Munduko politologo onenek kezka agertu dute esplikatu ezin duten fenomeno bitxi bat dela eta: Podemosek 38 ordu darama kideen artean ostiaka aritu gabe. Alderdi morean bertan ezinegona sortu du egoerak: “Etengabeko ika-mikak gure ezaugarri behinena dira, barne eztabaida sanoa baita kastako alderdi lasai horiengandik bereizten gaituen sor-marka, eta seguru baretasun susmagarri honek ez dakarrela ezer onik”, adierazi du Pablo Iglesiasen alderdiko Barne Ika-Miketarako arduradun P. Iglesiasek.

Haatik, berehala agertu dira Podemosen barruan aurreko tesiarekin bat ez datozenak. “Hainbeste desadostasun… uf, ez dakit ba, beti elkarri mokoka ibiltzeak irudi txarra ematen du, seguru kastako alderdi lasai horietan gutaz trufaka ari direla”, alderdiko Irudi On Batzordeko idazkari Pablo I.-ren berbetan.

Pablo Iglesias alderdiko buruak ez du gaiari buruzko adierazpenik egin nahi izan gaiaz. “Oso lanpetuta dabil Espainiaren batasuna segurtatzeko laguntzen eta ez dauka txorradetarako astirik”, zuritu du bere nagusiaren isiltasuna Podemoseko idazkari nagusiaren albokoak, ezetz izena igarri.