Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraNerbioi itsasadarraNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Nerbioi itsasadarra Bilbo-Trapagaran-Zierbena-Zanturtzi-Portugalete-Getxo
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak

Nola iritsi PORTUGALETE-GETXO

Portugaletek Santurtzirekin batera hiri bakarra osatzen duela esan genezake, batetik bestera igarotzeko batzuetan kalea zeharkatu besterik egin behar ez delako (edo muturreko adibide bat jarriz, eraikin baten barruan gela batetik bestera pasatu).

NERBIOREN ESKUINALDEKO URBAZTERRAREN DOTORETASUNA

Portugalete eta Algorta arteko Zintzilikako Zubiak, oso giro ezberdina bizi izan duen (eta egun ere duen) eskuinalde dotore eta aberatsagoan utziko gaitu, Getxoko udalerria kokatuta dagoen eskuinaldean hain zuzen. Bizi-maila inbidiagarria duen hiri hau ondo banatutako auzuneetan banatua dago, bakoitzak bere pertsonalitate propioa duela.

Areetan, berehala ezkerrerantz joko dugu, erdigunerantz, Neguriko aberatsen etxe-jauregi zoragarriak ikusten hasten garen lekuan ezkerrerantz hartuko badugu ere, Ereaga Hondartzan sartzeko asmoz. Hondartzaren erdian Algortarako bidetik aurrera segi dezakegu, eskuinetik gorantz, errepidean berriz ezkerrerantz jarraituz. Erdigunea Plentziarako norabidean zeharkatuko dugu. Hori bai, erdialdearen bukaeran dagoen bidegurutzean ezker aldetik gorantz joko dugu, seinalaturik ez badago ere.

Bide horretan, segituan Nerbioi ibaia itsasoratzen den Abraren eskuinaldeko Galea Lurmutur ederrean barneratuko gara. Errepidea labarren gainetik badoa ere, paraleloki, gomendagarriena ibilbide hau oinez egitea da, Aixerrotan hasi eta muturreko itsasargiraino. Dena den, kotxez eginez gero ere, beti geratuko zaigu Aizkorri Kala-Hondartza zoragarriaren inguruan prestatutako (prestatugabeei segituz agian hobeto) ibilera ederraz gozatzeko aukera. Itsasargitik kilometro batera dagoen aparkalekura iritsi eta ibiltzen hasi... ez duzue damurik izango.

Zer ikusi

PORTUGALETE

“Portu” kasu bitxia da; batetik, sei kilometro karratutan 50.000 pertsonatik gora bizitzeak, imajina dezakezuenez, herrian sekulako giro eta animazioa sortzen duelako, eta bestetik, nahiz eta ezkerraldean kokatua egon, langile baino burges kutsu handiagoa izan duelako betidanik.

Gaur egun, Portugaletek pozik eskaintzen ditu bere alde zahar gogoragarria, Nerbioi ondoko pasealeku polita, eta batez ere, honen gaineko Bizkaia edota Zintzilikako Zubia, Bizkaia osoko siluetarik ezagunenetarikoa eta portugaletetarrak harrotzeko arrazoi nagusia.

LABURPEN HISTORIKOA

Nahiz eta herri gisa lehenagotik egon, hiri gisa 1322an fundatu zen, Maria Diaz de Haro Bizkaiko Andereak luzatutako foruari esker. Hortik aurrera, erdi aroaren amaiera aldera (XIV.-XV. mendeak) Euskal Herriko beste leku askotan bezala, sendien arteko borroken gorabeherek eragin nabarmena izan zuten bertan. Portugaleteko kasuan Salazar sendia aipatu behar dugu, 1379an izen hori daraman dorretxea eraiki zutenen sendia, hain zuzen ere.

Bitartean, itsasadarraren ondoko gotorleku gisa sortutako hiria merkataritza eta industrian murgiltzen hasiko da, eta XVI. mendean, gaur arte iraun duen garapen ekonomiko eta demografikoa hasi zen. Hirugarren Karlistadan (1871-75) hiriaren setioa eta zapalkuntza jasan ondoren, bizkortu egin zen bere modernizazioa, trenbidea, zubi ospetsua eta beste hainbat eraikin inauguratuz.

Urte horietan Portugalete modan jarri zen burgesiaren artean, hondartza eta bainuetxearengatik batik bat, eta gaur berau edertzen duten eraikinetako asko egin ziren. Mende honen bigarren erdian berriz, ondoko guneetako industrializazioak eraginda, hiriak sekulako hazkunde demografikoa ezagutuko du, Euskal Herriko “Hong-Kong txikia” dei genezakeena bihurtzeraino.

IKUSTEKOAK

Santurtzi eta Portugalete lotzen dituen Nautika Eskolatik hasita, 820 metro neurtzen dituen burdinazko kaia dugu, Abraren uretan barneratzen dena. Itsas haizeaz gozatzeko leku egoki honetan kainaberadun arrantzale bat baino gehiago ikusiko duzue.

Erdigunerantz aldiz, Txurruka Kaia hasten da, portuko lanak zuzendu zituen ingeniariaren omenez. Bere gainean XIX.-XX.eko etxe burges ederrak altxatzen dira. Halere, bertatik paseatzen hasi aurretik eskuinean dugun Areilza Doktorearen Parkean sar gaitezke.

Txurruka Kaiaren erdian hiri honetako sinboloa hasten da, itsasadarra zeharkatzen duen Bizkaia Zubia ospetsua. 1893an eraikia, munduan bere moduko lehenengoa izan zen, hots, era honetako lehenengo zintzilikako zubia (gaur egun bederatzi daude soilik), itsasontzi handiak pasatu beharrak ez baitzuen zubi arrunta egiteko aukerarik uzten. Burdinazko eraikin harrigarri honek ibaiaren 160 metroak lotzeko sistemarik erabiliena izaten jarraitzen du, eta bere interesagatik, Gizateriaren Ondare izendatu dute.

Zubia igaro eta laster Orubearen Plaza (Plaza del Solar) ederrera iritsiko gara, herriaren erdigunea markatzen duen zabalgunea.

Plazan bertan, estilo-nahasketa nabaria erakusten duen mende hasierako Musika Kiosko ikusgarria ageri zaigu. Plazaren erdi-erdian, berriz, Victor Txabarriri eskainitako monumentua altxatzen da, XIX. mende amaierako euskal ekonomia eta politikagintzan eragin handia izan zuen portugaletetarraren oroimenean.

Enparantza edertzen laguntzen duten beste bi eraikinak 1884ko Udaletxe barroko-neoklasikoa (arkupeduna eta tonu urdinetan margotua dagoenez oso ikusgarria geratzen dena), eta estilo kolonialean (beste batzuentzat neoklasikoan) egindako Hotela dira. Azken hau mende hasierako Bizkaiko aristokraziaren topagune zen. Azkenik, Udaletxearen alboan, Santa Maria eta Salcedo kaleen kantoian, Portugaleteko urrezko garaiko beste eraikin ikusgarri pare bat ikusiko dugu, plaza ederrari amaiera ezin hobea emanez.

Salcedotik jarraitu eta Iturrizar kalean ezkerretara joz Santa Klara Komentura iritsiko gara. Bertan Berpizkunde-plateresko estiloetako kanpandorrea azpimarra dezakegu. Hiriko beste tenplu erlijioso nagusira joateko, aldiz, bide beretik itzultzea eta Santa Maria kale aldapatsua igotzea gomendatzen dizuegu, horrela “Portu”ko kalerik girotsuenetarikoa ezagutuko duzue-eta. Kale honetan bertan, lehenbizi topatuko duzuena Salazar Dorretxea izango da, 1379. urtean egina eta 1934an berreraikia.

Itsasadarra behatzeko begiratoki aparta den inguru honetan antzinako harresien zatitxo bat ere ikusiko duzue, erdi puntuko arku bat eta guzti. Ondoan dagoen Santa Maria Basilika hiriko eraikin historikorik garrantzitsuena da. Gotiko-Berpizkunde arteko estiloan egina, gurutze latindarreko hiru nabe ditu. Barruan zutabeak, triforioa, gurutzeriako sabaia eta erretaula nagusia nabarmentzen dira. Azkenik, bisitaldia La Canilla Pasealekuan buka dezakegu, lau urtaroak irudikatzen dituzten estatuen inguruan.

Herrialdea
Bilbora
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak

Bizkaia
14 km.
35 m.
53.699
%11
6 km2
8.951 bizt./km2
San Antonio (ekainak 13)
San Roque (abuztuak 16)
San Nikolas (urriak 9)

 

 

 


 

GETXO

Getxok Nerbioi itsasadarraren hasierako eskuinaldea betetzen du, eta Bilbotik kilometro gutxira dagoenez, iazko mendetik bertako “egoitza-auzo”rik ezagunena bihurtu da. Izan ere, XIXtik aurrera eta batik bat XX.aren hasieran Getxo jauregiz eta etxe ederrez betetzen hasi zen, batez ere Neguri aldea, hiri hau Bizkaiko dotoreenetakoa bihurtuz.

FISONOMIA ETA HISTORIA

Getxo nortasun propioa eta berezia duten auzotan banatuta dagoela esan behar da: Areeta (Bilbotik hurbilena), alboan Erromo, Neguri aberatsa, Algorta (hiriko erdigunea) eta Andre Maria (sorburua). Harantzago Galea lurmuturra dugu.

Hiria Andre Mariaren Monasterioaren inguruan (XII.az geroztik parrokia) sortu zen, eta nekazariz eta arrantzalez populatua egon da. Bilboko portuaren jarduerak ugaritzearekin batera, Algortako auzunea ere garatzen eta indartzen joango da, Andre Maria 1779an berreraikitzen zuten bitartean. XIX.etik aurrera turismoa agertuko da, eta horrekin batera, uda pasatzeko bigarren etxeak eraikitzen hasiko da burgesia. Horrela, askok Getxo aukeratuko dute.

Areetako auzunea sortzeak horretan lagundu zuen, bertan txaletak eta udako etxeak altxatu zirelako. Era berean, komunikazioak ere hobetu egin ziren (Bizkaia Zubia 1893an inauguratu zen). Portua handitzean, Areetako hondartza desagertu eta bainu-zonaldea ere lekuz aldatuko da, oraingo honetan Neguriko auzo dotorea jaioz.

IKUSTEKOAK

Bizkaia Zubiak Nerbioi itsasadarraren bi aldeak lotzen ditu, Portugalete eta Areeta hain zuzen. 1893an egina, munduko lehen zintzilikako zubia izan zen, eta itsasontziei oztoporik jarriko ez zien lotura bat eraikitzeko arazoa konpondu zuen. Zubiko Enparantza atseginetik ezkerrerantz, Areetako Etorbidearen erdian Andre Mari Mesedeetakoaren eliza dugu, bertan Euskal Autonomia Elkarteko organorik handiena dugula.

Nerbioirantz itzuliz, berau amaitzen den ertzean, Txurrukaren omenez egindako Oroigarri handi eta ikusgarria agertzen zaigu; kanpoaldeko portua birmoldatu zuen gizonari eskainia, lurraren eta itsasoaren arteko borroka irudikatu nahi du. Bertatik hasten den hondartza gaineko pasealekuan zehar, edota atzeko Zugazarte kalean zehar, estilo ezberdinetako etxe eta jauregi ederren artean ibiltzen hasiko gara: Itxas-Begi, Bake Eder...

Hala ere, hoberena Negurira ailegatzean topatuko dugu, batez ere Arriluze Pasealekuaren gainean dugun jauregi zoragarrien bilduma: Eguzki Alde (Asuako kaminoarekiko kantoian, 1918koa), eta bata bestearen ondoan, Lezama Legizamon (lorategiekin batera osotasun zoragarria, leku ezin hobean), Aizgoyen eta Arriluze.

Pasealekua amaitzean harresiak eta Naufragos Etxe-itsasargi bitxia (arkuen gainetik sortzen den baserri modukoa) ditugu, Ereaga hondartza hasten den lekuan. Puntu honetan Kirol Portuaren ondotik, Abra Badiaren erdi-erdian dagoen itsasargiraino ailegatu gaitezke.

Honen erdian dagoen Ereagako Jaispidetik igo eta Algortako Etorbidean ezkerretara eginez, Algorta auzoan dagoen Udaletxe aldera iritsiko gara. Urre koloreko hondar harlanduz eginiko eraikin honen ezkerrean Loiolako San Inazioren eliza neorromantikoa eta eskuinean ingeles estiloko Santa Klara Jauregi eder-ederra aurkituko ditugu.

San Inazioren azpian jaiotzen den Miramar kalea hartuz (oso bista politak dituena), Maria Kristina Parkea igaro eta handik gutxira, Algortako Portu Zaharrera jaitsi ahal izango gara. Portu Zahar honen kaletxo estu eta aldapatsuak arrantzale-etxe zurixka eta atseginen artean doaz beherantz, Getxo “ezberdin” bat erakutsiz.

Alboan dugun Usategi Parketik berriz ere San Nicolas (neoklasikoa) eta Aita Trinitarien (erromaniko itxurakoa) elizetaraino igo gaitezke, eta bertan ezker aldetik, Arrigunaga hondartzaraino jaitsi. Honen eskuinean Galea muturraren labar zurixkak eta zoragarriak ditugu ikusgai. Andre Mari eliza labarren hasieratik gertu dago. Gaur egun ikusiko duguna batik bat XVII.eko erromanikoa da, baina XII.eko antzinako tenpluaren hondar batzuk gordetzen ditu. Bertatik hurbil, Aingeru Jagolearen baseliza dugu.

GALEAKO MUTURRA

Abiapuntuan, Andre Maritik hurbil eta labarren gainetik gailentzen dela, Aixerrota dugu, XVIII. mendean altxatu eta gaur luxuzko jatetxe dena. Labarraren gainetik doan bidezidorretako bat hartuz, Abra, Portua eta Ezkerraldeko zein Eskuinaldeko ikustaldi paregabeez gozatzeko aukera izango dugu, paisaia industriala eta naturalaren nahasketa behatzeko aukera.

Bidearen azkenaldera Printzearen Gaztelua edo Gotorleku Zaharra geratzen da. Tamalez, XVIII. mendeko eraikin-multzo interesgarri hau (harresiak, luebakia, zubi altxagarria eta dorre biribila) egoera negargarrian dago.

AIZKORRI HONDARTZA

Galea lur muturrean bertan dugun aparkalekutik (ikus ibilbidea), oinezkoentzat prestaturik dagoen Galeako Bidea hasten da (harrizko baldosaz egina dago), laua eta oso erraza. Hala ere, guk nahiago dugu jendearen ibilian ibiliaz sortzen joan diren bidezidorrei jarraitu, labarretatik edo erlaitzetik hurbilago goazelako, eta beraz, bistak are zoragarriagoak izango direlako. Itsaso zabala ezkerrean dugula, gehienez ordu erdira, Aizkorri hondartza edo kalaren goialderaino iritsiko gara.

Euskal Herrian merezi duena baino askoz ezezagunagoa den hondartza basati honek lehenengoz ikustean txundituta utziko zaituzte. Eta itsasbeheran teatro natural erraldoi hau bisitatzeko aukera baduzue, itzultzeko irrikitan egongo zarete.

Gogorik izanez gero, uretaraino bidezidor batetik jaisteko aukera dago, eta berriz ere igo ostean, gure ibilera Sopelaraino luza dezakegu, Gorrondatxe eta Barinatxe (“Basatia”) hondartzak bisitatuz. Edo bestela, labarren gainean eseri, mugarik gabeko itsasoari begira olatuen zurrumurrua entzun eta gure kostaldeko beste mirari horietako bat behatuz, minutuak eta orduak pasatzen utzi ditzakegu...

Herrialdea
Bilbora
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak

Bizkaia
15 km.
51 m.
83.461
%19
12 km2
6.955 bizt./km2
Jazzaldia (uztaila)
San Inazio (uztailak 31)
Portu Zaharra (abuztuak 10)
Andra Mari (abuztuak 15)
Folk Jaialdia (irailean)
Areeta (irailak 24)

 

 

 

 


Argazkiak

Portugaleteko Bizkaia zubia

Portugaleteko udaletxea

Galea lur muturra


Aizkorri kala

Orrialde nagusiraNerbioi itsasadarraNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403