Donostia, 1960. Fermin Leizaola 16 urteko gazteak San Telmo Museoan zegoen Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkaritzara jo zuen, bertako Espeleologia Sailean aritzeko prest.
Ez zen San Telmora egiten zuen lehen bisita izan; 1975eko ekainean Zeruko Argia-rekin egindako elkarrizketa batean esan zuenez, “San Telmo Museoa ederki baino ederkiago ezagutzen nuen, tipi tipitatik hasita, zeren ia igandero museora joaten nintzen hango gauza harrigarriak ikustera”. Eta museora joaten ez zenetan mendira joan ohi zen, Uliara gehienetan, harriak biltzera, mineralogiak erakarrita. Isidro Odriozola irakasleak erakutsi zion bildutakoa sailkatzen, eta aitak emandako liburuek eta laborategiko materialek ere lagundu zioten. “Hamairuren bat urte nituela lehen analisi kualitatiboak aurrera eraman nituen”.
Hiru urte geroago espeleologiak liluratuta hurbildu zen Leizaola Aranzadira. “Noiz helduko ote nintzen nire amets guztien gailurrera, hots Aranzadi Taldeko Espeleologia sailean lana egiten zutenekin harremanetan jartzera?”. San Telmora hurbildu zen egun hartan ez zuen ametsa bete, Antonio Arratibel idazkariak gustatu ez zitzaion erantzuna eman baitzion: Aranzadiko Espeleologia Saila geldirik zegoen.
Arkeologiaren mundu berria
Baina handik egun gutxira Historiaurreko Sailaren biltzarra egingo zutela eta hurbiltzeko gonbitea egin zion Arratibelek, baita Leizaolak pozik onartu ere. “Gure maisu eta jakintsu galanta den Joxe Miel Barandiaran zegoen mahaiburuan (…) biltzarre hartan beste mundu berri batetan sartu nintzela konturatu nintzen. Mundu hura ere, oso interesgarria zela pentsatu nuen”, esan zuen duela 50 urte.
Eta bere ametsa betetzeari ekin zion orduan: deialdi bat egin eta hamahiru lagunekin Aranzadiko Espeleologia Saila berpiztu zuen. Jesus Elosegik abiatutako Gipuzkoako katalogo espeleologikoa osatzeari ekin zioten. 250 haitzulo baino gehiago aztertu zituen donostiarrak
Espeolologia talderik ezean, arkeologia lanetan parte hartzeko baimena eskatu zien mutikoak. Hiru urte eman zituen Aranzadiko arkeologoekin lanean, tarteka indusketetan parte hartzen, baina, nagusiki, ia egunero, ikastetxetik atera eta gaueko hamarrak ingurura arte aztarnategietan topatutako objektuak garbitzen eta sailkatzen.
Eta bere ametsa betetzeari ekin zion orduan: deialdi bat egin eta hamahiru lagunekin Aranzadiko Espeleologia Saila berpiztu zuen. Jesus Elosegik abiatutako Gipuzkoako katalogo espeleologikoa osatzeari ekin zioten. 250 haitzulo baino gehiago aztertu zituen donostiarrak, eta 150 intsektu espezie jaso zituen, entomologia ere interesgune baitzuen. Baina bildutako guztien artetik, Leizaolak ez zuen lortu bi intsektu sailkatzea: “Bi hauek Kataluniako Francisco Espanol Col naturalista jakintsuari bidali genizkion. Honek zionez, espezie berri bat bilatu nuen eta izen hau jarri zion: Aranzadiella Leizaolai”.
Iaz 4.500 bat objekturen dohaintza egin zion Gipuzkoako Foru Aldundiko Gordailuari, eta 45 urtez Aranzadiko Etnografia saileko zuzendari izan zen
Artzainen deia
Kobazuloei buruzko informazio bila, Leizaola kalekumea inguruko baserritarrei eta artzainei galdezka aritzen zen, eta, Espeleologia Sail berpiztuak bere beharrik ez zuela ikusirik, etnografiara hurbildu zuen interes berri horrek. Artzantzaren egoerak kezkatu zuen bereziki: "Nongo eta zein aldaketak justifikatu lezake gure eta beste herri batzutako bizimodu eta ohitura zaharrak erabat ahaztea, ezerezko ilunean amildu arte? (...) Hoien bizimodua eta ohiturak, gero eta gehiago, galtzen ari ziren; hori dena galdu baino lehen, jasotzeko gogoa sortu zitzaidan”. Eta bai ederki jaso ere. Iaz 4.500 bat objekturen dohaintza egin zion Gipuzkoako Foru Aldundiko Gordailuari, eta 45 urtez Aranzadiko Etnografia saileko zuzendari izan zen.
Fermin Leizaola ekainaren 16an hil da 81 urterekin, espeleologiaren ametsa aserik. Baina bere jakinmina aseezina zen, eta jakinminak zabaltzen zizkion mundu guztiak oso interesgarriak zirela pentsatzen zuen.