Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Hauteskundeak 2008

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Balorazioak

12:57, martxoak 10

Iñaki Antiguedad: “Gogoeta egin beharra dago, ez hainbeste helburu politikoetaz baizik helbide politikoetaz” (audioa)

Iñaki Antiguedad, analista politikoa

Iñaki Antiguedad (Argazkia: Iñigo Azkona)

"Batetik abstentzioa zertan gauzatu zen interesatzen zait, nik gertuen daukadan sentsibilitate politikoa kanpoan geratu delako. Atzokoa ez zen, batzuek esan zuten moduan, “demokraziaren jaia” izan. Abstentzio maila ikusita badirudi eutsi egin zaiola azken hauteskunde autonomikoetan eta foraletan egon zen kopuruari: 165.000 eta 170.000 ingurukoa izan da abstentzioa. Dena dela kezkatu egiten nau neurri batean ezker abertzaleak izan duen babesa beste batzuetan askoz ere handiagoa izan delako. Gogoeta bat egin beharra dago, ez hainbeste helburu politikoetaz baizik helbide politikoetaz: ez ote dugun politika egiten sektore bati begira soilik, konbentzituta eusten dion sektoreari begira, alegia.

Bigarren ondorioa da Espainia presenteago egon dela azken hauteskundeetan. Tsunami bipartidistaz hitz egingo da, bipolarizazioaz, baina hemengo indar politiko abertzaleek ere badute errua horretan, joko horretan sartu direnek behinik behin: kanpainan eman duten mezua izan da garrantzitsua dela Madrilen egotea. Nik uste garrantzia handiegia eman zaiola Madrilen egoteari eta hori kontuan hartuta ulertzekoa da hainbat jendek esatea: “Madril hain garrantzitsua bada ez noa nire botoa kopiari ematera, jatorrizko bertsioari baizik”. Nik uste talde soberanistek horren inguruko gogoeta egin beharko luketela".

 

erantzun
12:41, martxoak 10

Allande Boutin: “Boterearen desilusioa erakusten dute emaitzek” (audioa)

Allande Boutin, kazetaria

Allande Boutin (Argazkia: Gaizka Iroz)

"Azpimarratuko nuke BAB mankomunitateko egoera. Baiona, Angelu eta Biarritzen bigarren itzulia beharrezkoa izango da. Orain dela zazpi urte ez zen horrela gertatu, lehen itzulian Biarritzeko alkatea eta Baionakoa pasatu baitziren. Eta Angelun, nahiz eta 22 botoko aldea baizik ez dagoen sozialistek kudeatzen duten zerrendarekin, kezkatuta ageri da alkatea, gal egin baitezake. Baionan eta Biarritzen, dudarik ez dago alkateek errepikatuko dutela, baina hauteskundeek erakusten dute badela boterearen desilusio bat. Galtzen ari dira, jendea agian nekatzen hasi baita. Baionako kasuan, ezkerrak botoen laurdena lortzen du, ez da oso emaitza ona. Biarritzen Borotra auzapezaren sistema mugara iritsi da: hamar puntu galdu ditu, abertzale eta eskuineko hautagaien mesedetan. Gainontzean ez da aldaketa nabarmenik udal hauteskundeetan, bai ordea Donibane Lohitzune inguruko herrietan. UMP alderdiak bultzatzen zituen zerrendek ez dute lortu nahi zutena. Era berean, Lapurdi hegoaldean abertzaleek dituzten emaitza onak azpimarragarriak dira, nahiz eta ez diren boterera iritsiko".

erantzun
12:36, martxoak 10

Porrotaren zergatiak (Baleren Bakaikoa)

Baleren Bakaikoa, EHUko irakaslea

Baleren Bakaikoa (Argazkia: Maddi Soroa)

Hasteko, azpimarratu behar da hauteskunde orokor hauek ez direla batere normalak izan. Hori begibistakoa izan da edozein aldetik begiratuta. Izan ere, Alderdien Lege anti-demokratikoa zorrotz aplikatu da eta Batasuna, EHAK eta EAE-ANV jokoz kanpo utzi dituzte, eta ahotsik gabe geratu da Hego Euskal Herriko hiritarren zati handi bat.
 
Gero, abstentzioaren deia luzatu zuen ezker abertzaleak. Abstentzio horren deia ETAk gogortu zuen eta jakina, ETAk honelako deia egiten duenean, kirioak dantzan jartzen dira. Eta zer esanik ez agintean dagoen alderdiko militante xume bat hiltzen badu. Horrek guztiak, demokraziaren itxura erabat eraldatuta utzi zuen eta zer esan euskal sozialismorantzako bideaz, sozialismora heltzeko langile xumeak hil behar badira; zaila benetan ulertzea.

erantzun guztia irakurri
12:20, martxoak 10

Xabier Aierdi: "Abertzaletasunak ezin ditu hain amets handiak eduki" (audioa)

Xabier Aierdi

"PSOEk irabazi egin du, baina oso garrantzitsua da oraindik PPk duen oinarria. Nahiz eta diferentzia mantendu diputatuetan, ikusten da eskuma oso mobilizatua dagoela eta ezkerrak baduela orokorrean zer pentsatu, boto asko galdu baititu. Gurera etorrita, EAJren gainbehera nabarmena izan da, eta nik uste dut udal hauteskundeetan ikusi zena berriro ikusi dela: pentsatzeko une bat zabaldu behar du eta bere proiektua zein den ikusi. Nahiz eta oso zaila izan duen oraingo hauteskundeetan: Ez zeukan oso argi zertara jokatu behar zuen, batetik subiranotasunean ezin du ezker abertzale ezberdinak baino erradikalagoa izan eta bestetik moderazioan ere ezin zezakeen jokatu. Neurri batean Lehendakariaren plana lur jota geratu da, oinarririk gabe. Gainerakoan, ANVk bere oinarri hautesleari eutsi egin dio. Eta orokorrean esango nuke abertzaletasunak atzera egin duela: gero eta presentzia eskasagoa du, 7 diputatu ditu 23tik eta abertzaletasunak pentsatu beharko du bere estrategiak nola eraman aurrera, ezin baititu hain amets handiak eduki benetan duen indar errealerako."

erantzun
12:18, martxoak 10

Aingeru Epaltza: "Atentatuak NaBairen aukerak hautsi ditu”

Aingeru Epaltza, idazlea

Aingeru Epaltza

"Ematen zuen foru hauteskundeetan gertatutakoak halako ondorioren bat izango zuela botoetan, baina Nafarroako mapa politikoan boto bakar batzuk besterik ez dira mugitu 2004tik hona. Diferentzia bakarra da abstentzioa pixkat igo dela, baina %3ra ez da ailegatzen, bakarrik mendialdeko herri batzuetan nabarmendu da, segur aski ezker abertzaleak duen kontrolak funtzionatu duelako.
 
Garbi dagoena da NaBaik PSOEren bizkar igotzeko zituen aukerak ostiraleko atentatuaren efektuak hautsi dituela, eta baita kanpainan bi hautagai besterik ikusi ez izanak. Dena dela, azpimarratzekoa da NaBai dela Hego Euskal Herriko indar abertzaleen artean eutsi dion bakarra. Horrek pentsarazi beharko lieke gainerako alderdi abertzaleei eramaten ari diren politika egokia ote den, eta pertsona batek egun batean EAJri eta bestean PSOEri botoa ematen dionean ez ote den ari zerbait gertatzen, Arabakoa ikaragarria da alde horretatik.
 
Estatuan bipartidismoak erloju batek bezala funtzionatu du, IUk agian berdeago bilakatu beharko luke gorriago baino. Niretzako PSOE igotzea ez da ustekabea izan, baina aldi berean PP igotzea bai. Zer legegintzaldi izango dugun? Auskalo. Baina Zapaterori laguntza nazionalismo katalan eta euskaldunetik bakarrik etorriko zaio eta ikusteko dago nola baldintzatuko duen horrek bere agintaldia".

erantzun
12:00, martxoak 10

Hauteskundeak, zertarako? (Eider Rodriguez)

Eider Rodriguez, idazlea

Eider Rodriguez

Hauteskundeak pasata, zenbakien fribolizazio garaia dator. Telebista saio bereziak, egunkari gizenak, monografikoak, zenbakien interpretazioa, azalpena, zuriketa, aldarria, ezkutaketa… Betikoa.
 
Hauteskundeek eta futbol ligak antza handia dute: norgehiagoka amaitutakoan, guztiak jarraitzen du bezperan legez. Baita Reala bigarren mailara jaitsita ere, oroitzen zarete? Zertan da iragartzen zen hekatonbea? Guztiak jarraitzen du berdin: zaleak zale izaten segitzen du, eta arerioak arerio. Finean, golak eta bozak gorabehera, sistemak, urradurarik txikiena ere ez du nabarituko. Euskal Herriaren –eta Europaren– ezaugarri politikorik gaiztoena, izan ere, gauzak errotik aldatzeko ezintasuna da: ez du askorik axola botoa nori eman, beti berberek agintzen baitute, alegia: beraiek! Norbaitek esan zuen bezala: berdin dio zer gertatzen den, beti irabazten du Real Madrilek.

erantzun guztia irakurri
11:50, martxoak 10

Iñaki Etxeleku: “Berrikuntza. Alain Iriart kontseilari orokor bilakatu da” (audioa)

Iñaki Etxeleku, kazetaria

Iñaki Etxeleku

"Kantonamenduko hauteskundeei begirako bat emango diegu. Egia erran, Ipar Euskal Herrian ez dugu aldaketa edo sorpresa handirik ikusi. Lehenik erran behar da Jean-Jacques Laserre, zentro eta eskuineko, hau da, Modem eta UMP alderdien sostenguarekin den gehiengoa, mantentzen dela oro har Pirinio Atlantikoetako parlamentuan. Gainera, Ipar Euskal Herrian ziren Laserren aldeko edo Departamenduaren gehiengoko hautetsi zenbaitek, lehen itzulitik berriz ere erdietsi dute kargua.

Berrikuntza bat ere aipatzen ahal dugu; Alain Iriart Hiriburuko auzapeza kontseilari orokor bilakatzen dela. Oso emaitza ona egin du, botoen % 65 lortu baitu. Lehen aldia zen aurkezten zela gisa horretan kontseilari orokor karguarentzat. Abertzaleen Batasuneko kidea dugu Iriart, baina hauteskunde bereziak ziren, UMPk ez baitu hautagairik jarri aurrean, ezta ere zentroak, eta aurretik zegoen Jean-Pierre Destrade kontseilari orokorrak bere sostengua erakutsi zion Iriarti. Ez zen beraz, sorpresa handia pasatzea, baina alde handiarekin pasatzen da".

erantzun
10:37, martxoak 10

Anjel Lertxundi: "Ibarretxeren asmoak kolpe handia hartu du" (audioa)

Anjel Lertxundi, idazlea

Anjel Lertxundi

"Lehendabizi azpimarratuko nukeena da Euskal Autonomia Erkidegoan indar abertzaleen arazoak jada nabarmentzen ari zirela aurreko hauteskundeetatik, behintzat garai batean zuten hegemonia mantentzeko. Nafarroan berriz, indar abertzaleek eusten diote azkeneko boladako tendentziari. Hori da nire ustez azpimarragarriena: EAk bere parlamentaria galtzea, batetik eta EAJk beste bat galtzea, eta batez ere Bizkaiko nagusigoak hegemonia mantentzeak esan nahi du Ibarretxek zeukan asmoak nolabait kolpe handia hartu duela. Ikusiko dugu datozen hilabeteetan zer gertatzen den horrekin, eta baita ere PSOErekin nolako akordio edo desakordioak dituen. EAJk nondik joko duen momentu honetan ikustekoa izango da, eta alde horretatik nik uste dut interes politiko handia duela kontu horrekin"

erantzun
10:09, martxoak 10

Demokraziaren garaipena

Ainhoa Aznarez, PSNko kidea Iruñeko Udalean

Ainhoa Aznarez

Nahiz eta ETAk bere azken atentatuarekin hauteskunde orokorrak baldintzatu nahi izan, demokrata garen guztiok gure bozekin bakean uzteko ozenki esan diogu. Sandra Carrascok bidalitako mezua geureganatu eta erantzukizunez jokatu dugu. Ezin zen bestelakorik egin.

erantzun guztia irakurri
09:16, martxoak 10

Herriko eta kantonamendu bozen ondoan

Emilio Lopez Adan, idazlea

Emilio Lopez Adan idazlea

Hauteskunde hauetan ez zen hil ala biziko partidarik jokatzen. Behar bada Pabeko Kontseiluan ezkerra izanen da nagusi edota Angeluko auzapeza aldatuko, baina funtsezko aldakuntzarik ez zen espero: baziren, halere, ikustekoak; nire irudiko, hauek:

erantzun guztia irakurri

© 2008 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan