« itzuli ARGIA.eus-era
argia.eus

Bereziak

burua

Joxemari Ostolaza

Futbol eskolak

2010-07-05 08:35:00 | Joxemari Ostolaza

Gure garaiko auzoko eskola publiko guziak ziren futbol eskolak, aisialdi oro bilakatzen genuen futbol. Bi onenek banaka-banaka, tartekatuz noski, aukeratzen zituzten taldeak elkarren aurka jokatuko zutenak. Gol bakoitzean atezaina aldatzen genuen, salbuespenak baziren ere, inork ez zuen bereziki atezain izan nahi.

Arautegia ere propioa, hiru kornerka penalti, hiru penaltika gol. Eta eskolakoak ez bazuen irabazle garbirik, eskola eta gero askariarekin jarraitzen zuen demak. Gure kasuan Atotxa zelaiko kanpoaldeko Mugica fabrikako aurrealdea genuen gustuko eremua, alde batera bidea, bestera fabrikako pareta. Geroago jakin nuen Gabriel Celaya poeta erdaldunen familia zela bertako jabea. Eremua zuhaiztia zen eta arbola bakoitza jolasaren aktore geldia. Orduan hasi ziren Donostiako talde antolatuen begiraleak jokalari bila etortzen. Hamabi urte genituela muntatu genuen gure kluba, Kontxa hondartzako lehiaketan parte hartuko zuena, geroztik Kostkas izenez ezagutua. Nekez joango zen norbait kanpoko ekiporen batera, eta kasu horietan fraile eskola pribatuetan ikasten zutenak, eskolak hala behartuta izaten ziren auzotik at lagunen aurka aritzen zirenak. Horrekin batera, eskolartekotan ere parte hartzen genuen, eskubaloia, atletismoa…..Kirol gehienetan, jende bera. Sesio bat baino gehiago ezagutu dut, norbaitek eskolako aginduari muzin egin eta eskolatik kanporatua izan zena bere auzoko taldea aukeratzeagatik.
 
Egun, futbol eskolak daude klubek antolatuak. Zelai egokiak, baloiak ugari gure garaian ez bezala, markako oinetakoak eta gustuko izarren elastikoak. Guztia, helduek antolatua. Ikasketak, helduen soluzioek egituratuta jolasetik jokora beharrezko trantsiziorik eta esperimentaziorik gabe. Diseinuzko urbanizazioek haurren eremuak jan dituzte euren bizia eskola arautua bilakatuz. Futbolarietan ere, idazkari asko eta poeta gutxi.

 

  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

Ez dago erantzunik.

JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

BIDEOA
DIAPORAMA
Argia.com

© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403