Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraUribealdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Uribealdea Butroe-Sopela-Plentzia-Gorliz-Lemoiz-Gaztelugatxe-Bakio-Sollube

PLENTZIA

Butroi ibaiaren azkenetako meandro batean herri turistiko eta gogoangarri hau aurkitzen da, Gorlizekin partekatzen duen hondartza itsasadarraren eskuinaldean geratzen bazaio ere. Ibaiaren beste aldean, Barrika eta bere labar miragarriak. Horrenbestez, Plentzia bata bestea ukitzen dauden hiru herri hauen erdian kokatzen da, eta horregatik hiruak jorratuko ditugun atalaren buru izango da.

IKUSTEKOAK

Barrikatik etorriz Plentziaren sarreran dagoen oinezkoentzako zubi politean pasealeku oso atsegina abiatzen da. Pasealekua itsasadarraren ondotik doa (errepara iezaiozue txalupa koloretsu eta kirol-ontzi zurixka mordoari), portu zaharretik (gaur egun gehiago da kirol-portua) eta Udaletxe ondotik segitzen du, eta bata bestearen atzetik, Plentziako eta Gorlizko hondartzak inguratzen ditu. Horren erdian, lehen aipatutako Udaletxea eta ondoko Kasinoa aipatu behar ditugu, biak ere Astillero Plazan kokatuak.

Alde zaharrean, berriz, bere kaleen erdi aroko trazadura, eta herria inguratzen zuten harresien hondakin batzuk azpimarratuko ditugu. Kale estu eta maldatsu hauek dominatuz Madalenako Andre Mariaren eliza dugu, erdi aroko elementuak gordetzen dituen Berpizkundeko tenplua, gotorleku itxuraduna. Eliza Enparantzan, Santiago Atea ikusiko duzue, sarrera funtzioa zuen arkua hain zuzen ere. Bertako etxeek ere osotasun polita sortzen laguntzen dute.

Herrialdea
Bilbora
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak

Bizkaia
28 km.
4 m.
3.277
%29
6 km2
546 bizt./km2
Karmenak (uztailak 16)
Madalenak (uztailak 22)
San Antolin (irailak 2)

 

 

 

 


BARRIKAKO LABARRAK

Plentziako itsasadarraren beste aldean Barrika herritxoa geratzen da; berdegune zabalaren erdian kokatzen den populagune atsegina, baina herriaren sarrerako Jubilatuen Etxe ikusgarria izan ezik, azpimarratzeko moduko eraikin gutxi eskaintzen ditu. Barrikak gordetzen digun altxorra, altxor izugarria, bestelakoa da.

Horrela, Udaletxea dagoen erdigunetik itsasorantz abiatzen bazarete (Udaletxea eskuinean utzi eta hurrengo bidegurutzean eskuinetara joz, adibidez), bakarrik ametsetan ikusten den paradisu horietako batera iritsiko zarete.

Barrikak, batez ere badiaz bestaldeko Astondopunteren parean, Gaztelua izeneko puntan, Euskal Herriko labarrik ikaragarrienak dituela esan genezake. Zelai irregularrez osatutako mantu orlegi eder batek estaltzen dituela, itsasotik handioski irteten diren labar basati eta zurixka hauek jada berez sekulako ikuskizuna osatzen dute, baina badago gehiago ere...

Ezkerrean ozeano zabala, gure aurrean Astondopunte-Uztrikoetxe lur mutur ikusgarriak, euren arteko kalak, eskuinean Plentzia-Gorlizko hondartza eta herriak, gure azpian Muriola hondartzatxo ezkutua, atzean aipatutako zelai galantak... Gaztelu-punta zoragarri honetan orduak eta orduak eman ditzakegu, txundituta, horrelako mirari bat nolatan den posible pentsatuz.

GORLIZ

Gorliz Plentziako jarraipen naturala da, herri bakarra bailiren, eta batak bestea jotzen daudenez gero, ez dakigu non amaitzen den bat eta non hasten den bestea (hondartzan berdin gertatzen da). Herri batik bat turistikoa da, jende gehien erakartzen duena bertako hondartza luze eta atsegina da, baina herriaren barnean ere badago zer ikusia: Sorkundeko Andre Mariaren eliza (X.-XI.ean eraikia eta XVIII.ean berritua, dorre barrokoa nabarmentzen delarik), Udaletxe gorrixka, Elurretako Andre Mariaren edo Andre Mari Agirreren ermita (bista politak dituen atsedenleku batean), edota Guruztokia (1776).

UZTRIKOETXE MUTURRA

Barrikako alde ezin ikusgarriago honetaz gozatzeko aukera izan badugu, zilegi da beste aldera begira gauza bera egitea, honek ere sekulako ikuskizuna eskaintzen digulako. Horretarako, lehenbizi, Gorlizko itsasargi modernoraino hurbilduko gara, eta itzuleran Uztrikoetxe lur mutur izugarrian barneratuko gara.

Oinezko ibilbidea Gorlizko hondartzaren amaieran abiatuko da, gorantz hasten den errepide ondoko burdinazko langa altu baten sarreran (Gorlizko Itsasargia seinalatzen duena). Nahiz eta asfaltaturik egon, Kukulu Behekoa baserri-auzoraino igotzen den bidea oinezkoentzat bakarrik da, kanpoko autoek pasatzea debekatua dutelako. Baserri eta zelaien arteko bide polit honetan zehar, beti zuzen eta gorantz goazela, 45 minutu barru Itsasargi zurira iritsiko gara, eta Billano uharte inguruko panoramika ederrez gozatzeko aukera ere izango dugu.

Itzultzean, eskuinetara abiatzen den bidezidor bat hartuz, gure bigarren helburua lortuko dugu, itsasgaineko labarrak inguratuz Uztrikoetxe muturrera hurbiltzea, alegia. Bertan, itzelezko ikustaldiaz gozatzeaz gain, Azkorriagako Gotorlekuaren hondakinak ere topatuko ditugu.

GAZTELUGATXE DONIBANE

Bizkaiko kostaldean, Bakio eta Bermeo artean, gure herriko monumenturik ezagun eta, era berean, misteriotsuenetako bat ikusiko dugu. Olatuek errukirik gabe astintzen dute inguru hau, behin eta mila aldiz, eta orduantxe ageri zaigu inoiz baino basatiago, irailaren azkeneko itsasaldi gogorretan alegia. Metro batzuk harantzago Aketx harkaitza lagun bakarra duela, Gaztelugatxeko Donibane ermita eta harkaitza edozein olerkari inspiratuko lukeen leku magikoa da.

Harkaitza antzina uharte izan zen, baina Getariako “Arratoia” bezala, kostari lotzeko jendeak harrizko zubi bitxi samarra erantsi zion. Arrazoia: Donibaneren irudiaren aurrean errezatzeko asmoz uharteraino gerturatzen ziren ehunka erromesak arriskurik gabe pasa zitezela. Izan ere, Donibaneren tailua harkaitzaren gainean dagoen ermitan gordetzen da.

Zubiak bi begi bakarrik ditu, baina irla ukitu ondoren, 231 harmaila dituen eskailera-gurutzebidea hasten da, sigi-saga ermitaraino ailegatuz. Azken harmailan ikusiko duzuen giza oinatza herri-sinismenak Donibane santuari berari egotzi izan dio, horraino iritsi zelako froga gisa. Ermita honek X. mendetik hamaika gorabehera jasan ditu, ermita, gotorleku, babesetxe edo tenplarien monasterio gisa, hainbat aldiz suntsitu eta berriz altxatu baitute.

Goitik, 100 metroko altueran, itsasoaren indarra nabaritzen da, eta kostaldeko ikuspegia ikaragarria da, baina agian gehien txunditzen duena zera da, igaro berri dugun galtzada-bide ingurutsuaren ikuspegia; irreala dirudi. Azkenik, ermitaraino behin itsasbeheran eta beste behin itsasgoran igotzea aholkatzen dizuegu, sentsazioak eta bistak oso ezberdinak baitira.

BAKIOKO SAN PELAIO

Gaztelugatxetik oso gertu (ikus ibilbidea) Bakioko San Pelaio ermita erromanikoa dugu, XII. mendekoa eta Bizkaian dauden onenetarikoa. Barneluzego bakarra duela, zakarki apaindutako kapitelak, atriuma, absideko zirrikitu moduko leiho artistikoa eta kanpoaldeko ataurrea dira nabarmentzekoak.

BAKIO

Txakolinak ospetsu bihurtu duen herri hau uda pasatzeko ohitura handiko lekua da, bere inguruan kostalde ederra eta basatia luzatzen baita. Monumentu gehienak ere inguru ederretan sakabanaturik dituenez, paseatzeko abiapuntu polita da. Herrian bertan hondartza handi eta zabala azpimarratuko dugu, urpean aritzeko nahiz surfean egiteko egokia.

BERMEO

ITSASOARI LOTURIKO LEHEN HIRIA

Bermeo Bizkaia osoan fundaturiko lehen hiria da, Lope Diaz de Haro-k 1239an foru hori eman baitzion. Horregatik, Gernikako Juntetxean berak zituen lehen aulkia eta botoa, eta bere ordezkariek hitz egiten zutenean, besteek burutik txapela kendu ohi zuten. Horra hor, beraz, hiri arrantzale honek historian zehar izan duen garrantziaren seinalea (Bizkaiko Buru izan zen 1602 arte). Halere, erdi aroan, bandoen arteko guduak eta suteak zirela medio, herria bera kolokan jarri zen.

Lehendik landutako garrantzia eta lortutako pribilegioek aurrera egiten lagundu zioten, eta hala, XVI.ean penintsulako arrantzu-flota garrantzitsuena bertan zegoen. Hortik aurrera arrantzak oparotasun aro luzea ekarriko dio, populazioa eta urbanismoa asko garatuz. Izan ere, Bermeo beti itsasoari begira bizi izan da, eta itsasotik etorri zaio dirua, ospea eta prestigioa.

IKUSTEKOAK

Horrelako herri batean egin daitekeen gauzarik atseginena zera da, kaitik ibili, itsasontzien irten-etorriak ikusi (Bermeok oso kai-mutur aproposa du, eta gainera Izaro uhartea aurrean du) eta kofradiako salerosketetara hurbiltzea da. Horrez gain, Bermeok oso alde zahar interesgarria du, eta bertatik ibiltzeko, hirira etortzen den edonork ikusiko duen Kasinotik hasiko gara. Hiriaren erdi-erdian dago, kaiaren ondo-ondoan, eta aldamenean Lamera parke atsegina dauka.

Kaiaren ondotik zeharkatuz, Portu Zaharrerantz abiatuko gara, eta tartean Santa Eufemia Eliza gotikotik ere pasatuko gara. Bertan gurutzeria bizantiarra, marmol zurizko erliebea eta Mendozarren hilobi gotiko loretsua nabarmentzekoak dira.

Alboan pilotalekua eta kofradia ditugu, eta atzean jada, Portu Zaharra. Honen erdian dauden eskailera batzuetatik Ertzilla Dorre gotikora iritsiko gara, Alonso Ertzilla poetaren sendiarekin lotua dagoena. Gaur Arrantzaleen Museoa dugu. Bertan historian izan diren hainbat itsasontzi eta tresnen bilduma zabala ikusiko dugu. Zabalik: asteartetik larunbatera, 10-13:30 eta 16-19:30 ordu bitartean (igandeetan goizez eta jai-egunetan itxita).

Ertzilla kalean aurrera eginez, laster Sabino Arana Enparantzan aurkituko gara. Bertan, alde batean Udaletxea (bere eguzki-erloju biekin) eta Santa Maria Eliza neoklasikoa ditugu.

Bien artean doan Doniene kaletik, San Joan Portaleko arku edo harrizko atera iritsiko gara. XV.eko harresietatik geratzen den sarrera bakarra da. Berau igaro eta ezkerrerantz, alde zaharra inguratuko dugu, eta, halaxe, Arresi kaletik barrena, hasi garen Kasinotik pare bat kale atzerago dagoen Prantzisko Deuna Eliza eta Klaustro gotikora ailegatuko gara. Bizkaiko zaharrenetakoa den hau gaur egun azoka bihurtua dago.

Herrialdea
Bilbora
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak

Bizkaia
36 km.
25 m.
17.036
%78
34 km2
501 bizt./km2
San Juan (ekainak 24)
Madalenak (uztailak 22)
Andra Mari (irailak 8)

 

 

 


Orrialde nagusiraUribealdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403