Gizakiontzat ez da inoiz erraza izan lasai pentsatzeko denbora tarte luzeak hartzea, bizimodua aurrera ateratzearen ardurarekin bizi gara, bai geurea zein geure ondorengoena. Bizitzeko izan dugun aukera honetan, ahalik eta ongien nahi ditugu gauzak egin. Ardura horiengatik, beharbada, irakasle eta politikari askorentzat hezkuntzan teknologia sartzeak ikasleei lagunduko die mundua zelan funtzionatzen duen hobeto ulertzen eta bizitza on baterako aukera gehiago sortzen. Baina badira ikasleak ahaldunduko dituzten teknologiak eta ikasleak zapalduko dituzten teknologiak. Irakasleek eta gizarteak modu kritikoan hezkuntzaren digitalizazioaz hitz egiten dutenean, ardura horrekin egiten dute. Ez da teknologiarekiko beldurra.
Mikel Garcia Idiakezek ARGIAn kaleraturiko artikulu batean (Ikasgeletan mugikorra erabiltzeari buruzko eztabaida prozesua iragarri du Jaurlaritzak), politikariek diote irakasleak ez direla adimen artifizialaren beldur izan behar. Nik, guraso bezala, hezkuntza komunitatearen baitan ez dut beldurra ikusten, gauzak ondo egiteko ardura baizik. Irakasleak pertsonak hezten ari dira, hogeinaka bakoitzeko, geure gizartean bizitza on baterako pertsona bat heztea den prozesu konplexuarekin, eta hori egitura oso zurrun baten baitan, non ikasleek, hainbeste eta hainbeste berezitasunekin, eserita egon behar duten ordu asko.
Adimen artifizialak mundu ikuskerari forma eman diezaiokeela frogatzeko, Massachusetts Institute of Technology unibertsitatean debunkbot.com chatbota sortu dute. Oso proiektu interesgarria da, buloei eta konspirazio teoriei datuen bidez aurre egiteko sortua. Baina teknologia hauxe bera erabili dezakete eztabaidaren beste aldean daudenek ere, beste mundu ikuskera bat bultzatzeko. Panorama hau ikusita, gure ikasleek eta gizarteak irakasleengandik behar dutena ez dut uste denik pantaila bitartekari duen teknologia ororen erabilera ezagutzea, baizik eta ikasleak errealitateaz modu kritikoan pentsatzera hurbilduko dituzten inguruak sortzea, euren mundu ikuskera eraikitzeko harremanak eta ezagutza sortzera bideraturikoa.