Duela mende erdi frankismo gotorrenak bere aurkako ahotsak isilarazi nahi izan zituen ETAko eta FRAPeko bost militante hiltzen. 1975a zen, eta irailak 27 zituen. Baina alderantzizkoa lortu zuen, eta zenbaitek nahi luketenaren kontrara, askatasunaren aldeko borrokalari gisa iritsi dira guganaino. Xosé Humberto Baena Alonso, José Luis Sánchez Bravo, Ramón García Sanz, Angel Otaegi Etxeberria eta Jon Paredes Manot, Txiki. Hau da haien historia.
Sei bala sabelean, lau bularrean, bat buruan. Horrela hil zuten Jon Paredes Txiki ETA(pm)-ko kidea Cerdanyolako pinudi batean. Hamaika bala, ez denak batera, bata bestearen ondotik tiro eginda baizik, agonia luzatzeko. Azkenekoak kendu zion bizia forentseen arabera, graduazio altuagoko guardia zibil batek gertutik garondoan emandakoak: “Este no va a disparar más” (honek ez dik gehiago tirako), esan omen zuen. Ez zekiena zen, kakoa zapalduta, Txiki hil baina haren memoria gaur arte bizirik iraunarazten lagunduko zuela. Nire hortzetan itzaliko den azken antzia, beste batenetan loratuko den lehen irria izango da, irakur daiteke Zarauzko hilobian, Joxean Artzeren poeman.
Egun berean hil zituzten Angel Otaegi –hau ere ETA(pm)-koa– Burgoseko kartzelako patioan, eta Xosé Humberto Baena, José Luis Sánchez eta Ramón García FRAPeko kideak Hoyo de Manzanareseko tiro poligonoan, Madrilen.
Francok aurpegi zitalena erakutsita hiltzea erabaki zuen, hiltzen, hiltzen, hiltzen. Erregimena inoiz baino isolatuago zegoen, eta mugimendu antifrankista, aldiz, inoiz baino indartsuago. 1973an Carrero Blanco Espainiako presidentearen hilketarekin ETAk erakutsi zuen kapaz zela gobernua kolokan jartzeko, eta 1975ean, milien eta poli-milien arteko zatiketa gorabehera, bi adarrek ekintza ugari egin zituzten guardia zibilen eta salatarien kontra. Hilketak, salbuespen egoerak, atxiloketa masiboak, tortura sistematikoak. Hori zen giro politikoa duela 50 urteko Euskal Herrian.
1975eko fusilatzeez hamaika ikerketa eta kontakizun ditugu eskura gaur egun. Gu, aldiz, garai hartako bi liburutan oinarritu gara erreportaje hau osatzeko: Xabier Sánchez Erauskinen Txiki-Otaegi. El viento y las raices, Hordagok 1978an emana, eta Haizea eta Sustraiak elkarteak 2007an berrargitaratua; eta Pierre Celhay ezizenarekin Miguel Castellsek idatzitako Consejos de guerra en España. Fascismo contra Euskadi, Ruedo Ibericok 1976an argitaratua eta Aranzadi elkartearen eskutik iaz berriz ere publikatua. Biak ala biak ezinbestekoak dira historia hau ulertzeko. Horrez gain, Lazkaoko beneditarren artxiboko dokumentuak, orduko aldizkariak eta mementoko liburuak zein elkarrizketak ere sartu ditugu motxilan bidaia honetarako.
Txiki
1960ko hamarkadatik, eta oso denbora gutxian, Espainiako Estatuko beste lurraldeetatik 600.000 pertsona etorri ziren Euskal Herrira, bertan lan egin eta bizitzera, populazioaren %20 inguru –gaur egun beste %25 haien ondorengoak gara–. Txiki zen haietako bat. Vasco-extremeño, qué duro eres (Euskal-extremaduratarra, hi haiz gogorra hi!) esaten zioten bere torturatzaileek antza, kolpe eta kolpe artean. Inoiz ez zioten barkatu bere jatorria, bere azentua.
Jon Paredes Extremadurako Zalamea de la Serenan jaio zen 1954an, baina hamar urterekin aldatu zen Zarautzera familia osoarekin. Beste askoren bide bera egin zuten lan bila: markesek eta señoritoek herritik erauzitako jendea ziren, gerrako galtzaileak, kortetan bizitzen zaildutako nekazariak, nekazari pobre eta ondraduak.
Txikik mendizaletasunaren bidez konektatu zuen euskal giroarekin: “Jende guztiarekin oso ondo moldatzen zen”, azaldu zioten Sánchez Erauskini bere lagunek. Gazte alaia, mugitua, eskalatzailea, gorputzez txikia baina bihotzez handia. Lantegian eta mendi-taldean politizatu zen. Valentín Esnal, Txikiren laguna: “Mendiak gauza asko ulertzeko balio izan zigun, ez zen mendizaletasuna soilik. Esan nahi dudana da, gero denok konprometitu ginela modu batean edo bestean. Jon izan zen lehenengoa eta barrurago egin zuena”.
“Mendiak gauza asko ulertzeko balio izan zigun, ez mendizaletasuna soilik. Gero denok konprometitu ginen modu batean edo bestean. Jon izan zen lehenengoa eta barrurago egin zuena”
(Valentin Esnal, Txikiren laguna)
Lehenik EGIn militatu zuen, baina laster sartu zen ETAn. Zarautzen, Luis Gómez-Acebo bahitzea planeatu zuten, Pilar Borboikoaren senarra eta Juan Borboikoaren suhia zen, arrain lodi bat. Beste batzuekin auto bat lapurtzen ikusi zutenean desagertu zen Txiki herritik 1974an, klanestinitatera. Ipar Euskal Herrian, Goierrin, Donostian, eta azken hilabeteak Bartzelonan, Poliziak Iñaki Perez Beotegi Wilson-ekin batera atxilotu zuen arte Banco Bilbaoren sukurtsal baten atarian, dirudienez Mikel Lejarza El Lobo infiltratuak emandako informazioa medio poliziak egindako sarekadetan. 1975eko uztailaren 30a zen: “Tiroteo en las calles de Barcelona entre dos delincuentes, que fueron detenidos, y la policía” (Tiroketa Bartzelonako kaleetan, atxilotuak izan diren bi gaizkileren eta polizien artean) dio prentsa frankistak, despistatu nahian.
Otaegi
“Berez, Otaegi fusilatu bazuten, Euskadi erdia fusilatu beharko lukete”. Esaldi hori behin baino gehiagotan entzun zuen Sánchez Erauskinek Nuarbe aldean galdezka ibili zenean. Nuarben jaioa 1942an, Angel Otaegik Azpeitian egiten zuen bizia, han zituen lagunak eta lana. Txikitan pilotan eta dantzan aritutakoa, fabrikako langilea, arrantzan ere ibilia, euskaldun peto-petoa zen: “Herri guzti bat fusilatu nahi izan zuten”.
Baina Otaegi ez zen Euskal Herri idiliko batean bizi, oso kontziente zen frankismoaren zapalkuntza politikoaz: “Zeinek hartuko ditu metrailetak?” esaten zion lagun sindikalista bati. ETAko fronte militarrean kolaboratzen hasi zen.
1974ko apirilaren 3an ETAk Gregorio Posadas informazio zerbitzuetako guardia zibila eta eskualdean torturatzaile fama zuena hil zuen Azpeitian. La Voz de España-k, biharamunean: "Le introdujeron una metralleta por la ventanilla disparándole varias ráfagas" (Metraileta leihotik sartu eta hainbat tiro-segida eman zizkioten). Hortik lau hilabetera, Polizia Armatuak Donostiako kontrol batean Jose Antonio Garmendia atzeman zuela jakitean, Otaegik Hernanira ospa egitea erabakitzen du, berak lortu baitzien etxea Azpeitian Garmendiari eta bere komandoko kideei. Garmendia larri zauritu zuten buruan, eta ezer esateko gai ez bazen ere, Posadasen hilketaren ardura sinarazi zioten.
Arriskua pasata ikusi zuenean, Otaegi etxera itzuli zen, baina handik hiru hilabetera atxilotu zuten, 1974ko azaroaren 18an.
Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru kideen fusilatzeen 50. urteurrena hurbildu ahala, sinbolizatzen dutenaren inguruko eztabaida areagotu egin da. Uda honetan, abuztuan, Zarautzen urteurren hori gogoratzen zuen pankarta handia zabaldu zuten Santa Barbara mendiaren haitzean, eta udalak kentzeko agindu zuen. ETA politiko-militarreko bi kideak gogoratzen dituzten irudien kontrako beste eraso batzuk ere izan dira, Durangon kasu.
Horren harira Gogora institutuko zuzendari Alberto Alonsok esandakoak ez dira oharkabean igaro. PSE-EEko kidearen ustez Txikik eta Otaegik “indarkeria, terrorea eta beldurra” erabili zituzten eta ezin dira beste antifrankisten “zakuan” sartu: “Gauza bat da frankismoaren biktima izan zirela onartzea, bestea omentzea”, adierazi zion Europa Press agentziari. Hitz horiek harrabotsa sortu dute, ez dutelako nondik heldu. Akaso 1936an errepublikaren defentsan armak hartu zituztenak militar faxisten zaku berean sartu beharko lirateke? 1975eko urriko El Socialista aldizkariak, Alonsoren alderdiaren organo ofizialak, oso garbi bereizten zituen: borreroak alde batean –Franco, Arias Navarro, Juan Carlos Borboikoa, ministroak...–, bestean biktimak –bost fusilatuak–.
Bistan da Txiki eta Otaegi ETAkoak izateak deserosotasunak sortzen dizkietela gaur egun zenbaiti. Baina diktadurak hil zituen, diktaduraren zapalkuntzaren kontra borrokatu zirelako. Eta hori onartzea da biktima gisa aitortzeko lehen pausoa. Jon Mirena Landa EHUko Zigor Zuzenbideko katedradunak Berria-ko elkarrizketa batean azaldu duenez, memoria berme guztiak dituen egiaren gainean eraiki behar da, eta Estatuak egindako hilketak –ETAko kideenak barne– ez dira argitu, ezta judizialki ikertu ere.
Adibidez, Otaegiren sumarioa desagertuta dago eta senideek jarritako kereilak behin eta berriz artxibatu ditu espainiar justiziak. Carlos Fonseca kazetariak, Mañana cuando me maten (La esfera de los libros, 2015) liburuan dio artxibo militarretan FRAPekoen kontrako sententziak eskatzean, zentsuratutako dokumentuak jaso zituela, 40 urtera.
Frankismoak eta bere ondorengoek, beti estali nahi izan dituzte euren krimenak, berdin errepide-ondoko hobi komunetan edo tipexarekin. 1975eko fusilatzeekin lehen momentutik egin zuen hori: Txikiren gorpua ezin izan zuten Zarautzera eraman hiru hilabete igaro arte; Otaegiren amari guardia zibilek izkin egin zioten bidean hilotzarekin, Nuarbera gauez eta ilunpean eramateko; Xosé Humberto Baenaren gorpua esandakoa baino ordu batzuk lehenago eraman zuten Vigora, eta inor gabe lurperatu zuten Porreñoko hilerrian: “Beste lapurreta bat egin ziguten, hil eta gero”, zioen arreba Flor Baenak atsekabetuta Haizea eta sustraiak (Eguzki Bideoak, 2007) dokumentalean.
Salbuespen egoera
“Euskal Herriak bizi duen salbuespen egoera, ez da beste salbuespen egoera bat”, hala dio Noticias del País Vasco durante el estado de excepción buletinaren lehen zenbakiak, 1975eko maiatzaren 28an.
Salbuespen egoera apirilaren 25ean ezarri zuten agintari frankistek Bizkaian eta Gipuzkoan, eta ordutik, lurralde horiei buruzko informazio oro erreserbaturik zegoen. Blokeo horri erantzuteko sortu zuten buletina, Madrildik itzalpean idatzia. Panorama gogorra antzeman daiteke bere orrien bidez: “[Poliziaren ] biolentzia populazio zibil osoaren kontrakoa da”, irakur daiteke. Lehen 15 egunetan 2.000 atxilotu izan dira, eta “Bilboko zezen-plaza ere egokitu behar izan dute haiek hartzeko”.
Testuinguru horretan, erabateko kontrol eta zentsurak emandako inpunitatea aprobetxatuta, Burgosko fiskal militarrak Garmendia eta Otaegiren kontrako heriotza zigorra eskatzen du. Ez da kasualitatea, erregimenak indar erakustaldia egin nahi du. Baina elkartasun uholde batek piztuko ditu kaleak: “Salba ditzagun Garmendia eta Otaegi!”, diote han-hemen zabaldutako panfletoek.
“Denentzako errazioa egon dadila”
Bi kideak abuztuaren 28an epaituko dituzte Burgostik 12 kilometrora, Castrillo del Valeko Cid Campeador kuartel militarrean, apenas jenderik kabitzen den gela nano batean. Dozenaka lagun kanpoan geldituko dira, baita Otaegi eta Garmendiaren senideak ere. Juan Mari Bandres abokatuak Garmendiaren egoera gogoraraziko du: buruan jotako balak fisikoki eta psikikoki elbarrituta, “komatik irten zenetik inkomunikazio zorrotzean izan da, ziegan itxita, beste presoekin, senideekin eta abokatuekin inongo erlaziorik eduki gabe, ez ahoz ezta idatziz ere”. Soilik, Escrivá de Balaguerren Caminos liburua irakurtzen utzi diotela azaltzen du abokatuak, Lazkaoko artxiboan aurkitu dugun dokumentu batean.
Epaiketa fartsa bat da eta bost ordu eskasean sententzia emana dago: heriotza zigorra bientzat. Egun horretan eta hurrengoetan milaka langilek grebara joko dute eta tentsioak goia joko du kalean. Castellsen Consejos de Guerra en España liburuak, polizien irrati bidezko elkarrizketen transkripzioa dakar, frekuentzia modulatu debekatuetatik filtratua: “Hernanirantz goaz Zaragozako sekzioarekin. Txanda”, “Behar izanez gero ekin indar guztiekin. Txanda”, “30 defentsa puskatuta nahi ditut zero puntura itzultzen zaretenean. Txanda” –polizien borrak dira defentsa deitzen dituzten horiek–, “Ezinezkoa. Jadanik ez dago [ordezkatzeko] eta genero oso ona da, bai jotzen duenarentzat bai jasotzen duenarentzat: ez da erraza [puskatzea], ondo eusten dio. Txanda”, “Ba segi, segi: 44 defentsak puska eginda utzi arte. Bihar Madrili eskatuko dizkiogu gehiago lehenbailehen. Denentzako errazioa egon dadila, gaur ez dadila gastatzeaz inor libratu. Txanda”.
Errepresio basati horren gainetik, ordea, mobilizazioek ez dute etenik izango, jendeak beldurra galdu du. Zarautzen, esaterako, 2.000 lagunetik gora elkartuko dira hondartzan, eta turistak ateraraziko dituzte. Lazkaoko artxiboan irakurria: “Hilaren 29an gauza bera egingo dute, aurreko egunean baino jende gehiago bilduko da, baina Guardia Zibilak kargatu egingo du, hasieran fogeoko balekin eta gero benetakoekin, hainbat zauritu eraginda. 300 lagun atxilotu dituztela uste da”.
Epaiketa fartsa bat da eta bost ordu eskasean sententzia emana dago: heriotza zigorra. Milaka langilek grebara joko dute
Oraingoan, akatsik ez
Abuztu amaieran gobernuak “lege antiterrorista” berria onartu zuen, besteak beste heriotza zigorra zabaltzen zuena. Hala, hogei egunetan lau gerra kontseilu egin ziren: Garmendia eta Otaegiren kontrakoa, FRAP talde armatuko kideen kontrako bi, eta Jon Paredesen Txiki-rena. Guztira 11 heriotza zigor. Frankismoak oso ondo ikasi zituen 1970eko Burgoseko Prozesuaren lezioak eta oraingo honetan ez zuen makroepaiketarik egin. Castells: “1970ean haien akatsak aprobetxatu genituen. Baina 1975ean ez zuten akatsik egin, eta horrek epaiketak hausteko gaitasuna kendu zigun”.
Txikik ondotxo zekien piztiak zehazki bere burua nahi zuela, torturatu zuten lehen egunetik ulertu zuen hori, anaia Mikeli egun batzuetara aitortu zionez. Orduan, bere kontrako auzia banandu eta sumarísimo bihurtu zuten. Magda Oranich Txikiren abokatuak honela azaldu dio Miel A. Elustondori, berriki egindako elkarrizketan: “Ustezko delitu airean erraz epaitzeko moduko bat atera zuten sumario loditik” (ARGIA, 2.929 zk.). Ovidio Diaz Lopez polizia hiltzea leporatzen zioten, Bartzelonan, Banco Santanderreko bulego batean izandako tiroketan.
Epaiketan Txikik dena ukatu zuen, eta abokatuak saiatu ziren testiguen esanak zalantzan jartzen, prozesua luzatu nahian-edo. Izan ere, une berean Espainiako Ministroen Kontseilua zegoen elkartuta beste heriotza zigorren inguruan erabakitzeko, eta denborak garrantzitsuak ziren. Alferrik, hemen ere ordu gutxitara sententzia: “Fallamos que debemos condenar y condenamos al procesado Juan Paredes Manotas (a) ‘Txiki’ a la pena de muerte como responsable del apreciado delito de terrorismo (Terrorismo delituagatik heriotzara zigortzen dugu Juan Paredes Manotas prozesatua, ezinezez Txiki); hilketaren egilea bera denik ere ez zuen esaten.
1973/12/20 ETAk Carrero Blanco hil zuen. Carlos Arias Navarrok ordezkatuko du. Frankismoaren jarraipena.
1974/04/23 Gregorio Posadas guardia zibila eta informazio zerbitzuetako agentearen hilketa Azpeitian.
1974/08/12 Jon Paredes Txiki-k ihes egiten du. Klandestinitate garaia.
1974/08/28 José Mari Arruabarrena eta Jose Antonio Garmendia ETAko kideen atxiloketa Donostian, larri zaurituak Poliziaren tiroen ondorioz. Garmendiari Posadasen hilketa egotziko diote.
1974/10/29 Milien eta polimilien arteko banaketa ETAn. Salatarien eta estatuko indar armatuen kontrako ekintzak areagotuko dituzte.
1974/11/15 Angel Otaegi atxilotua, Posadasen hilketan kolaboratzea egotzita. Martutenen ingresatuko dute, gero Burgosen.
1974/12/11 Greba orokor erraldoia Hego Euskal Herrian preso politikoekin elkartasunean eta lan-gatazken ondorioz. Kaleratze masiboak eta isunak.
1975/03/30 Aberri Egun bateratua Gernikan. Errepresio bortitza.
1975/04/25 Erregimenak salbuespen egoera ezarriko du Gipuzkoan eta Bizkaian. Hiru hilabetetan sei hildako eta 4.000 atxilotu.
1975/06/11 Salbuespen egoeraren eta Garmendia eta Otaegiren epaiketaren kontrako borroka eguna.
1975/07/30 Txiki atxilotua Bartzelonan, Wilson-ekin batera.
1975/08/28 Garmendia eta Otaegi gerra kontseiluan epaituak. Grebak eta mobilizazioak edonon.
1975/09/11 FRAPeko kideen kontrako lehen gerra kontseilua. Greba orokorra Euskal Herrian.
1975/09/19 Txikiren kontrako gerra kontseilua. Aurreko egunean FRAPeko beste bost kideren kontrakoa egin zen.
1975/09/27 Erregimen frankistak ETAko eta FRAPeko bost militanteak fusilatu zituen. Protesta masiboak eta istiluak Euskal Herrian eta Europa osoan.
1975/11/20 Franco hil zen, ohean. Juan Carlos Borboikoa Espainiako estatuburu.
Herrien elkartasuna eta azken hitza
Hortik aurrera abokatuek ezin izan zuten ezer gehiago egin, garrotearekin hil beharrean fusilatua izatea eskatzea baino ez. Oranichek kontatu digunez, epaiketa amaitzean Txikik Antonia María Manotas ama ikusi ahal izan zuen tarte laburrez, eta hala esan zion: “Euskaldun guztiak zeure seme dituzu, ama!”.
Ministroen Kontseiluak irailaren 26an eman zuen hamaika zigortuetatik bostentzako enterado-a edo baieztapena. Denak hurrengo egunean hiltzea zen asmoa, irailaren 27an. Ordurako Euskal Herria soilik ez, Europako hiri asko ere sutan dira. Lisboan, Parisen, Bruselan, Ankaran, Erroman... manifestariek espainiar enbaxadei eraso egingo diete eta istiluak izango dira toki askotan. Erregimenak, aldiz, sorgor jarraitzen du: “Kanpaina antiespainolista besterik ez da”, dio bunkerrean sartuta.
Egun horretan Castells Txikirekin egon zen Model kartzelan, eta orduan pasa ahal izan zion, ezkutuan, bere eskuz liburu zahar baten orrialdeetan idatzitako gutuna: “Herriak eta munduko herrien elkartasunak dute azken hitza”, dio sinaduraren alboan. Biharamunean egunsentian hilko dute, Mikel Paredes anaiak egindako garaipen ikurrari irribarre batekin erantzun eta hiltzaileei begira Eusko Gudariak abesten ari dela. Sei bala sabelean, lau bularrean, bat buruan.
"Testiguek bat egiten zuten, Tupa [Garmendia] ez zela izan, esatean Posadas Zurronen aurka disparatu zuena; baina berdin da. 12 urteko testigu baten negarrak gutxiago ere aldatu dezake Fasismoak erabakita daukan asmoa. Hil egin behar du"
(Kartzelak, 1975eko urria)
"Hautapen hau, ez indarrarena, baizik eta ahuldadearen froga bat da (...) erregimena bakarrik dago, geroz eta bakar eta isolatuago"
(Hautsi, 1975eko urria)
"Poliziak jendea zirikatzen du kaletan, detenituak pilaka dira, karnetak kendu egiten ditu eta, edozein aitzaki dela medio, tiroka hasten da"
(Batasuna eta burruka, 1975eko azaroa)
"Uste zutenek salbuespen egoerarekin gure herria isiliraziko zutela... ustekabe ederra hartu dute!"
(Noticias del pais vasco durante el estado de excepción, 1975eko ekaina)