« itzuli ARGIA.eus-era
argia.eus

Bereziak

burua

Afrikatik, egunero

Garai zaharrak oroituz

2010-07-07 16:43:00 | Lander Arbelaitz

Apartheidaren museoa

Apartheidaren museoa

Apartheid garaiko banderak zintzilik, tiroak, barrikadak, atxiloketak, exekuzioak, kartel politikoak, oihuak, borroka kantuak... gaur goizean apartheid aroa nolakoa izan zen nolabait bizitzeko parada izan dut. Apartheidaren Museoan izan naiz, Johannesburg hiriko turisten patata berorik nagusienetakoan. Sarrera 50 Rand, hau da, 5 euro. Goizeko 9:30erako barruan nintzen, eta erakusketan aurrera patxadaz nindoala, amaiera aldera heldu naizenean, gose nintzela ohartu naiz. Erlojuari begiratua bota eta arratsaldeko 15:30ak!

Museoaren lehen parteak bikain kokatzen du testuingurua. Lurralde hauetara gizon zuria heldu zenetik, 1614an, 1948an apartheida formalki ezarri zen arte. Labur azaltzeko, bertako natiboekin zenbait guda izan zituzten arren, armamentuan zuten aldea faktore garrantzitsua izan zen lur hauek hartzeko. Behin herrialdean, zurien bi komunitate nagusi: afrikanerrak eta britainiarrak. Afrikanerrak Herbehereetatik, Frantzia eta Alemaniatik etorritakoen ondorengoak dira, gehienbat nekazariak. Herrialdeko aberastasunak kontrolatu nahian, diamanteak eta urrea, Anglo-Boer Guda izan zuten. Britainiarrek irabazi zuten guda mingarria. 27.000 emakume eta haur afrikaner kontzentrazio eremuetan sartu zituzten britainiarrek eta bertan hil ziren gehienak. Afrikanerrak benetan umiliatu eta mindu zituen historiako kapitulua da hori. Beren kulturaz harro, honi eusteko modu bakarra, komunitateak aparte mantentzea zela erabaki zuten. Zurien artean gehiengoa ziren, eta 1948an hauteskundeak irabazi zituzten. Beren asmo nazionalistak aurrera eramateko parada jarri zitzaien lehen aldiz. Horratx apartheida.

ANC alderdiaren sorrera, Mandelaren figura, desobedientzia bidezko borrokak, borroka armatuaren sorrera, erresistentziaren atxiloketa masiboak, giza eskubideen urraketa sistematikoak, belaunaldi berrien altxamendua, herrialdea gobernaezin egiteko mezuak eta negoziazio prozesua azaltzen ditu museoak. Ez ditut hemen azalduko, ez baita nire asmoa historia liburu bat egitea. Apartheidetik Munduko Kopara kronologian pausoz pauso gatazkaren une esanguratsuenak topa ditzake gaian interesa duenak.

Museoa oso ongi dago dokumentatuta argazki, dokumentu, bandera, kartel, bideo eta baita 1990 inguruan Sowetoko borrokak baretu asmoz ejertzitoak erabiltzen zituen tanke eta guzti (halako armatrosterik sekula ikusi!). Museoaren amaiera partean, pantaila erraldoietan proiektatutako bideo askok bizitza termino haietan nolakoa zen imajinatzera eramaten dute bisitaria. Youtuben antzeko bideo batzuk topatzen saiatu naiz:

Sowetoko borrokak. ANC vs. gobernuko indarrak. Audiorik ez du, baina Winnie Mandelaren ondoren dauden irudiak ikusgarriak dira.



AWB indar zuri ultraeskuindarrak ANC eta gobernua demokrazia negoziatzen ari ziren eraikina indarrez hartzen.



ANC eta IFPko zuluen arteko borroka odoltsuak KwaZulu-Natal lurraldean. Adi: Oso irudi gogorrak.



Amaieran bakea eta demokrazia negoziatu zuten protagonisten hitzak entzun daitezke, banan bana. Lau pantailatan lau pertsona. Horietako bat Roelf Meyer da, apartheideko gobernuaren ordezkaria ANCrekin egindako negoziazioetan, bihar elkarrizketatuko dut hau. Benetan gizon interesgarria da Meyer, ondoren inongo lotsarik gabe askotan azaldu baitu nola izan zen prozesua eta nola aldatu zuten ANCrekin egindako negoziazioek bere bizitza eta Hegoafrika ulertzeko modua.

Museoko jatetxean menua: “respect” eta “reconciliation” izeneko plateren artean dudan izan naiz. “Respect” hartu dut inguru lasaira begira nagoen bitartean. Guda Zibiletik hain gertu egondako herrialdeak, oraindik bide luzea badu ere egiteko, pauso nabarmenak eman ditu bakearen eta berradiskidetzearen bidean, ikusi besterik ez dago zerbitzari beltz eta zurien artean dagoen gizalegezko harremana.

Museoaren sarrera eta irteeran zazpi zutabe handiren oinetatik pasa behar du bisitariak. Hitz bana osatzen dute letra erdoilduek: demokrazia, berradiskidetasuna, aniztasuna, berdintasuna, erantzukizuna, errespetua eta askatasuna. Hegoafrikako konstituzioaren zazpi zutabeak dira.

 

  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

Ez dago erantzunik.

JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

BIDEOA
DIAPORAMA
Argia.com

© 2008-2010 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403