argia.eus
INPRIMATU
Banku publikoengandik ikasten: Bank of North Dakota
Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 0000ko ren 00a

Beste alternatiba batzuk badaudela aldarrikatzen dute zor bidegabea abolitzeko sare herritarrek edo finantza etikoen inguruko elkarteek. Ez gara hemen hasiko finantza zerbitzu kooperatiba eraldatzaile bat zer den azaltzen, horretarako irakurleak nahikoa luke Koop57ri buruzko ARGIAren kanalera sartzea. Banku etikoak ere badaude, gurean Fiare eta La Nef dira ezagunenetakoak.

'Nonpartisan Leader', NPL plataformaren egunkariko azala 1919an. Argazkia: 'Jacobin' / Wikimedia Commons

Baina seguruenik, banku publikoak dira historia luzeena eta esperientzia handiena dutenak –Euskal Herrian aurrezki kutxak ziren gisan, banku-fundazio bilakatu eta kontrol soziopolitikorik gabeko patronatuen esku utzi zituzten arte–. Europan eta mundu zabalean banku publikoen eredu asko daude, eta adibide bitxiena dolarraren paradisuan aurkitu dezakegu, AEBen Midwest-ean, Ipar Dakotan.

1919an nekazari mugimendu zabal batek sortua, Bank of North Dakotak AEBetako populismoan du jatorria –populismoa ezkerreko aldarrikapena zen garaian–, Thomas Frank historialariak Jacobin-eko elkarrizketa batean azaldu duen gisan. AEBetako aldizkari ezkertiar horretan bertan aurkitu dugu bankuaren historiari buruzko informazio xehea dakarren beste artikulu bat, Michael Lansing-ek idatzia: North Dakota has the country’s oldest Public Bank. We should look to it as a model (North Dakotak herrialdeko banku publiko zaharrena du. Eredu bezala hartu beharko genuke)

Lansingek dio bankua sortu zela zerealekin zeuden praktika predatzaileei jatorri ugaritako nekazari migratzaileek emandako erantzun gisa. Garia Minneapolisera bidali eta bueltan apenas zetorkien ezer. NPL (Liga ez Alderdikoia) izeneko plataforma sortu zuten lehenik, eta hortik botere gehiago lortu eta enpresa handiekiko alternatiba publikoak eraikitzen hasi ziren: estatuaren jabetzako ale igogailu bat, irin-errota bat… eta bankua. Ipar Dakotakoa ez zen lehen estatu-bankua izan, “baina jendeari finantza zerbitzuak emateko behetik goranzko mugimendu batetik sorturiko halako erakunde batek bide berriak ireki zituen”, dio Jacobin-eko artikulugileak.

1929ko krakean, nekazariak milioika dolarreko kredituekin lagundu zituen Bank of North Dakotak. Bigarren Mundu Gerraren ostean estatuaren funtsak hornitu zituen, geroago, milaka ikasleri mailegu merkeak eman zizkien unibertsitatera joan zitezen, eta 1980ko hamarkadako nekazal krisian, tokiko garapenerako proiektu ugari babestu zituen.

Ipar Dakota AEBetako estatu aberatsenetako bat da egun, eta hein handi batean banku publikoak zerikusia du horrekin. Baina dena ez da lausengu: Ipar Dakota  errepublikarren gotorleku bihurtu da eta banku publikoak norabide kezkagarria hartu duela dio Lansingek. Esaterako, Standing Rockeko Dakota Access oliobidearen kontrako protestetan, jatorrizko herriak zapaltzeko urgentziazko maileguak eman zizkien agintariei, poliziak eta mertzenarioak ordaintzeko dirua eduki zezaten. Kontuz beraz, ez daigun piztia ardi narruz mozorrotuta etxera sartzen utzi.