Altri multinazionalak Europako zelulosa lantegi handienetakoa eraiki nahi du Galizian, Palas del Rei herrian, lyocell deituriko zuntz "jasangarria" ekoizteko. Eukaliptoak, ura, moda-industria indartsua eta oligarkia politiko diruzalea. Dena du alde horretarako. Dena? Ez, galiziarrak masiboki atera dira kalera proiektuaren kontra, ondotxo ikusi baitituzte Portugalen eragindako kalteak.
Irailaren 17an Jose María Castellano hil zen 78 urterekin, Madrilen. Akaso ARGIAren irakurleari ez dio ezer askorik esango izen horrek, baina galizierazko prentsa ezkertiar eta ekologistan berehala zabaldu zen albistea, baita medio kontserbadoreenetan ere. Castellano ez zen edonor, Galiziako negozioetan eta politikan igeri egiten inork baino hobeto zekien enpresari coruñarra baizik; Amancio Ortegak ere atsekabea adierazi du “Caste”-ren heriotzagatik, egin kontu.
El Salto hedabidearen Galiziako edizioan, Javier H. Rodríguezek artikulu nekrologiko batean marraztu du bere profila. 2005 urtera arte Inditex taldeko lehendakariorde eta kontseilari delegatu izandakoa, Castellanok dirutza irabazi zuen Arteixoko oihalgintza enpresa burtsara atera zenean. Hortik aurrera ate guztiak ireki zitzaizkion, izan La Voz de Galicia egunkari oroahaltsuan, Naturhousen dietetika frankizian edo, Alberto Nuñez Feijóo PPko buruzagi eta orduan Galiziako presidentearen eskutik, baita Nova Caixa Galicia bankuan ere.
Gaur egun beste alor batek lotzen zuen enpresaria sorterriko lurretara: Greenalia konpainiako akzioen %6 berea zen, Altri multinazionalak Galizian zelulosa lantegi erraldoi bat eraikitzeko “palanka moduan” funtzionatzen duena. “Inork ez zituen berak bezala ezagutzen Galiziako oligarkiaren zirrikituak eta kapitalismorik basatiena. Kontaktu egokia, beharrezko konplizitatea”, irakur dezakegu El Salto-n.
Altrik eta Greenaliak sozietate bat sortu dute elkarrekin, Greenfiber SL, eta haren bidez ari dira Gama Proiektua martxan jarri nahian Lugoko Palas del Rei herrian. Bertan, eukaliptotik ateratako zelulosaren bidez lyocell izeneko materiala ekoitzi nahi dute, arropak egiteko zuntz “jasangarri” bat, sarritan Tencel markarekin ere komertzializatu izan dena. Ingurura ez duela kimikorik isurtzen eta biodegradagarria dela, hori diote behinik behin, “biofabrika” bat izango dela.
Altrik eta Greenaliak sozietate bat sortu dute elkarrekin, Greenfiber SL, eta haren bidez ari dira Gama Proiektua martxan jarri nahian Lugoko Palas del Rei herrian. Bertan, eukaliptotik ateratako zelulosaren bidez lyocell izeneko materiala ekoitzi nahi dute, arropak egiteko zuntz “jasangarri” bat
Hitz hori paperean polita da, errealitatean ez hainbeste; proiektuak berdetik gutxi baitauka eta grisetik asko. Fernando Valladares biologian doktore eta ingurumen ikerlariak –hari buruz gehiago jakin nahi duenak jo dezake 2907. zenbakian egin genion elkarrizketara– oso ondo laburbildu ditu ekarriko lituzkeen kalteak Contexto atarian, Una injustificable irresponsabilidad (Arduragabekeria justifikaezina) izenburupean.
Altrik Palas del Rein eraiki nahi duen hori, Europako zuntz fabrika handiena litzateke eta 330 hektarea hartuko lituzke, ingurumen balio handia duen eta desagertzeko arriskuan dauden animalia espezie ugari bizi diren Ulloa eskualdean. Gainera, Lugoko probintzia osoak adina ur kontsumituko luke eta 40 kilometroko eremuari eragingo liokeen kontaminazio lainoa isuriko luke. “Suntsiketa ez da azpiegituraren ingurura mugatuko –dio Valladaresek–, Galiziako zati handi batera zabalduko da, plantan egunero erabiliko duten lehengaia dela-eta: eukaliptoa”.
Escuma da morte
Urtero 4.000 hektarea eukalipto prozesatuko dituzte Palas del Rein. Proiektuaren bultzatzaileek etengabe laudatzen dituzte zuhaitz espezie inbaditzaile horren onurak –ur gutxiago kontsumitzen duela eta antzeko gezur borobilak–, baina Galizian aspaldi jabetu ziren eukaliptadien ondorioez: lurra idortzen du, bioaniztasun kaltetu, eta sute gero eta handiagoak eragin, uda honetan bizitakoak bezalakoak.
Ez da harritzekoa, beraz, herritarrak masiboki ateratzea kalera protestan, 2024ko abenduaren 15ean Santiago de Compostelan egin modura: 100.000 lagun baino gehiago elkartu ziren Altri non lelopean. Prestige petrolio-ontziaren hondamendia salatzeko egindako 2002ko manifestazio historikoez geroztik, Galizian inoiz ikusi den jendetza handiena bildu zen, Ulloa Viva eta Arousa itsasadarren aldeko plataformek deituta.
Palas del Reiko plantaren kontrako borrokak sektore asko batu ditu, nola ekologistak, hala arrantzaleak. Egunero ez da ikusten 300 itsasontziz osatutako ontzidi bat Arousako itsasadarra alderik alde blokeatzen... Por unha ría viva (itsasadar bizi baten alde) aldarrikatu zuten bateeiro eta itsaskilariek, kutsadurak itsasadarraren heriotza ekarriko duelako haien esanetan.
Ez da esajerazioa, Portugalen ikusitakoa baizik. “Inpresionatzen du arrantzaleentzako babesleku ziren etxolak horrela ikustea, lan gehiago zegoen sasoietarako; ikustea bideoak hildako arrainekin, portugaldar ekologistek escuma da morte (heriotzaren aparra) deitu duten hori dutela”. Hala mintzo zaio Ana Loureiro kazetaria Nòs Diario egunkari galiziarrari, elkarrizketa batean. Delmi Álvarez argazkilariarekin batera ikerketa-erreportajea argitaratu du Sermos Galiza astekarian Altriren zelulosa plantaren inguruan eta Portugalen ere izan dira, multinazionalak herrialde hartan egindako barrabaskeriak ezagutzen.
Altrik papera produzitzeko plantak dituen Figueira da Foz, Constância eta Vila Velha de Ródão portugaldar herrietan. Azkenekoari Biotek izena jarri diote –bai, berriz ere ditxosozko “bio” hitz polita–, eta Loureirak dioenez, arrantzaleak izan ziren lehenak konturatzen Tajo ibaira hondakinak isurtzen ari zela: “Herritarren presioa izan zen Vila Velhako fabrika derrigortu zuena instalazioak hobetzera kutsadura gutxitzeko. Beste froga bat, erakusten duena mobilizio sozialik gabe ingurumen kontrola desagertu egiten dela”. Portugalen, eukaliptadi berriak ez landantzeko 2030 urte arteko moratoria onartu zuten.
“Inpresionatzen du arrantzaleentzako babesleku ziren etxolak horrela ikustea, lan gehiago zegoen sasoietarako; ikustea bideoak hildako arrainekin, portugaldar ekologistek escuma da morte (heriotzaren aparra) deitu duten hori dutela”
(Ana Loureiro, Sermos Galizako kazetaria)
Sermos Galiza-n gaia sakonean landu dute, titular handietatik haragoko arazoak baitakartza halako azpiegitura batek: "Uraren kontsumoa edo emisioak nabarmendu izan dira, baina badaude oharkabean igarotzen diren beste arazo batzuk, Ulloa ibaiaren egoera larria edo fabrika eraikitzeak ekarriko lukeen derrigorrezko espropiazio kopurua, adibidez", dio Loureirak.
Lyocell modako “bio” etiketaz lagunduta, Altrik eta enparauek lortu dute oraingoz aurrera egitea. 2025eko martxoan Galiziako Xuntak baiezkoa eman zion Ingurumen-Inpaktu Adierazpenari. Valladaresek arrazoi: arduragabekeria justifikaezina. Biologoak kontatu digu, mihi gaiztoek diotela, lyocell hitza Inditexeko zuzendari batek aipatu ziola lehen aldiz Xuntako presidente Feijoóri, duela bost urte. Geroztik, Inditex proiektutik aldendu da, itxuraz aldendu ere, Ortegak bere lagun "Caste"-ri bidalitako agur gutunak gogorarazten baitigu Galizian negozioak pouco a pouco josten direla.