Esan behar dut ohikoagoa zela eskumatiak nonahi jokatzen ikustea, ezkerrak aldiz, eskumatik aritzea bitxia zen. Entrenatzaile ezkerti gutxi dago.

Duela berrogeita bost urte inguru eskubaloian ezkertiak eskuman kokatzea izan zen taktikaren aldakuntza zehatza, geroztik ohikoa bilakatu zena. Pitiu Rochel Alacanteko Obras del Puertoko taldean aritzen zen hegalekoa izan zen nik ezagututako lehena. Eta bidea egin zuen, haren jaurtiketak gelditzea atezainei gainzailtasunak ekartzen baitzizkien, estali beharreko angelua irekiagoa baitzen. Egun, albokoak eta hegalekoak hor jokatzea da normalizatuena.
 
Futbolean, orain gutxi arte salbuespenezko egoera zen. Nik uste, Cruyff holandarra bere Barçako garaian izan zela ezkerretik jokatzen zuen eskumati bakarrenetakoa. Eta bere taldeko Resach katalana hasi zen ezkertia izanik eskumatik jokatzen, egun ohikoa bilakatu den Iniesta, Henry eta Messi bezala.
 
Mundial honetan kokapen hau jada ez da berezia. Talde askok erabiltzen dituzte ezkertiak eskumatik, baina beti ere aurrelariei dagokionean. Ez dut ikusi hori atzelarietan. Eskubaloian ez bezala, futbolean hegalekoak ez ziren goleatzaile, pasatzaile baino. Defentsa lerroan jokatzeak ekarri du berrikuntza hau, eskubaloian zolan tintatutako marra baita defentsa lerroak marrazten duena futbol imaginarioan. Lehen ezker hegalekoek eskumako aurrelarien ateko marrarainoko bidea ixtea zuten xede, gaur eskumatik jokatzen duen ezkertiak atea bera du helburu, gola. Horregatik zail zait ulertzen, zergatik entrenatzaileek ez dituzten hegaleko defentsak egoera berrira egokiarazten. Agian euren erasoko balizko lehen jokaldietan dute burua, eta defentsako ahulezi hori erasoaren abantailaz berdindu nahi izaten dute. Oso oker ez banabil, hurrengo Mundialak berrikuntza taktiko hau ekarriko du. Eta bizi gaitezela baieztatzeko.

 

  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

Ez dago erantzunik.

JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

BIDEOA
DIAPORAMA
Argia.com

© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403