'Euskal pizkundea: zer behar dugu indarraldirako?' erreportajearen harira, sei eragile eta euskaltzaleri galdetu diegu pizkunde baterako elementu giltzarriak zein izango liratekeen. Malen Dominguez Zabala Telesforo Monzon euskal herrigintza laborategiko zuzendari exekutiboaren iritzi-artikulua da hau; irakurri gainerakoak hemen.
Abenduaren 27rako Euskalgintzaren Kontseiluak deitu duen ekitaldiak une historiko bat markatzen du: azken hamarkadetako ziklo politiko, sozial eta linguistikoaren agortzea, eta, aldi berean, aukera bat, euskararen biziberritzean jauzi kualitatiboa egiteko. “Pizkundea” deitu diote, baina pizkunde batek ez du soilik bultzada emozional edo sinbolikoa behar; norabide politiko eta sozial argia behar du, herri honek bere buruari egiten dion galdera potoloari erantzuteko: zertan eta nola berrasmatu behar dugu hizkuntza-politika, duela 40 urteko baldintzak errotik aldatu direnean?
Telesforo Monzon euskal herrigintza laborategiaren ikuspegitik, eta Txillardegi Gogoeta Gunean egiten ari garen lanetik abiatuta, gero eta ageriagoa da egungo markoaren mugak ez direla arazo operatibo hutsak; izaerazko mugak dira. Euskara normalizatzeko egitura juridiko-instituzionalak, eredu sozioekonomikoak eta eragin ideologikoek ez dute euskara herri-hizkuntza gisa biziberritzeko inertzia sortzen. Horregatik, pizkundearen klabe nagusia ez da soilik gehiago egitea, sakonki beste modu batean egitea baizik.
Lehen elementu estrategikoa subiranotasun linguistikoa da. Ez independentzia formala, baina bai hizkuntza-politikaren ildo nagusiak herri gisa erabakitzeko gaitasuna. Gaurko markoan –autonomia erkidego ezberdinek eta estatuaren arauketak baldintzatuta– zatikatuta eta modu desorekatuan garatzen da hizkuntza-politika. Hori gainditu gabe, nekez egin dezakegu bide kohesionaturik. Subiranotasun linguistikoak esan nahi du euskararen lurralde osoa kontuan hartzea, politika guztiak komunitatearen ikuspegitik diseinatzea eta eskumen maila guztien arteko estrategia bateratua eraikitzea.
Bigarren giltza normalizazioaren ikuspegi integral berria da. Duela hamarkada batzuk hezkuntza eta administrazioaren euskalduntzea izan zen ardatza; gaur, ordea, badakigu horrek ez duela bermatzen erabilera sozial masiboa, ez eta transmisio naturala ere. Aurrean dugun erronka da euskararen ekologia sozial osoa eraldatzea: lan mundua, espazio digitala, kultur industria berriak, hiri-inguruneak, eta, batez ere, gazteen aisialdi eta identitate kodeak. Euskararen aldeko borroka ez da soilik politikaren eremuan jokatzen; eguneroko bizitzaren eraldaketa sakonean dago gakoa.
Hirugarren elementua justizia linguistikoa da. Euskara ez dugu soilik defendatzen identitate komunitario gisa, baizik eta eskubide- eta berdintasun-arazo gisa. Herritarrek euskaraz bizitzeko duten eskubidea ez da oraindik erreala, eta euskararen aldeko politikak, askotan, aukerako politikatzat hartzen dira, ez oinarrizko eskubideak bermatzeko mekanismo gisa. Justizia linguistikoa printzipio politiko bilakatzen denean, euskararen aldeko neurriak ez dira salbuespen, baizik eta oinarrizko egituraren parte.
Laugarrenik, ezinbestekoa da herri-boterearen dimentsioa berriz kokatzea. Instituzioak beharrezkoak dira, baina azken urteetan instituzioen araberako euskalgintza nagusitu da, eta herri-eragileak albo batean geratzeko arriskua dago. Pizkunde batek ezin du soilik gobernuen borondatearen gain eraiki; komunitate aktibo eta autonomo baten indarra behar du, euskara ez soilik helburu, baizik eta praktika politiko eta sozial partekatua bihurtzen duena.
Hizkuntza-boterea dimentsioari dagokionean, euskarak periferiatik botere guneetara salto egiteko beharra azpimarratu nahi dugu. Beste era batera esanda, euskal botereak/botereek euskaraz jardun beharra, eraldaketa demografikoen garaian ezinbestekoa izango baita herri honetara datozenek euskara eskailera sozialerako elementu gisara ikustea.
Eta azkenik, imajinario politiko berria behar dugu. Txillardegik berak zioen hizkuntza ez dela tresna neutroa, beste mundu baten atea baizik. Euskarak ez du soilik komunikazioa eraldatzen; mundua ulertzeko modua bera aldatzen du. Horregatik, pizkundea ezin da soilik teknikoa izan: herri proiektu baten berraktibazioa izan behar du, non euskara ez den elementu kulturala soilik, baizik eta etorkizun politikoaren giltza.
Abenduaren 27ko ekitaldiak aukera emango du gaitz kolektiboa eta itxaropen partekatua plazaratzeko. Baina benetako galdera beste bat da: prest al gaude hizkuntza-politika eta herrigintza logikak sakonki berrasmatzeko? Prest al gaude ohiko eremuetatik ateratzeko, eta euskara berriz ere herri baten zentro politiko bihurtzeko?
Pizkundea ez da lelo bat. Pizkundea erronka bat da. Eta erronka hori ate joka daukagu.
Malen Dominguez Zabala, Telesforo Monzon euskal herrigintza laborategiko zuzendari exekutiboa